Joan den apirilaren 5eko goizeko 10:30ean Aitor Arruti Rezabal Maxixatzeneko kidea kulturako teknikari arduradunarekin elkartu zen, Matxinadaren 250. urteurrenaren antolatzaile diren Azpeitiko Kultur Mahaia eta Maxixatzen Euskaldunon Elkartearen izenean. Azpeitiko Kultur Mahaiko teknikaria ere bileran izatekoa zen arren, azkenean ez zuen bertaratzerik izan.
Bileraren helburu nagusia Azkoitiko Udalak proiektuarekin bat egitea zen. Artean erabat osatu gabe zegoen egitarau osoaren berri eman zion Aitorrek teknikariari, eta azaldu gure nahia Azkoitiko Udalak egitasmoarekin bat egitea zela; are gehiago, Azpeitiko Udalak proiektuari babes osoa eman ondoren. Handik astebete pasatxora egitekoa zen aurkezpenean Udaleko ordezkariren bat izatea nahi genuela ere esan zion.
Handik bi egunera, apirilaren 7an, kultura teknikariak deitu zion Maxixatzeneko kide Naroa Olalderi, eta adierazi Udalak egitasmoa ez babestea erabaki zuela, baina, hala ere, prest zeudela unean-uneko diru-laguntzak emateko. Atsekabez hartu genuen berria, eta, proiektuan Azkoitiko erakunde bakarra izanik, aurrera jarraitu dugu ekitaldiak antolatzen.
Gure iritziz, egokia da herritar guztiek historia osorik ezagutzeko aukera izatea, berdin orain dela 250 urtekoa eta gaur egungoa, eta iritzi horrek gidatu ditu gure pausoak ekimen honetan. Euskal kultura eta euskara bere herrian bizi dadin ari gara lanean, bai Matxinadaren urteurrena bere baitan jaso duten Maiatzeko Lorak jardunaldietan, bai udazkeneko Orbel Joko jendetsuetan, eta baita gainerako lan-ildo guztietan ere.