Nerea Aranbarri: "Londresen ez neukan ez lagunik ez lanik, baina bai gauza berriak egin eta ikusteko gogoa"

Erabiltzailearen aurpegia Miren Aramendi Galdos 2016ko aza. 16a, 18:59

Argazkian, Nerea Aranbarri, Londresen bizi den azkoitiarra.

Iruñean Arkitektura ikasi ostean, Londresen Hirigintza Internazionalaren eta Garapen Iraunkorraren Masterra egin zuen duela hiru urte. Orain Allies and Morrison arkitektura bulegoan lan egiten du, batez ere Ingalaterrako eta atzerriko beste herrialde batzuetako hirigintza proiektuetan.

 

Nolatan zabiltza Londresen lanean?

Unibertsitatea amaitu ondoren, Iruñean gelditu nintzen lanean. Krisia zela eta, gure lanbidearen egoerak oso itxura txarra zuen, eta, bulego hartan jarraitu ezin nuela jakin nuenean, kanpora irtetea erabaki nuen. Londresen ez nuen ez lagunik ez lanik, baina bai gauza berriak egin eta ikusteko gogoa. Lehenengo urtea oso gogorra egin zitzaidan, baina, pixkanaka eta pazientziarekin, bakoitzak bere lekua aurkitzen du. Joan den astean egin ditut Londresen bost urte... Azkar pasatzen da denbora!

Zergatik Londres?

Hemengo kultur eskaintza ezin hobea da, eta lan arloan oso proiektu interesgarrietan parte hartzeko aukera izan dut. Arkitektura arloan, Londresetik mundu guztirako lan egiten da, eta atzerriko proiektuetan parte hartzeko ere leku paregabea da.

Oso ezberdina al da bizitza han eta hemen?

Bai. Egia esan, bizimodua oso desberdina da, batez ere herriko eta hiri handi bateko bizimodua konparatzen baditugu. Hemen, nonbaitera joateko, gutxienez ordu erdi behar da, eta lagunekin gelditzeko planak askotan aste bat edo bi aste lehenago egin behar dira! Baina, beharbada, ezberdintasun handiena gure inguruarekin dugun harremana da. Etxetik atzerrira joatean, gure betiko lekua uzten dugu, erosotasuna, segurtasuna, familia, lagunak, eta hutsetik hasten gara bizimodu berri bat eraikitzen. Mundu berri batean murgiltzen zara; kultura eta hizkuntza desberdinak, leku ezezagunetako lagunak, etxe berria, auzoa... Alde batetik oso aberasgarria da, zeure buruaz eta bizitzaz asko ikasten baituzu. Londresen zerbait desberdina aurki daiteke egunero: kontzertuak, antzerkiak, erakusketak, mundu guztiko jendea... Baina bakarrik aurrera egiteak oso momentu gogorrak ere baditu bestalde, inguru ezezagunean eta etxekoengandik urruti gaudenean batez ere. Egoera horretan, lorpen txikienek ere izugarrizko poza eta indarra ematen dute, eta horiek erraz ahantzarazten dizkidate pasatutakoak. Kontraste gehiagoz betetako bizitza dela esango nuke hemengoa.

Zer aldatuko zenuke zure hango eguneroko bizimodutik?

Eguneroko bizitzaren abiadura motelduko nuke: dena azkarregi gertatzen da, aprobetxatzeko denborarik izan gabe. Presak, metroa, distantziak. Baina ez nituzke beste gauza asko aldatuko; hiriburu handiaren ezaugarrien barruan sartzen dira horiek ere, eta, guztia kontuan hartuz, oso gustura nago hemengo eguneroko bizimoduarekin.

Zeren falta sumatzen duzu gehien?

Etxekoekin eta lagunekin eguneroko bizitza konpartitzea botatzen dut gehienbat faltan. Skype, telefonoa eta beste hainbat bide ditugu elkarrekin hitz egiteko, baina, hala ere, momentu asko galtzen ari naiz.

Hiriko zein txokorekin geratuko zinateke?

Londresek mila aurpegi ditu, eta momentu bakoitzerako leku jakin bat aukeratuko nuke, baina, bat aukeratzekotan, Regent’s Canal-ekin geratuko nintzateke. Londresen asko ezagutzen ez den kanal sare bat dago. XIX. mendean eraiki ziren kanal horiek, hiriburuan zehar ondasunak errazago garraiatzeko. Oraindik izaera industrialari eusten dio kanalak, nahiz eta aisialdirako besterik ez den erabiltzen. Fabrika asko birgaitu eta etxebizitzak eraiki dituzte; gainera, kanala txalupaz josita dago, eta jendea bizi da horietan. Txalupa batzuetan liburu dendak eta kafetegiak ere badaude! Larunbat eta igandetan oso giro polita egoten da paseatzeko edo kafe bat hartzera irteteko. Baina gehien gustatzen zaidana bertan zaudenean sentitzen den lasaitasuna da. Hiriburuko bizi zaratatsutik kanalera sartzean, oasi batean bezala murgiltzen zara. Hala ere, Londresen egunero leku berriak aurki daitezke; gutxien espero dudanean, ezagutzen ez nuen kale polit bat, azoka bat edo kafetegi berri bat aurkitzen dut. Ezinezkoa da hiriburuko txoko guztiak ezagutzea: Londresera etortzen zaren aldi bakoitzean bestelako hiriburu bat deskubri dezakezu.

Atzerrian lan egiten duzun lehen aldia al da? Etxera itzultzeko asmorik ba al duzu?

Ikaslea nintzela Italian pasatu nituen hilabete batzuk, baina atzerrian lan egiten dudan lehenengo aldia da. Inork ez daki bizitzak nora eramango gaituen, baina egunen batean Euskal Herrira itzultzea gustatuko litzaidake.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide