Ni eroso egoteak zu deseroso jartzen bazaitu, zu eroso egoteko nik deseroso egon behar dut? Non dago muga? Nork du lehentasuna? Nor da garrantzitsuagoa? Izan gaitezke bi lankide, edo eskolako gelakide; anai-arrebak izan gaitezke. Zuk nahi duzun harremana irudikatu; hausnartu ezazu une batez. Eskubide eta betebehar berberak ditugu, ezta? Ezinezkoa da bat bestearen gainetik jartzea, ala? Biok dugu eroso bizitzeko eskubidea, baietz? Orduan, nola aska genezake korapiloa? Beste apur batean hausnartzen jarriz gero, honako ondoriora irits gaitezke: deseroso dagoenak du arazoa; berak aurkitu beharko du, bere baitan, zein den ezinegon horren arrazoia. Agian terapia beharko du kontuaren muinera iristeko.
Aurreko egoera bizitzaren arlo guztietan ematen da. Arlo guztietan. Ez, ez naiz egun batetik bestera psikologian aditu bihurtu. Zoritxarrez, euskararekin ere gertatzen da, eta hori ekarri nahi izan dut gaur lerro hauetara; horri buruz hausnartzera gonbidatu nahi zaitut.
Nahiz eta hamaika adibide aurki ditzakedan, Itziar Ituñoren pregoiak sortutako egonezina iruditzen zait, agian, azkenaldiko adierazgarriena. Pregoia, bere osotasunean, kolosala iruditu zitzaidala esan behar dut eta, are gehiago, euskara hutsean egin izana. Horrek sortu zuen, hain zuzen ere, hainbat sektoretan ezinegona: euskaldunok geure hizkuntzan eroso ikusita, bat baino gehiago sentitu zen deseroso. Beraiek jakingo dute, bada, zerk ematen dien hazkura; beren baitan bilatu beharko dute hazkura horren arrazoia. Itziarrek Arriagako balkoitik esandakoak ez ulertzea bada arazoa, badu erremedioa.
Ituñok garbi dauka korapiloa askatzeko bidea zein den: bestearena ezagutzea, ulertzea eta errespetatzea; euskararen kasuan, ikastea. Irratsaio batean galdetu zioten, asmo txarrez, ea zer esango liekeen bere pregoia ulertu ez zuten herritarrei. Itziarrek, inolako duda-mudarik gabe, horrela erantzun zien: "Ikasteko esango nieke. Zenbat eta gehiago erabili, orduan eta gehiago entzungo da kaleetan eta, horrela, errazagoa izango da guztiontzat ulertzea. Euskara da hemen hizkuntza txikia, euskara dago zapalduta hemen. Niri, euskaldun berri honi, bihotzez atera zitzaidan, natural, euskaraz egitea".
Izan ere, naturala da euskaldunok euskaraz hitz egitea, ez genuen besterik behar! Hala ere, askotan ez gara eroso sentitzen; hori da hemen naturala ez dena. Nago denok behar dugula terapia: batzuek enpatia lantzeko, besteok ahalduntzeko.