Hizkuntzan ere, kirol hezitzaileak haurren eredu

Argian kaleratutako erreportajea:

Kirola D ereduan, noizko? Nork eta zer egin genezake gazteen euskarazko kirol jarduna ziurtatzeko? Galdera horien bueltan antolatu zituzten apirilaren 21 eta 22an Udaleko Euskara Zerbitzuen Topaketak Lasarte-Orian (Gipuzkoa). Hezkuntza arautuan euskarari garrantzia ematen zaion modu berean hezkuntza ez arautuan ere euskara sustatzeko beharra azpimarratu dute. Izan ere, bereziki kirolak gazteen aisialdiko denbora zati handia okupatzen duela aintzat hartuta, euskaraz egiteko aukera bermatu beharra dago.

Horretarako hainbat jarraibide eman dituzte topaketetan, eta datozen lerroetan hiru adibide jaso ditugu: Burlatako Futbol Eskola, Irungo kirol eskola eta Arabako Foru Aldundiak aisialdia euskaraz sustatzeko egindako gida.

 

Burlatan, futbola euskaraz

Burlatan (Nafarroa), Burlatako Futbol Eskola sortu zuten hainbat gurasok 2009. urtean, kirola eta euskara eskutik helduta. Sortzaileek eta sustatzaileek azaldu dutenez orain arte Burlatan, eta Nafarroan orokorrean, euskarari lotutako politikak oso erasokorrak izan dira. Zailtasun ugari aurkitu dituzte bidean, baina gaur egun umeek euskaraz eta euskal giroan gozatzen dute futbolaz.

 “Burlatan, kirol bakoitzak bere kasa funtzionatzen du eta kirol patronatua da guztia koordinatzeaz arduratzen dena”, lehen ez zegoen aukerarik kirola euskaraz egiteko, eta egoera horren aurrean futbola euskaraz praktikatu ahal izateko borroka abiatu zuten 2004an; bost urteren ondoren lortu zuten azkenean Burlata Futbol Eskola. Ez da noski, herriko futbol talde bakarra. Aurretik ere bazegoen Burlades Futbol taldea herrian, zeinak gaztelania hutsean funtzionatzen duen. Bien arteko aldea nabarmena da: “Guk filosofia argia daukagu: Futbola euskaraz”.

Kirola euskaraz egiteko erabiltzen duten estrategiari dagokionean Burlata Futbol Eskolakoak bat datoz Larrañagarekin: “Umeak eroso sentitzea nahi dugu, ez dizkiegu gaizki esanak zuzentzen. Umeak eroso eta gustura sentitu behar du; helburua eremua babestea da”, azaldu dute.

Horrelako ekimen bat sortzeak denen parte-hartzea eskatzen du: hasieran ez zituzten diru laguntzak jasotzen, eta kirola euskaraz egin ahal izateko gehiago ordaindu behar izatea bidezkoa ez zela ondorioztatuta, beste leku batzuetatik lortu behar izaten zuten finantzazioa. Gaur egun, umeez gain, gurasoek, udalak, herriko komertzioek… ere laguntzen dute Burlatako Futbol Eskolak aurrera jarrai dezan: “Partaidetza nabarmena da partidetan, guraso asko aritzen dira laguntzen, taberna ere jartzen dugu, eta euskal musika bozgorailuetatik; oso giro polita sortzen da”.

Orain, Burlatako kirol patronatuaren baitan dago futbola euskaraz egiteko aukera, eta azaldu dutenez, harreman ona daukate gainerako kirol taldeekin. Horrez gain, Nafarroan euskaraz aritzen diren gainerako futbol taldeekin topaketak egiten dituzte; “umeak elkarren artean sozializatu eta euren arteko harremanak euskaraz sortzeko”.

Jarraitu artikulua irakurtzen. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide