Euskararen alde?

Miren Alberdik abuztuko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: Euskararen alde?.

Behin eta berriz entzuten dugu –azkenaldian gehiago eta ozenago– gure herrialdeko biztanleen erdia diskriminatzen dugula. Lehen errespetuaren izenean hartzen ziren hainbat neurrik, gaur egun, diskriminazioa dute helduleku. Nola da posible, ordea, hizkuntza gutxituak, zapalduak eta erasotuak hizkuntza menperatzailea diskriminatzea? Norbaitek azal diezadala, arren.

Gure euskararen herri honetan, herri honen hegoaldean zehatzago izateko (iparraldeko errealitateari buruz beste batean hausnartuko dugu), bi hizkuntza ofizial ditugu. Bi ditugu, hala inposatu zutelako, eta halaxe inposatzen jarraitzen dutelako. Herri honetan, halaber, lehen eta bigarren mailako elebakarrak (uler bedi euskarari eta gaztelerari buruz ari naizela) ditugu. Gezurra. Batzuk ez daukagu elebakar izateko aukerarik ere; une jakin batzuetan baizik ez gara militante elebakar bihurtzen. Idazten ari den hau geroz eta sarriago.

Elebakar horiek, euskara ikasteko aukerarik izan ez duten horiek, diskriminazioa jasaten omen dute: besteak beste, hemengo erakunde publikoetan lan egiteko euskara jakitea exijitzen diegu; tituluak eskatzen dizkiegu. Testuinguru horretan ikaragarriak entzun behar izaten ditugu: "Euskaraz ez dakielako ez al du Azkoitian, esaterako, lan egiteko eskubiderik?". Eskubidea bai, baina zerrendan atzerago egongo da, jakina. Edo betiko galdera madarikatua: "Zer nahi duzu, mediku ona ala mediku euskalduna?". Niretzat mediku ona euskalduna da, karreraduna eta euskalduna.

Azkenaldiko oldarraldi judizialen harira, hainbat gauza interesgarri irakurri ditut, eta hemen aipatu nahi dut bat edo beste. Garbiñe Larrea Iturralderi irakurri diot, adibidez, berak Sendabelarrek dakitena liburua argitaratu zuenetik, askotan erantzun behar izan diola "¿Y en castellano para cuando?" galderari. Duela ez asko ere gertatu omen zaio, Instagramen argitaratzen duen edukiari buruz "Todo esto que haces, ¿por que no en erderaz tambien?" galdetu omen zion jarraitzaile batek. Dagoeneko ez omen du justifikatzen bere hautua; orain euskara ikastera animatzen ditu.

Euskaraz sortzen duten guztiek eman behar izaten dituzte azalpenak, eta hori nekagarria da. Euskalduna izatea nekeza baita, edo nekeza egin nahi dute. Nago euskararen alde egitea dela nekeza askotan, eta Garbiñek esandakoarekin geratzen naiz: berak ez omen du euskararen alde egiten, euskaraz baizik. Egin dezagun euskaraz, gutxiago nekatuko gara eta eraginkorragoak izango gara.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide