Nola iritsiko dira hizkuntza minorizatuak, gurea barne, XXI. mendearen bukaerara? Iritsiko al dira bizirik?
Martxa honetan, gehienak ez. Guk baditugu indargune batzuk. Esan dezagun milaka hizkuntza minorizaturen txirrindulari tropelean portuan gora ihes egindako talde oso txiki batean gaudela, eta hortik askoz aurrerago, estatu-hizkuntzena ia beste karrera bat dela. Tropel handi horren egoera larria da. Baina zer egin nahi dugu orain eta hemen? Hori da kontua.
Urteak eman dituzu ikertzen. Zeintzuk dira gako nagusiak hizkuntza gutxitu baten biziberritze prozesuan?
Jakina da mende hau oso gogorra izango dela hizkuntza minorizatu guztiendako. Gure kasuan, gure biziberritze herren edo partzial honek badauka egitura bat. Badauka indargune bat familia-transmisioan, eta ezaugarri batzuk hizkuntzaren estandartzean, hezkuntzan egindako bidean, herri ekimenaren eta herri aginteen paperean... Nolabait esateko, badugu eskema bat, baina ikusi behar da beste herriek ze egitura ematen dioten beren biziberritze prozesu posible horri. Estatuei begiratzearekin soilik ez dugu ezer egiten. Bolivian, adibidez, hogeita hamar hizkuntza daude. Estatuak paper bat jokatu behar du, baina hiztun komunitateen barne indarren protagonismoa izango da hemen gakoetako bat.
Hiztun komunitate bakoitzak bere egoera izango du, bere ezaugarriak...? Desberdintasun handiak egongo dira.
Kasu ezberdinak daude, baina, aldi berean, korapilo bereko parte gara. Gehienek antzeko egitura duen problematika daukate. Kurdu batek eta kitxua batek berehala ulertzen dute elkarren ezina, eta bai estrategiak ere. Komunitate bakoitzak ikusi behar du bere biziberritzearen eskema edo egitura zein den, baina parteka daitezke esperientziak eta inspirazioak. Euskal Herrian eta Garabideko trukean inspiratuta, adibidez, prozesu interesgarriak ari dira martxan jartzen leku batzuetan. Lan honen inpaktua handia da, eta hori zerbaiten seinalea da: egoera oso larria dela, eta lankidetza honen ur tanta batek asko egiten duela.
Gurea baino egoera traumatikoagoan dauden errealitateak ezagutu dituzu zure bidaietan, eta trukea aldarrikatzen duzu. Truke horrek zein oinarri beharko lituzke?
Trukeak ikasketaren ideia du oinarrian. Trukatzen dugu ikasteko. Gero, gauza batzuekin kontuz ibili behar da. Garbi dago ikasketa asimetrikoa dela: ez dela neurri bera bi aldeetan ikasten dena, oso une desberdinetan gaudelako. Baina saiatu behar dugu trukea alde bietakoa izaten, denok ikasten. Gu ez gara eredu, hori garbi utzi behar da, eta, aldi berean, inspirazio izan gaitezke. Inspirazioa erreala da estrategia handi batzuetan, eta baita ehunka detaile, galdera eta ekinbide txikitan ere. Oreka zaila da. Eta trukearen beste baldintza bat: gure arteko konplizitate humanoa, adiskidetasuna, maitasuna.
Gu lehen mundukoak garen aldetik, desberdintasunak nabarmenagoak izango dira antzekotasunak baino, ezta?
Bai. Gu sistema sozioekonomikoaren onuradunak gara, klase ertaineko kontsumistak. Indigenekiko edo kurduekiko ezberdintasun kulturalak ere handiak dira. Baina, lanaz gainera, adiskidetasuna, etxea edo kezkak konpartitzen dituzunean, konturatzen zara asko partekatzen dugula haiekin. Eta hizkuntza ahul baten minak, bizipenak eta ilusioak berdintsuak dira. Hori da gure truke-lanaren gasolina.