Ikasturtea hasi berri dugu euskaltegian. Garai batean, pandemia aurretik, ikasturteko lehen irteera Elosuko perira egin ohi genuen. Ikasleek elkar ezagutu, euskara praktikatu eta euskal mundua ezagutzeko aukera aparta izaten zen. Badira, ordea, bi urte peririk egiten ez dela. Pena da. Elosuko peririk ez, baina badirudi sanandresak ospatzeko aukera izango dugula. Normaltasunetik gero eta hurbilago gaudela ematen du. Ez dakit euskararen kasua ere ba ote den. San Andres egunaz ari garela, gure herriko zahar asko aterako dira egun kale-buelta bat egitera, taloa jatera edo herri kirolak ikustera eta asko gurpildun aulkian aterako dira. Aulki horiek bultzatzen, gero eta gehiago, erdal hiztunak aritzen dira. Izan ere, gure zaharrak zaintzen lan egiten duten gehienak kanpotarrak dira. Ez dakit hau irakurtzen ari denari, baina neuri pena handia ematen dit azkoitiar aitona-amonek gaztelaniaz hitz egin behar dutela ikusteak. Zaintzaile hauetako batzuk etorri izan dira euskaltegira; gehienek matrikula ordaintzeko zailtasunak dituzte, ordea. Udalak dirulaguntzak ematen baditu ere, ikasleak ikasturte hasieran matrikula osorik ordaindu behar du, eta askok ez dute horretarako aukerarik izaten. Ondo legoke dirulaguntza sisteman aldaketak egitea guztiek euskara ikasteko aukera izan dezaten. Beren onerako ez ezik, azkoitiar guztion onerako izango litzateke.
Kontzertuak ere normaltze bidean daudela dirudi. Azkoitiko Bulego taldea, bat aipatzearren, kontzertuak ematen ari da, eta pozten nau sarrera guztiak saltzen dituztela jakiteak, horrek esan nahi baitu gure gazteek musika euskaraz ere kontsumitzen dutela, eta, bestalde, erreferente euskaldunak dituztela. Talde honen abesti batek dio: "Bueltan da barruan dugun pasio sugarra". Izan ote daiteke euskara barruan dugun pasio sugarra? Beste abesti batean gure herriko taldeak hala dio: "Pizten ari da gaua, pizten ari da sua...". Euskara ote da pizten ari den su hori? Hala bedi. Ildo horretatik, Pello Reparazek esana da euskaraz abesteko hautua egin zuela nafarra delako, euskalduna, eta euskarari esker dagoela dagoen lekuan. Kontrako aldean leudeke, hainbatentzat, Chillmafia iruindarrak, "euskañolez" hitz egin eta abesten baitute. Beraien esanetan, ordea, euskarara eta euskal kulturara hurbildu dituzte Iruñeko gazte asko. Testuingurua kontuan izatea garrantzitsua da beti, ezin konpara daitezkeelako, esaterako, Azkoitia eta Iruñeko errealitateak. Euskararik eza hobea al litzateke?