Alberto Martinez: "Hemen neure saltsan nabil, egun guztia musika artean"

Erabiltzailearen aurpegia Laida Beristain 2016ko uzt. 14a, 10:02

Argazkian, Alberto Martinez Alberdi.

Alberto Martinez azkoitiarra Bartzelona hirian bizi da joan den abuztutik. Hemen egiten ari zen ikasketak utzi, eta Bartzelonara soinu ikasketak egitera joatea erabaki zuen. Erabaki ona hartu zuelakoan dago, eta badirudi momentuz behintzat gustura dabilela han.

 

Noiz joan zinen Bartzelonara bizitzera? 

2015eko abuztuan etorri nintzen soinuaren inguruko ingeniaritza bat ikastera. Betidanik musikaren munduan ibili izan naiz, eta Bartzelonak mundu horretan aukera zabala duelako erabaki nuen hona etortzea. Bertan daramadan denboran gustuko kontzertu askotara joan izan naiz, eta musika estilo berri asko ere ezagutu ditut. Hauxe da nire saltsa, eta gehienbat horrexek bultzatu nau hona etortzera.


Nahi zenituen ikasketak egiteko aukerarik ez zenuen Euskal Herrian?

Bilbon badago antzeko eskola bat, baina ez dute unibertsitateko gradurik ematen. Hori ez zait askorik inporta berez, baina egunen batean master bat egitea nahi baldin badut ere ondo etorriko zait titulu hori edukitzea; baita irakaskuntzan lana topatu nahi badut ere. Bestalde, unibertsitate honek oso material profesionala du, eta modu oso praktikoan irakasten dute.

Erraz egokitu al zinen Bartzelonako bizitzara?

Bartzelonan bizi den lagun azkoitiar bat nuen, eta asko lagundu dit hasieratik Bartzelonara egokitzen eta hemengo txokoak ezagutzen. Jendea ezagutzen, berriz, pixkana joan naiz; taberna batean lanean aritu naiz orain dela gutxi arte, eta bertan jende asko ezagutu dut. Ezagutu dudan jende gehiena ni bezala kanpotik etorritako jendea da; bertakoak beraien erara ibiltzen dira batez ere.

Katalanarekin, berriz, hor nabil: pixkanaka belarria egiten ari naiz, baina oraindik nahiko larri hitz egiteko. Oraindik ez dut astirik izan katalaneko klaseetara joateko, baina badut asmoa klase batzuk hartzeko asti pixka bat gehiagorekin nabilenean.

Bartzelonara joateko erabakiarekin asmatu duzula uste duzu?

Bete-betean asmatu dudala uste dut. Lehenago esan dudan moduan, hemen neure saltsan nabil, egun guztia musika artean, eta oso gustura nago momentuz.

Ikasketak amaitu ostean zer egiteko asmoa daukazu?

Etorri nintzenean ez nuen batere garbi ikasketak amaitu ostean zer egingo nuen, eta oraindik eta zalantza gehiago ditut orain. Bartzelonan estudio txiki bat irekitzeko asmotan gara gelako lau lagun, eta proiektu horrek aurrera egiten badu, hemen geldituko naiz. Baina edozer gerta daiteke. Londresen eta Berlinen ere musika asko dago, eta estudio oso garrantzitsuak. Ez dut ezer garbirik; mundua ezagutzeko gogoa pizten zait hemen. Hainbat lekutako jendea ezagutu dut, eta mugitzeko gogoa egiten zait. Etortzen dena etorriko da, eta momentuan ikusiko dut nora jo.

Zerk erakartzen zaitu gehien hiriburuko bizimodutik?

Aktibitateak. Egunero zerbait gertatzen da edo egiteko zerbait dago; momentu oro jende berria ezagutzen duzu, eta txoko berriren batekin harritzen zara. Egia da oraindik urtebete ere ez dudala egin, eta normala da oraindik hasierako emozio hori izatea. Horretaz gain, kalean inork ez ezagutzea ere asko gustatzen zait; izan ere, hemen nahi duzuna egin dezakezu kalean, eta ez zaitu inork seinalatzen.

Herritik zeren falta nabaritzen duzu gehien?

Gertuko jendea da botatzen dut faltan batik bat: etxekoak, lagunak… Azkoitian denok lagunez inguratuta bizitzera ohituta, gertukoen falta sumatzen da. Bestalde, taldekoekin egiten nituen kontzertuak ere asko botatzen ditut faltan. Furgonetan sartu eta inguruko herrietan kontzertuak ematea oso gustuko nuen. Azkenik, herrikoen sanidadea ere botatzen dut faltan; hemen jende guay gehiegi dago, eta batzuetan nekagarria egiten zait.

Musika talderik sortu al duzu Bartzelonan?

Urte hasieratik gutxi gorabehera, pop estiloko talde batean nabil gitarra jotzen, eta ekainaren 11n kontzertua joko dugu Bartzelona ondoko herri txiki batean. Gelakide batekin beste proiektu bat ere badut; techno musika edo musika elektronikoa egiten dugu, eta gitarrarekin eta sintetizadorearekin ibiltzen naiz ni. Eta, azkenik, bakarkako proiektu batekin ere banabil, gitarrarekin eta pianoarekin base elektroniko makalak sortzen.

Estudio bat irekitzekotan zaudetela esan didazu. Zertan datza?

Bai, esan bezala, gelako lau lagun estudio bat irekitzekotan gara. Alde batetik, taldeen grabaketak egitea da gure asmoa, eta, bestetik, soinuaren postprodukzio lanak egitea. Momentuz eskolan grabatzen ditugu gauzak, eta dokumental bat grabatzen ari gara. Ezer ireki aurretik zer erakutsi edukitzea komeni baita.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide