Ainhoa Aldalur: "Herria eta gertukoak neronekin daramatzat toki guztietara"

Erabiltzailearen aurpegia Laida Beristain 2016ko abu. 1a, 10:00

Ainhoa Aldalur 31 urteko azkoitiarrak ia bi urte daramatza Eskozian bizitzen. Eskozian bizi aurretik, ordea, beste hainbat herrialdetan bizitzeko aukera ere izan du, eta hainbat anekdota eta esperientzia bitxi kontatu dizkigu elkarrizketa honetan. 

 

Non bizi zara gaur egun?

Eskozian bizi naiz gaur egun, Glasgown. Bi urte egingo ditut bertan urrian. Arrazoi bat baino gehiago egon ziren hona etortzeko erabakiaren atzean. Finantza munduan nabil lanean gaur egun, Amerikako konpainia batean. Kalifornian dauka egoitza nagusia, eta bioteknologian mugitzen gara. Eskozian Europako, Afrikako eta Ekialde Hurbileko finantzak eramaten ditugu. Madrileko kontuak eramaten hasi nintzen hasieran, eta Espainiako eta Portugaleko kontuak daramatzat orain; aurki, ordea, esportazioekin eta Europako gainontzeko herrien hil amaierako finantza txostenen analisiekin hasiko naiz.

Herrira bizitzera itzultzeko asmorik?

Herria eta gertukoak neronekin daramatzat toki guztietara, eta herrira bueltako beharra leuntzen dit horrek. Euskal sustraiak ondo errotuta dauzkadala esango nuke, eta atzerriak kulturalki aberatsago egiten nauela. Toki batetik bestera dezente mugitu izan naizenez, ordea, segur aski Eskoziatik ere mugituko gara noizbait. Enpresak mugitzeko aukerak ematen dizkigu, eta baliteke hurrengo mugimendua horrek bideratzea. Bikotekidea lanean ezagutu nuen. Eskoziarra da hura, baina badauka beste nonbait bizitzeko gogoa, eta bion artean hartuko dugun erabakia izango da. Euskal Herria bioi gustatzen zaigu, baina gaur egungo egoera ekonomikoak atzerrian hasitako ibilbideari eustera bultzatzen gaitu. Hala ere, etorkizunerako aukeratzat daukagu, noski.

Beste hainbat herrialdetan ere bizi izan zara. Non?

Herritik kanpora lehen aldiz 19 urterekin atera nintzen, Parisera, beka bati lotuta. Beste beka batek Alemaniara eraman ninduen 21 urterekin. Bi beka horiek laneko praktikak egiteko ziren, eta lauzpabost hilabete egin nituen bakoitzarekin. Ikasketak amaitutakoan Erresuma Batura salto egin nuen urtebeterako, Eskoziara lehenengo eta Londresera gero, ingelesa ikasteko nahiak eta beharrak bultzatuta. Etxera bueltatu, eta Gipuzkoako Aldundiaren museo batean hasi nintzen lanean gero. Han 3 urte egiterako, krisi usaina nabarmentzen hasia zen, eta kulturako aurrekontuak murrizten hasi ziren. Lan eskaintza batek Norvegiara eraman ninduen orduan, gidari lanetarako, eta beste 3 urte pasatu nituen iparraldeko zenbait herrialdetan gidari; lan hura hainbat proiektu eta bidaiarekin konbinatu nuen, eta, besteak beste, negu bat Kanadako artikoan pasatu nuen. Eusko Jaurlaritzaren beste beka bati esker, Estatu Batuetara joan nintzen gero, eta ia bi urte eman nituen hango hiriburuan. Giza eskubideen eta kontserbazioaren inguruko mugimenduan lan egin nuen Washingtonen, eta hangoa amaitzean Eskoziara etorri nintzen; finantza mundura salto egin nuen, gaur arte.

Txikitatik gustatu izan zaizu bidaiatzea?

Atzerrira edo kanpora joateko kuriositatea txikitatik izan dut, eta nahiko argi nuen denboraldi baterako kanpora joan nahi nuela, hizkuntzak ikasteko batez ere. Hori buruan edukita, ikasketak eta lana biak batera eraman nituen urte batzuetan, eta aurreztutakoa bidaia eta hizkuntza eskolak ordaintzeko erabili nuen gero. Hala ere, txikitan ez nuen imajinatuko neure burua horrenbeste denboran eta hain luzerako etxetik kanpo. Dena dela, zortea izan dut hainbat aukerarekin, eta aukera guztiei eusten saiatu izan naiz beti.

Zein da bizitzeko gehien gustatu zaizun herrialdea?

Herrialde guztiak gustatu izan zaizkit, eta zaila da aukeratzea, bertara eramandako proiektuek ere zerikusia izan baitute herrialdea era batera edo bestera ezagutu eta bizitzeko. Norvegian, naturarekin harreman estua izan nuen, eta bertako filosofia ere bada neurri handi batean: mendi, glaziar eta fiordoetan barrena abentura bizi eta sustatzeko herrialde paregabea da. Kanadako artikoan, bestalde, isolamendua eta barne elkarrizketa sustatu nituen, hala nola bertako indioen historia eta ohitura tradizionalak ezagutuz. Washington, berriz, gazte eta jende ekintzaile eta ausartaz jositako hiria da; ingurumen arazoak, sozialak zein ekonomikoak borrokatu eta aldaketa bultzatzeko jendea ezagutzeko toki bikaina. Oso jende interesgarria ezagutu nuen han. Eskoziak, azkenik, gaur egungo bikotekideaz eta familia baten goxotasunaz gain, lan erronka berriak ekarri dizkit, eta oso gustura nago hemen orain. Nagoen tokian nagoela ere, momentuari ahalik eta etekin handiena ateratzen saiatu izan naiz beti.

Zure ustez, Euskal Herriko bizimodua eta euskaldunak oso desberdinak al dira ezagutu dituzun herrialdeetakoen aldean?

Azaleko ohiturak desberdinak dira, baina funtsean oso antzekoak garela esango nuke nik. Ez naiz sekula egokitu ezinik sentitu behintzat. Kontsumoan antzeman dut agian desberdintasun handiena, baina giza balioetan antzekoak garela esango nuke. Jende oso ona tokatu izan zait beti inguruan, eskuzabala eta laguntzeko prest dagoena, eta emateko izaera horretan euskaldunekin antzekotasun asko topatu ditut.

Kontatzeko anekdota bitxirik?

Errusiako Kola penintsula zeharkatu nuen bizikletaz 2011ko abenduan, Jose Mijares Palentziako alpinistarekin batera, zero azpitik 25 graduko tenperaturan. Bidean, izotzetan kanpatu genuen, eta elurra urtu ere egin genuen, edateko ura lortzeko. Urteko garairik ilunena zen, eta egunean ordubeteko argia geneukan. Bidaia hartatik artikulu pare bat atera ziren Barrabes eta Oxigeno mendi aldizkarietan, bai eta atzerriko prentsan ere. Horren ondoren Kanadara salto egin, eta negu batez argi eta ur korronterik gabe bizi izan nintzen, zero azpitik 40 gradutan. Oso esperientzia aberatsak izan ziren. Kanadan, gainera, hango indiarren lur eskubideen alde gogor borrokatu zen François Paulette lider politiko indiarra ezagutu nuen Artikoko Unibertsitatean. François oso ospetsua da, eta zuzenbideko ikasle guztiek dakite haren berri, haren kasua Kanada osoan ikasten baita. Atentzioa eman nion, eta harekin eta haren emaztearekin astebete pasatu nuen haien etxean. François xamana da, eta horrek balio izan zidan haien kulturaz eta tradizioez gehiago ikasteko. Dauzkadan esperientzia bitxienak dira horiek, segur aski.

Esperientzia horietatik guztietatik zer ikasi duzu?

Gauza asko. Neure burua aurrera ateratzen oso gaztetatik, askotan etxekoen babesik gabe, urrun zeudelako. Ate askotara deitzen ere ikasi dut, eta aukerak ondo aprobetxatzen, beldurrak alde batera utzita. Neure buruan errekurtso berriak bilatzen eta sortzen ikasi dut, egoera berrietara azkar egokitzen adibidez.

Horrenbeste urtez kanpoan bizita, herriaren eta gertukoen falta nabarituko duzu, ezta?

Noski, faltan botatzen ditut, eta asko akordatzen naiz etxekoekin. Sarritan deitzen diet telefonoz etxera, eta harremanetan egoten saiatzen naiz. Ahal dudanean ere, noski, etxera joaten naiz. Bikotekideari ere asko gustatzen zaio horra joatea, eta ahal dugunean joaten gara. Hau beti izango da guk nahi duguna baino gutxiago, baina, zorionez, bai familia bai gertuko lagunak beti ari dira guri babesa ematen, eta ulerkorrak dira egoerarekin.

Gomendatuko zenuke kanpora bizitzera joatea denboraldi baterako baldin bada ere? Zergatik?

Oso esperientzia aberatsak eman dizkit niri, eta asko gomendatuko nuke. Hala ere, norberari atera behar zaio kanpora joateko gogoa.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide