Euskara eria eta bere artilleria

Erabiltzailearen aurpegia Miren Alberdi Urzelai 2025ko ots. 17a, 08:30

Sune abeslaria. (Bilbo Hiria)

Miren Alberdi kolaboratzaileak urtarrileko Azkoitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: Euskara eria eta bere artilleria.

Esklabetan ikasten genueneko (90eko hamarkadan) pasadizo bat entzun nuen ez aspaldi: Historiako klasean, gerraren bat azaltzen ari zen irakaslea; bateko armada, besteko soldaduak, artilleria gora eta artilleria behera... Jakin ezazu, irakurle, garai hartan Historia gazteleraz irakasten zigutela. Halako batean, ikasle bati, hura adi ez zegoela iritzita, zera galdetu omen zion: "Dime, que es la artillería?". Ikasleak, dilindarik egin gabe, honela erantzun ei zion: "Ze izangoen ba, artillia itteko toki!". Zer den, gero, mundua euskaraz ikustea!

Gaur egun, globalizazioaren erruz, mundua erdaraz ikustea gero eta ohikoagoa da. Erdaraz diodanean, ez naiz espainolaz soilik ari, erdarez orokorrean baizik; ingelesaz eta gazteleraz, batez ere. Mundua ikusteko eta bizitza bizitzeko modua aldatzen ari dira, eta badirudi, nahitaez, hizkuntza hegemonikoetara jo behar dugula. Horretaz aritu zen, beste gauza batzuen artean, Egaña ere, Berria egunkariko abenduaren 3ko artikuluan, kanpotik datozen erasoez, alegia. Bertsolariak dio, ordea, kanpokoak bezain larriak edo are larriagoak direla guk geure hizkuntzari egiten dizkiogunak. Onar dezagun, bada erantzukizuna, geu baikara, onerako eta txarrerako, artillero.

Baten bat ariko da pentsatzen, honezkero, euskarak ez duela baliabiderik gaur egungo hainbat esamolde adierazteko; guztiz ulergarria dela gazteek, batez ere, gaztelerara edo ingelesera jo behar izatea, baldin eta hizkera "modernoa" mantendu nahi badute. Bada, horri esaten zaio hizkuntza ez ezagutzea, hizkuntza norberaren beharretara moldatzen ez jakitea, norberaren hizkuntza bost axola izatea.

Suneri esker, 'amain eman' dezakegu, bere musikaz zein bizitzaz gozatu

Bai, euskarak baditu baliabideak. Euskara guztiz balekoa da gaur egungo bizimodua ikusteko, bizitzeko eta kontatzeko; balio die zaharrei zein gazteei; balio die modernoei, baita tradizionalei ere. Horren adibide garbiak dira, esaterako, Fermin Muguruza eta Sune artistak, baita gure C2ko ikasleak ere, iazkoak eta aurtengoak. Ferminek honakoak gizarteratu ditu, besteren artean: Kriston martxa dabil! eta Alua zerbitzatu. Suneri esker Amain eman dezakegu eta bere musikaz zein bizitzaz gozatu. C2ko ikasleak ere ez dira atzean geratzen; haiei esker "Bua txahal!" erabiltzen hasi naiz, eta egoera txar batetik okerragora egiten dudanean, "Eibartik Ermura" esaten dut. Ez gaizki hartu, otoi, eibartarrek eta ermuarrek.

Ha hor hara: euskarak badu artilleria, eta ez naiz artilea egiteko tokiaz ari.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide