Gabon ondorenerako elikadura gomendioak

Leire Garate dietista eta nutrizionista.

Maxixatzenek Gabonen ondoreneko egunetarako elikadura gomendioak eskatu zizkion Leire Garate dietista eta nutrizionistari, urtarrileko Maxixatzen aldizkarirako. Hona hemen adituaren gomendioak:

 

Jan ditugu turroi, urdaiazpiko, pate eta polboroi nahikoa. Eta orain zer? Urte berri, asmo berri? Hala dio esaerak behintzat. Gure elikadurari dagokionez ere, asmo berri asko datozkigu burura urtarrilaren 1etik aurrera.

Baina norbaitek galdetzen badit urte berriarekin batera zer egin beharko genukeen elikadurari dagokionez, argi daukat zer erantzun: urte guztian mantendu beharko genituzkeen ohiturak hartzen saiatu. Azken finean, Gabonen ondoren ere urte guztian egin beharko genukeen horixe bera baino ez dugu egin behar. Tira, egia da urte berria ez dela garai txarra ohiturak aldatzen hasteko, baina gogoan izan inoiz ez dela garai txarra horretarako.

Hona hemen zenbait gomendio gure jateko ohiturak pixkanaka hobetzen joateko:

-          Janaria jan. Utzi alde batera jaki prozesatuak eta prestatuak, ez digute-eta batere onik egiten.

-          Merkatuan erosi. Produktu freskoak eta garaikoak eskuragai, eta produktu osasungaitzak erosteko tentazio gutxiago.

-          Mugitu. Gogoratu ondo jatea bezain garrantzitsua dela ariketa fisiko erregularra egitea.

-          Fruta eta barazki gehiago kontsumitu. Plater erdia barazkiz bete. Bai bazkaltzen bai afaltzen presente egon daitezela barazkiak, eta saiatu egunean bizpahiru fruta ale jaten.

-          Zereal finduak integralekin ordezkatu. Pixkanaka elikagai finduak alde batera utzi eta osoak sartzen saiatu. Zuntz, bitamina eta mineral gehiago dute.

-          Haragi kontsumoa mugatu eta lekaleena handitu. Gaur egun haragi asko eta lekale gutxi hartzen dugu, saiatu horri buelta ematen.

-          Zerbait erosterakoan, begiratu beti etiketari. Kontsumitzaile garen heinean egin dezakegun gauzarik oinarrizkoena da; produktu asko ez genituzke erosiko zer daramaten ikusiz gero.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide