Karnabalak 2023

Esnatu

Erabiltzailearen aurpegia Miren Alberdi Urzelai 2023ko ots. 17a, 08:41

Miren Alberdik otsaileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Esnatu'.

Otsaila. Hilabete honetan otsemeak arreske jartzen dira, eta hortik datorkio izena. Katatila ere esaten zaio zenbait lekutan, katemeak ere arreske jartzen direlako. Garai hauetan zezenak mendietatik larreetara jaisten zirela eta, leku batzuetan zezenila ere deitzen zaio. Hiltxikia esaten zaio toki askotan, hilabeterik laburrena delako.

Bi festa nagusi ospatzen ditugu euskaldunok otsailean. Biek dute lotura lurrarekin eta, neguaren ondoren, esnatzearekin: Agate Deuna eta Inautea edo Aratusteak, hurrenez hurren. Biak ala biak kristautasunaren aurrekoak dira hainbat antropologoren iritziz.

Santa Agedari dagokionez, antzinako jai batetik letorke: neguaren ondoren, lurra iratzartzeko erritu zaharrekin loturik egongo litzateke – horretarako jotzen da lurra makilaz koplak kantatzerakoan–, eta beste jai anitz bezala, giristinoek bereganatu omen zuten. Euskal usadioan abere gisa irudikatzen da Agate Deuna, gehienetan katu edo ahuntz itxuraz.

Geroago etorriko da Inautea edo Inauteria. Hitz honen etimologiari dagokionez, bi teoria nagusi daude: inau (ama lurra esnatzeko errituala) eta te (denbora adierazteko) zatien elkarketa batetik; eta inausi (kimatu) hitzetik eratorria dela dioena, bestetik. Lehenengoan sartuko lirateke Joaldunak, esaterako; beren joareak astinduz, lurra esnarazteko lehen ahalegina egiten dute. Bigarren ustearen arabera, berriz, zomorroen kontra egiteko garaiari egiten dio erreferentzia. Batak zein besteak urtarrilean hasi eta martxora arte irauten dute, nahiz eta horiek ere, kristautasunaren eraginez, denboran eta itxuraz aldatuak izan diren leku askotan.

Hori guztia jakinda, gauza bat garbi dago: euskaldunok betidanik izan dugu lotura estua ama lurrarekin eta naturaren zikloekin. Horien inguruan sortu eta eraiki izan dugu bizitza. Badirudi, ordea, euskaldunok predestinatuta gaudela zapalduak izatera; borrokan bizitzera, Santa Ageda bezperan bezala, eskean aritzera. Eskean aritzera bainoago, eskean bizitzera; geure hizkuntzan bizitzeko eskubidea behin eta berriz eskatu behar izateraino.

Kontuak kontu, ama lurra esnatzearekin batera, hobe genuke geu ere esnatuko bagina. Euskarak baditu hamaika zomorro inguruan, eta hobe genuke, horiek uxatzeko, adar lehorrak identifikatu eta inausiko bagenitu. Ez dadila negua behar baino gehiago luzatu; dei diezaiogun udaberriari. Har ditzagun makilak eta jo dezagun lurra; esna dezagun ama lurra, horrela baizik ez baita indarberrituko euskararen lurra.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide