Ekaina iritsi zaigu. Errearoa ere esaten zaio; sua egin eta erreketak egiteko garaia, alegia. Korrikaren beroaldia baretuta, Garazi Arrularen mezuaren inguruan hausnartzen ari naiz egunotan. Nago ezin dela hobeto adierazi zer den Korrika eta zer behar duen euskarak. Mezuaren une batean honela dio: "Hizkuntzaren dimentsio guztiak izan ditzan hiztunak, gizartearen arlo oro busti beharko du hizkuntza-politikak: basoak, soroak, plazak, lantegiak, pantailak, iruditeria". Hemen Correos inguruko errepideko zirkulazio seinalea datorkit burura; makina bat aldiz (pasatutako bakoitzean) pentsatu dut ez ote duen inork pintadarik egingo... Baina nonbait edo noizbait huts egin dugu, gazteek ez baitute borrokarako arrazoirik ikusten. Honela jarraitzen du mezuak: "Egunerokoa hartu behar du, biziko bada, Beskoitzen, Eguesibarren zein Bizkarsoro orotan". Ez dago zertan Bizkarsoro izan. Arnasgunea omen da Azkoitia; itolarria sentitzen hasia naiz, ba, ni.
"Ez altxor, ez oroitarri, ez toponimia. Euskarak hegemonia hartzeaz ari gara. Ez agur bat, ez txapa bat paparrean, ez lur zatitu bat. Ez da fenomeno meteorologiko bat, ez gastronomia huts, ez borondate libreko kontsumogai. Ez da brilli-brillizko bilgarria, ez trukerako txanpona. Ez da beste, ez besteena. Eta batez ere, batez ere, ez da diskriminazio iturri, ez inposizio". Zenbat jendez oroitzen ari naizen une honetan... Zu ere bai, irakurle? Honela jarraitzen du Arrulak: "Nor izatearen aitortza, horixe dugu euskara: ez gehiago, ez bestelako, ez gutxiago. Oxala, hizkuntza bat balitz, eta fini". Ai, hala balitz! Lasaiago biziko ginateke, ezta?
Korrikaren beroaldia baretuta, Garazi Arrularen mezuaren inguruan hausnartzen ari naiz
Beste hamaika gauza ere esaten ditu Garazik mezuan (irakurri ez baduzu, ez utzi biharko, merezi du eta), baina bukaerara salto egingo dut: "Udaberrian ere kantatuko dugu zozook. Bizi gareino kantatuko dugu; bizi deino, herri honek euskara dantzatuko du. Esna dadila piztia, zeren kea usaindu duelako izanen da, eta guk badakigu sua egiten". Azken esaldi hori aspaldian irakurri dudan onena da, zalantzarik gabe. Erreferentzia egiten dio, bestalde, 23. Korrikaren abestiaren azken zatiari: "Ez badigute ematen arrazoia guri, su emango diogu haien legeari". Kuraia musika taldearen abesti bat datorkit orain burura: "Piztu da piztia. Zuek eragindako gorrotoa mila aldiz biderkatuko da. Zuek eragindako gorrotoa piztietan bilakatuko da". Errearoan gaude, esna dadila piztia.