COVID-19aren pandemiak mundu zabalean sortu duen egoera latza da, horretan ez dago zalantzarik. Hala ere, egoeraren azterketa sakona egiten hasiz gero, aurki ditzakegu alde onak ere. Ziur nago ez naizela hausnarketa hori egin duen lehena, ezta bakarra ere. Gure bizitzaren hainbat arlotan aurki ditzakegu azken bi hilabete hauetan bizi izan dugunak emandako aukerak eta alde positiboak. Baina ez naiz orain horietaz guztietaz hitz egiten hasiko; hori irakurleari utziko diot; egin dezala bakoitzak bere egoeraren irakurketa.
Gaur etxealdiak euskara eta euskal kulturarengan izan duen eraginaz arituko naiz. Izan ere, hainbat modutan astindu du egoerak gure hizkuntza eta bere ingurua, onerako zein txarrerako.
Hasteko, ezin utzi aipatu gabe eragin dituen kalteetako batzuk, ez baitira testu honetan guztiak sartzen. Euskal kulturgileek, esaterako, modu zuzenean pairatu dute mundu mailako geldialdi hau, beren lana eta bizibidea izoztu zaizkielarik. Hala ere, askok jakin dute egoerara egokitu eta beren eskaintza guri helarazten, batez ere, sare sozialen bidez. Honek askori aukera eman digu "normaltasunean" ikusiko ez genituzkeen kontzertu eta abarrez gozatzeko.
Etxealdiak eragin dituen okerrekin jarraituz, burura datozkit Azkoitiko AEK-ko ikasleak. Euskaltegira etortzeko aukerarik gabe, euskara ikasten jarraitzeko zailtasunekin topo egin dute. Haatik, ez dute helburua alde batera utzi eta, nork bere aukeren arabera, gogotsu jarraitu dute online eskolekin. Baina ezin esan gauza bera denik. AEKren berezitasun garrantzitsuena gelan sortzen den giroa baita. Hori ondo daki noiz edo noiz AEKtik pasatu den ikasleak.
Hasieran esan bezala, etxealdiak hainbat aukera zabaldu dizkigu eta amaitzeko, horietako bat aipatu nahi nuke. Egoera honek euskal kultur eskaintza ezagutzeko parada eman digu. Berrogeialdia hasi zenean, bat bestearen atzetik iritsi zitzaizkigun Interneten dauden baliabideen inguruko informazioak: Argiaren web orria, Maxixatzenen Etxetik mundura ekimena eta Mintzalagunek antolatu izan dituen topaketa birtualak, esaterako.
Irakurleak animatu nahi ditut "normaltasun berrian" ere euskal kultura kontsumitzera, sarean ez ezik, zuzenean ere. Joan gaitezen kontzertu eta antzezlanez gozatzera, eros ditzagun liburu eta diskak. Alegia, eman diezaiegun gure babesa euskal sortzaileei. Har dezagun egoera erronka moduan, bat gehiago euskaldunok aspaldi hasi genuen lasterketa honetan.