Liher Unanue: "Iaz 13.000 saski inguru saldu ziren eta datu horrek beraiei ikaragarrizko indarra ematen die, proiektuaren atzean jende asko dagoela ikusten baitute."

Liher Unanue (Lasarte, 1980) duela hiru urte sortu zen Errigora kanpainaren sustatzaileetako bat da. Uztarria.eus-ek berarekin hitz egin du proiektuaren nondik norakoak ezagutzeko. Eta guk hona ekarri dugu. Euskal Herria oinarri nahiz lanabes dituen kanpaina herritarra da Errigora, eta Nafarroa hegoaldeko euskalgintza bultzatzeko helburuarekin sortu zen. Ekimena aurrera eramateko Nafarroa hegoaldeko produktuekin eginiko saskiak saltzen dituzte, Euskal Herriko hainbat txokotan. Azkoitian ere hainbat puntutan eskatu dezakezue saskia.

Zer egiten duzue Errigoran?

Talde eragilea sei kidek osatzen dugu. Errigora duela hiru urte sortu zen ekimena da eta helburua euskara hizkuntza ofiziala ez den zonaldeetan euskara nahiz nekazaritza bultzatzea da. Bi horiek auzolanean egitea da gure hirugarren helburua.

Zerk bultzatu zuen Errigoraren sorrera?

Duela hiru urte Argia Ikastola diru behar ikaragarriarekin zegoela ikusita, Zazpiak batek eta Ikastolen Elkarteak lehenengo esperimentua egin zuten. Nafarroa hegoaldeko produktuekin saski bat osatu zuten eta hainbat herritako puntu ezberdinetan jarri zituzten saltzen.

Nafarroa hegoaldeko euskalgintzaren egoera ez dago bere onenean.

Baldintza kaxkarretan dago; diru laguntzarik ez daukate eta ikastoletan hitzarmenak oso justukoak dira. Ezintasun asko dauzkate bertako euskalgintza bultzatzeko. Ezinbestekoa dute beste herrialdeek eskainitako laguntza ekonomikoa nahiz babesa. Iaz guztira 13.000 saski inguru saldu ziren eta datu horrek beraiei ikaragarrizko indarra ematen diete, proiektuaren atzean jende asko dagoela ikusten baitute.

Lortutako dirua zein proiektuetara bideratzen duzue?

Gure kanpainan hiru eragilek hartzen dute parte: Ikastolen elkarteak, AEK-k eta Sortzenek. Lortutako dirua hiruren artean banatzen da. Ikastolen elkarteak bere zatia Lodosako eta Bianako ikastoletara bideratzen du, dituzten zorrekin laguntzeko helburuarekin. AEK-k aurreko urtean beka sistema bat jarri zuen abian eta hori mantendu nahi dute. Zangotza nahiz Nafarroa ekialdeko beste leku batzuei ere laguntzeko helburua du beka horrek. Sortzenek, berriz, Nafarroa hegoaldean D ereduan matrikulatzeko aukera sustatzeko kanpainak egingo ditu.

Elkarrizketa guztia uztarria.eus atarian.

Azkoitian saskia eskatzeko:

- Fitxa hau bete

- azkoitia@errigora.eus helbidera idatzita

- AEKra deituta (607 61 26 97).

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide