Mende askotan euskaldunekiko begirune izpirik gabe erabili eta ezarri den hizkuntza politika errepresiboaren ondorioz euskara piramide sozialaren barreneraino azpiratua eta marjinatua izan da. Konparatiba horretan, Carlos Urquijo Espainiako suntsitzaileak eragindako mina ez da %0,002koa baino. Nafarroako Euskal Erresuman hegemonikoa eta monolitikoa zen hizkuntza populazioaren %11ko hiztunen kopururaino endekatua izan da, makurtua, baztertua. Eta nola hizkuntzen ekosistema ez den aseptikoa, ez da disneyland idiliko bat, harrapakin basatien oihana baizik, non espazioaren borroka krudela gertatzen den, erderak mintzo dituen %89 hori gure gainean daukagu, presio egiten piramidean gora egin ez dezagun. %89 horrek debekatzen baitigu guri, de facto, euskara mintzatzea, haietakoren bat gure artean sartzen denero, haietakoren bat mostradore atzean aurkitzen dugunero.
Izan ere, piramidea ez dago hutsik, hori da arazoa. Piramidean espainola dago, eta frantsesa; piramidean espainolak daude, eta frantsesak; piramidean Espainiako estatua dago, eta Frantziakoa; piramidean komunikabide espainolak daude, eta frantsesak, saldoka, zientoka. Botila ez erdi-bete, ez erdi-hutsik, leporaino dago betea, eta hektolitro askoren azpian gaude gu, aho-kolpe bortitzez airea hartu nahian, baina baita ere amore emateko geure burua konbentzitzen ezarian-ezarian.
Horregatik uste dut euskalgintzak, instituzionalak batik bat, pertzepzio arazo larriak dituela, edo bista klarua baldin badauka iruzur egiten ari zaigula. Eta larria dela diodanean ez da, soilik, alor etikora mugaturik, baizik eta euskalgintza herrikoia, kontzientziatua eta soldata urrikoa ere kutsatu egiten duelako etsairik gabeko bere errelatoarekin.