Euskal Herrian euskaraz?

Erabiltzailearen aurpegia Miren Alberdi Urzelai 2021ko uzt. 30a, 08:00

Miren Alberdi Urzelaik uztaileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Euskal Herrian euskaraz?'.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, maiatzaren 10ean emandako epai batean, bertan behera utzi zituen Irungo Udaltzaingo zerbitzurako hamabi lanposturi ezarritako hizkuntza eskakizunak, euskaraz ez dakitenentzat "diskriminatzailea" dela argudiatuta.

Beste behin ere, gure hizkuntza-eskubideak zapalduta. Euskal Herrian baztertzailetzat jotzen den hizkuntza bakarra euskara da. Izan ere, Euskal Herrian norbaitek errespetua merezi badu, hori euskaraz ez dakien herritarra da. Herri honetan, hizkuntzari dagokionez (ere), errespetua norabide bakarrean eskatzen da. Eta beti norabide berean. Uste duzue egongo dela munduan beste herrialderik non udaltzainek bertako hizkuntza ofizialak (guztiak) menperatzen ez dituzten?

Auzitegi Nagusiak emandako epaira itzuliz, ebazpenak jasotzen du herritarrek eskubidea dutela administrazioarekin euskaraz aritzeko (eskerrak eman behar genizkioke?), baina nahikoa dela "jendeari arreta egiten dion udaltzainetako batek" euskaraz jakitea. Bai horixe! Kontu jakina da, izan ere, euskal hiztunok presarik gabe bizi garela, eta gure kontuek itxaron dezaketela. Udaltzainen zerbitzuak behar eta euskaraz dakiena falta dela momentu horretan? "Itzuli bihar. Benetan presazkoa balitz, gazteleraz egingo zenuke, hemen denok baitakigu gazteleraz, ezta?".

Iparraldea deitzen diogun aldean bizi diren euskaldunek ere ez dute giro. Han, hizkuntza gutxituen aldeko legea atzera bota dute, partzialki. Ondorioz, murgiltze eredua ez da sartuko Frantziako Hezkuntza Kodean, eta ez da posible izango estatu zibileko dokumentuetan ñ-a eta halako zeinu diakritikoak erabiltzea.

Baina, udaltzainez ari ginela, gure herrikoak garai batean "merixuk" ziren. Orain ez, gutxi batzuk baino ez dira gelditzen. Udaltzain berri asko etorri dira eta hauetakoren batek telefonoa hartuz gero, zera entzungo duzu: "Policia local de Azcoitia, ¿digame?" Neuri gertatu zitzaidan ez oso aspaldi. Esaldi horrekin harritu ninduen telefonoa hartu zuen udaltzainak. Aho zabalik, honela erantzun nion: "Barkatu, Azkoitiko Udaltzaingora deitu dut, ezta?" Benetan diotsuet, beste norabait deitu nuela pentsatu nuen. Hala izatea nahi nuen.

Badakit bi hizkuntza ofizial ditugula eta ezin ditugula derrigortu euskaraz hitz egitera. Badakit bai, baina ez nago ados. Ez dut ulertzen eta ez dut ulertu nahi. Benetan? Azkoitian? Arnasgune omen den herrian? Gero negar egitea alferrik izaten da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide