Hona hemen Errigorako lan-taldeak bidali duen mezua, ekimenean parte hartu duten guztiei eskerrak emateko:
"Zorionak! Zorionak nola edo hala kanpaina honetan parte hartu duzuen guztioi!
Ziburutik Aramaiora, Bilbotik Iruñera edo Tuteratik Antzuolara, berriro ere 12.000 etxe baino gehiagotan egin dugu hartu eta emateko hautua. Oreretan 401 saski eskatu dituzte. 500 Gasteizen eta 214 Seaska federazioaren ikastoletan. Bilbon 955 eta 139 Ean. Leitzan 141 eta 585 Seguran.
Kanpaina aurreko bideoan lurraldea, ekoizpena, kontsumoa eta hizkuntza auzolanaren bidez lotuta, Errigorak poesia egin duela aipatzen zen. Agian bai. Agian egia izango da, izan ere, Arestik zioen moduan, "poesia mailu bat da, kontzientziak astintzeko tresna bat". Poetaren kasuan osagaiak kontzientzia eta hitza dira. Gurean, berriz, kontzientzia eta ekintza. Eta, hauek biak, maitale sutsuak dira; elkar topatzen dutenean munduko sastrakarik handiena erretzeko besteko txinpartak sortzen dituzte.
Horrexetaz ari gara, hain zuzen, ekintza txikiekin helburu handiak lortzeaz mintzatzen garenean. Filosofia horren isla da aurtengo kanpaina: gutako bakoitzaren ekintza txiki guzti horiekin 12.000 bertso baino gehiagoz osatutako poema sinfonikoa eskaini diogu Euskal Herriari, eta txartel-leihatilan jasotakotik 157.000€ Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara bideratuko dugu.
Guztion ahaleginari esker, Lodosa eta Vianako ikastolek bizirauteko ezinbesteko duten laguntza ekonomikoa jasoko dute; Erriberako AEKk ikasleentzako beka-fondoa handitu eta sustapen kanpaina bat gauzatzeko adina izango du eta, gainera, D eredua Nafarroa osora hedatzea xede duten dinamikak diruz laguntzeko ere emango du ekarpenak.
Baina euskarari emateaz gain, Nafarroa hegoaldeko ekoizpenari ere eman diogu bultzada. Atera kontuak: kanpaina honen lehenengo edizioa bi ekoizlerekin hasi genuen; herritarren erantzunari esker, ordea, oraingoan 15 izan dira euren produktuak eskaini dizkigutenak. Atera kontuak: 15 ekoizle ez dira 15 lagun, hauen atzean ehunka langile eta nakazari dago eta. Kontuek horrela jarraituz gero, gero eta ekoizle gehiago bilduko ditugu ekimenera. Horixe da gure asmoa.
Hau guztia, baina, auzolanari esker baino ez da posible. Ehunka herritan milaka lagunek egindako borondatezko lanari esker. Bere inguruan kanpainaren berri eman duenari esker. Ikastetxe, lantoki, elkarte, euskaltegi edo dena delakoan saskia eskatzeko zerrenda osatu duenari esker. Sare sozialetan zein komunikabideetan kanpainari hauspoa eman dionari esker. Kutxak muntatzeko antolatu dugun jai honetan parte hartu duenari esker. Banaketan furgonetarekin hara eta hona ibili denari esker edo, katean jarrita, kutxa hartu eta kutxa eman ibili denari esker. Zazpiak Bat, Sortzen, AEK, Ikastolen Elkartea eta Errigoraren arteko elkarlanari esker.
Zorionak eta eskerrik asko, beste behin ere, hartu eta emanez, gozamena eta elkartasuna parekatuz, auzolanaren balioa eta baliagarritasuna frogatzeagatik. Zorionak eta eskerrik asko ekintza txikiekin helburu handiak lor daitezkeela erakusteagatik. Itzela izan da"!