Herri ekimena martxan jarri genuenean gure baitan bazen asmo bat: autismoa duten pertsonen eta haien familien egunerokotasuna gizarteari erakustea. Helburua lortzeko egiteko modu bat proposatu genion geure buruari; bertsolariei egiten zaien moduan, guk gaia jarriko genion gure inguru hurbilari eta hark erantzun egin beharko zuen nahi zuen neurri eta doinuan.
Bakoitza beretik erantzun dezala izan da gure egiteko modua, ezer eskatu ez. «Zer egin dezaket laguntzeko?» galderari «zer dakizu egiten?» erantzun diogu behin eta berriz. Guk gureari ekin diogu, eta hurbildu den bakoitza beretik erantzuten saiatu da. Abarketatxo eta Artxamendi eredu izan ditugu horretan.
Marea Urdina zuek zarete erdiz erdi ulertu duzuelako ekimenaren arima. Herrian sortu den ekimen bat eskuetan hartu duzue, gaia aztertu eta landu duzue, zuen ludoteka eta topagunera hurbiltzen direnekin ekimen eta dinamika ezberdinen bidez autismoa zer den ulertarazten saiatu zarete. Hori gutxi ez, eta, gaur bertan hitzaldi bat antolatu duzue herritar ororentzat elkargunean —15:15-16:45—. Azken hori, gutunaren «izango duzue gure berri» amaierakoari erantzuten dio. Hitza eman eta hitza sorpresaz bete. Zer esan...
Banderarekin argazkia ateratzetik, Marea Urdinaren abanderatu izatera salto egin duzue. Inklusiorako lehenengo pausoa elkar ezagutzea da, elkar ezagutu gabe nekez ulertuko baitugu elkar. Lukeni eta Igorri eskerrak eman dizkiezue gutunean, bi horien bidez hartu duzuelako aurten autismora hurbiltzeko erabakia. Lukenen eta Igorren irribarreak balio dezala zuen esker oneko hitzen trukean.
Poetak zioen bezala, pertsona batzuen suak hurbilduz gero, piztuarazi egiten omen gaituzte. Zuen suak piztu eta aurrera jarraitzeko beharrezkoa dugun indarra eta ilusioa ematen digu. Eskerrik asko Abarketatxoko ume eta 'Artxa'-ko gazteei, baina bereziki eta bihotzez han lan egiten duzuen herri hezitzaile eta lagun guztientzat.
Mundialak zarete! «Aio Pelaio!»