Heriotzatik gertuegi

Erabiltzailearen aurpegia Miren Alberdi Urzelai 2023ko eka. 23a, 09:03

Miren Alberdik maiatzeko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Heriotzatik gertuegi'.

Maiatza. Loraila. Hostoila. Udaberrian ondo sartuta, lehen hostoak eta loreak ernatzen dira maiatzean. Egia esan, gaur egun ez da erraza urtaro batetik besterako jauzia antzematea, baina hilabeteei izenak eman zizkieten garaian hala zen: lehen, hostoak eta loreak ernatzen ziren maiatzean.

Otsailean edo katailean lurra esnatzeko egindako errituei esker –zertaz ari naizen ez badakizu, otsaileko artikulua irakurtzera animatzen zaitut– , lurra esnatzen eta bizitza pizten da garai honetan. Badirudi aurten ere asmatu dugula, badatoz loreak; lore horietatik etorriko dira fruituak. Ez, ordea, euskararenak.

Aurreko artikulua irakurri bazenuen, gogoratuko duzu Amalurraz gain, geure burua esnatzeko deia egiten nuela, euskararen lurra esnatzekoa. Makilak behar bezala astindu ez ditugulakoan nago; ez ditugula adar lehor guztiak kimatu, ezta zomorro gaiztoenak uxatzea lortu ere. Agian, neguko iluntasunak ez zigun ikusten uzten. Apika, ez dugu ikusi nahi euskara galtzeko arriskua erreala dela. Uste dugu ez dugula inoiz galduko geure hizkuntza, beti biziko dela. Hori hautematen dugu, edo hori pentsarazi nahi digute.

Uste orokor hori hankaz gora jarri eta alarma jo du Iñaki Iurrebaso soziologoak: "Bidegurutzean gaude, baina heriotzatik hamabost puntuko distantziara, osasun betetik 65era". Haren ikerketaren arabera, euskaraz hobeto moldatzen dira 195.000 hiztun (%7), bi hizkuntzatan antzera moldatzen direnak 222.000 (%8) dira, eta gainerakoak, 2.230.000, erdaraz hobeto moldatzen dira (%85), nahiz eta horietako hainbatek euskaraz ere jakin. Iurrebasok azpimarratzen du desoreka ikaragarria dela, zeren euskaraz errazago moldatzen diren (ia) guztiek beste hizkuntza badakite, baina erdaraz errazago egiten duten hiztun gehienek ez dakite maila horretan euskaraz. (Larrun-en 283. zenbakiko elkarrizketa irakurtzea gomendatzen dizut).

Arnasguneek berebiziko garrantzia dutela dio soziologoak: "Han zaila da erdaraz bizitzea, ahalegina egin behar duzu. Ia ezer egin gabe geroz eta euskaldunagoa zara. Geroz eta hobeto erabiltzen duzu hizkuntza, euskaraz bizi zara, denborak horretara eramaten zaitu". Zoritxarrez, arnasguneetan erabilera jaisten ari da, eta horren adibide garbia dugu Azkoitia.

Ataka honetan, ez dute laguntzen azkenaldiko politika euskarafoboek, ezta azken urteetan nagusitu diren diskurtso baikorrek ere. Gauzak beste modu batean planteatu behar ditugu, biziberritu. Euskarak egiten gaitu euskaldun. Euskararik gabe, zer gara?

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide