Zertara eta zergatik joan zara Perura?
Aspalditik nuen munduko beste herrialde batzuetako errealitatea ezagutzeko gogoa. Hori dela eta, boluntario joateko aukera baten bila nenbilela, Euskadiko Gazteak Lankidetzan programaren berri izan nuen. Eusko Jaurlaritzaren beka moduko bat da hori; urtero, ehun gazte Hego Amerikara, Asiara eta Afrikara bidaltzen ditu, sentsibilizatzera. Izena eman, eta Peruko Huancayo hirira [3.259 metro] ingeleseko irakasle moduan etortzea eskaini zidaten. Ez nuen zalantzarik izan. Orain Azapampa auzoko Fe y Alegria ikastetxean nabil.
Zer lan ari zara egiten? Zein mailatan? Nolakoak dira hango haurrak hemengoekin alderatuta?
Proiektu honetan bi partaide gara: Leticia, Bilboko neska bat, eta ni. Bion artean, Lehen Hezkuntzako maila guztietan ingeleseko klaseak ematen ditugu. Haurren maila oso baxua da; izan ere, gobernuak ez dio eskolari inolako laguntzarik ematen Lehen Hezkuntzan ingeleseko irakasle bat kontratatzeko. Beraz, haurrentzat aukera ezin hobea da, DBHra iristean asko lagunduko baitie orain jasotzen ari diren ezagutza apurrak. Umeak ilusioz beteta eta gogotsu egoten dira ingeleseko klaseetan, ahal duten gehiena ikasiz eta pila bat parte hartuz. Irakasle bezala oso motibagarria da, ez baitago aurpegi txarrarekin begiratzen dizun inor. Alderantziz: “Gure gelara noiz zatoz? Gure gelara noiz zatoz?”, galdetzen digute ikusten gaituzten bakoitzean. Ikasgelatik kanpo ere desberdin jokatzen dute: beti gure gainean egoten dira, besarkadaka, musuka, galderak eginez… Beste irakasleek esan digutenez, maitasun falta handia dute, eta nolabait gugan ase nahi izaten dute falta hori.
Nolakoa da hango egun bat?
Egunak, Euskal Herrikoekin alderatuta, desberdinak dira. Goizean goiz argitzen du eta ia ezinezkoa da goizeko 7ak baino geroago esnatzea. Etxean sukalderik ez daukagunez, egunero auzoko emakume baten etxera joaten gara gosaltzera, bazkaltzera eta afaltzera. Horrenbestez, 07:00etan jaiki eta ur hotzarekin dutxatu ostean gosaltzera joaten gara, eta handik eskolara. Egunero ordutegi desberdina daukagu, eta, klasean ez gaudenean, hurrengo asteko klaseak prestatzen ditugu. Jolas orduetan haurrekin egiteko jolas eta ekintzak antolatzeaz ere arduratzen gara. Arratsalde partean, batzuetan ibilaldiak prestatu, eta haurrekin inguruko gauzak ikustera joaten gara; beste batzuetan, berriz, liburutegian lan egiten dugu. Eskolak liburuak katalogatzeko sistema digital berri bat eskuratu berri du, eta lan horretan laguntzen ari gara. Edonola ere, egunez egun gauzak aldatuz doaz, eta inoiz ez dugu jakiten zehazki zer egingo dugun. Arratsaldean 18:00 aldean amaitzen dugu eta 18:30ean iluntzen du; beraz, ez zaigu gelditzen ezer asko egiteko denborarik.
Zer kostatu zaizu gehiena?
Egoera oso desberdina da, baina, hemengo jendearen eta batez ere haurren gertutasunari esker, ez zait askorik kostatu ohitzea. Nik neuk uraren kontua daramat gaizkiena: hemengo iturriko ura ez da edatekoa, eta, beraz, botilako ura edan behar da. Kontua da hemengoek jatorduetan ez dutela urik edaten, baizik eta matea, tea eta belarrez egindako infusio beroak. Beraz, egunero ura erosten ibiltzen naiz, eta etxetik ezin naiz botila urik gabe atera.
Irail bukaerara arte egongo zara. Denbora gutxi eta lan asko egiteko?
Bai. Proiektuak hiru hilabete irauten ditu, ez gehiago ez gutxiago. Lan asko dago egiteko, eta denbora, sobran baino gehiago, faltan izango dugu. Baina gure helburua hiru hilabete hauek ahalik eta ondoena aprobetxatzea da, ikasleek gugandik ahal bezainbeste jaso dezaten.
Esperientzia gomendagarria?
Dudarik gabe, bidaiatzea eta beste kultura batzuk ezagutzea gustatzen zaion edonori gomendatzen diot esperientzia hau. Kontuan hartu behar da batzuetan oso gogorra izango dela, eta ezinbestekoa da gure eguneroko erosotasunetatik kanpo bizitzeko prest egotea ere, baina uste dut pertsonalki oso aberasgarria dela. Leticia eta biok blog bat egiten ari gara bizitako esperientzia zabaltzeko eta, batez ere, etorkizunean hemen bizitakoaz gogoratzeko. Closer to the clouds du izena, eta proiektuari zein gure hemengo eguneroko bizitzari buruz gehiago jakin nahi duen oro irakurtzera gonbidatu nahiko nuke.