Koldo Zuazo: "Euskalkia galtzean galtzen da euskara"

Berrian egunkariak Koldo Zuazo (Eibar, Gipuzkoa, 1956) hizkuntzalaria elkarrizketatu du. Urteak daramatza euskara ikertzen Zuazok. Euskal Herriko hainbat herritan denboraldi bat igarotakoa da hango euskalkia ezagutzen, eta horren ondotik sortu du 'www.euskalkiak.eus' webgunea.

 

Hona hemen elkarrizketa zati bat:

Hainbat gauza daude webgunean: egungo euskalkiak, haien sorlekuak, euskara batua... Nola egin duzu bilketa hori?

Urte askotako lana da. Webgunean, gehienbat, ahozko euskararen aldarri bat egin nahi dugu, ikusten dugulako euskalkiaren egoera nahiko txarra dela eta inork ez duela ezer egiten horren alde. Eta euskalkia galtzean galtzen da euskara bera. Kontua ez da euskalkia galtzean euskara batua nagusitzen dela.

Euskara batuarekin bakarrik euskara ez da gai bizirik irauteko?

Euskara batua beharrezkoa da. Ikusi dugu sortu zenetik zer gauza onak ekarri dituen. Baina euskara batua hizkuntzaren zati bat da; euskaldun guztiok elkartzen garenean batak besteari erraz ulertzeko da. Baina hizkuntza ez da bakarrik hori. Hizkuntza da lagun artean egoteko; gure pozak, gure tristurak, gure haserreak, gure sentimenduak adierazteko. Eta, kasu horietan, gure euskalkia ateratzen zaigu. Jendeari kentzen badiogu euskalki hori eta euskara batua sartzen badiogu, gertatzen da gertatzen ari dena: euskara eskolako hizkuntzarekin lotzen duela jendeak, ingelesa balitz bezala. Eta ez dute erabiltzen.

Zer egin daiteke hori saihesteko?

Euskara batua ezin dugu egun batetik bestera sartu, eta ezin da modu berean sartu eremu erdaldunetan eta eremu euskaldunetan. Egunen batean denok ezagutu behar dugu, baina ezin dugu umeak lau urte dituenetik hasi hori irakasten. Herri euskaldunetan hoberena izango litzateke bertako euskalkitik abiatzea, eta, askotan, eskolak moztu egiten du aukera hori.

Gazteen artean euskara baturako joera bat ari da nagusitzen?

Askotan, euskara batuaren izenean, oso euskara arraroa egiten da. Nik duda egiten dut euskara ote den ere. Euskal Herri osoan ibili naiz, eta hitz hauek ez ditut inon entzun: esleitu, ekidin, ezaugarritu, harremandu, sukaldatu, burutzapen, bideragarri, ahalbidetu... Askotan ateratzen dudan ondorioa hau da: gaur egungo euskara ez ote den Marten-edo topatutako zerbait. Hizkuntza batek, jendeak erabiliko badu, oso gertukoa izan behar du; etxean ikasi duguna eta herrian entzuten duguna. Fernando Muniozgurenek esaten zuen «euskara afektiboa euskara efektiboa» dela.

Jarraitu irakurtzen Berria.eus-en.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide