Jakina da ezinduentzat erreserbatuta egoten diren aparkalekuetan ezin dugula gure ibilgailua utzi eta jakina da baita arrazoia ere.
Lehenengo etortzen zaigun arrazoia agian «galarazita» dagoelako da, edo beste era batera esanda, sekulako isuna ipintzen dutelako.
Guk bigarrengo arrazoian nahiko genuke zentratu, benetakoan. Plaza horiek benetako beharra duten pertsonentzat gordeta egoten dira, ezgaitasuna duten pertsona batentzat leku batera joan edo ez joatearen ezberdintasuna definitu dezake horrelako plaza bat egoteak.
Horregatik eta zorionez gai hau gobernutik behar den seriotasunarekin hartu ohi da eta bertan ez dagokionak aparkatzea Segurtasun Sailak arau-hauste larri bezala kontsideratzen du (76. Artikulua “d” atala), dagokion diru-isuna 200€ delarik.
Marea Urdina Elkartean hainbat kide gara ezinduentzako txartela dugunak eta hainbat udalerritan geu izaten gara Udaltzaingoak ze zorroztasunekin (batzuetan gehiegi) araudia betearazten duten lekuko. Hona hemen gertuko bi adibide:
- Lehenengoa orain dela gutxikoa da, joan den asteburuan Gasteizko udaltzaingoak 200€ isuna jarri zion gure kideetako bati, ezinduen txartelean egoten den iraungitze data ez zelako ondo irakurtzen (txartela noski iraungi gabe zegoen)
- Beste kideetako baten kasua ere kontatzeko modukoa da, umea gaixo zuela Azpeitiko larrialdietara eraman zuenekoa. Ezinduentzako plazan aparkatu zuen baina txartela ahaztu zitzaion, nahiz eta umea txartelaren jabe izan udaltzaingoak 200€ isuna jarri zien.
Ezinduentzako aparkatzeko txartela |
Seriotasun honek, plaza horiekiko gizartearen kontzientziazioa eta errespetua ekarri du, zaila da gaur egun ezinduen txartelik gabeko autorik aparkaleku urdinetan ikustea eta oraindik eta zailagoa txartelaren iruzurrezko erabileraren bat izatea, benetan behar duenak erabiltzen baitu.
Baina, arau-haustea arauak bete arazten dituenak egiten duenean? Zer gertatzen da?
Nork isuntzen du isunak jartzen dituena?
Ez dezagun orain arte lortu dugun guztia horrelako adibide desegokiengatik galdu.
Ezinduentzako aparkalekua zabor edukiontziengatik okupatua Azkoitiko auzo batean |
Marea Urdina Elkartea