Maialen Agirre: "Zeure buruarekin konfiantza izatea da garrantzitsuena etxetik kanpora zoazenean"

Erabiltzailearen aurpegia Laida Beristain 2016ko mai. 26a, 09:00

Maialen Agirre, Alemanian bizi den azkoitiarra.

Maialen Agirre azkoitiarrak 31 urte ditu, eta Danobat Elgoibarko kooperatibako kidea da. Marketin sailean lan egiten du, eta Alemaniako Overbeck GmbH enpresara joan behar izan zuen lanera urtebeterako. Azkenean, ordea, luzatu egin zaio egonaldia.

 

Non bizi zara gaur egun eta zenbat denbora daramazu bertan?
Alemaniako Herborn herrian bizi naiz orain dela bi urte eta erditik. Herborn Frankfurt eta Kolonia artean dago, eta 20.000 biztanle inguru dauzka.

Zein izan zen Alemaniara joateko arrazoia?
2013ko azaroan iritsi nintzen Herbornera. Elgoibarko Danobat kooperatibako marketin sailean lan egiten nuen, eta enpresaren Alemaniako instalazioetara etorri nintzen, Overbeck GmbH-ra hain zuzen ere. Danobatek makina-erremintak eta produkzio sistemak ekoizten ditu, eta nik Alemanian euskal marka indartzen eta bertan antolatzen diren erakustazokak prestatzen jardun dut.

Erraz ohitu al zinen hango bizimodura?
Kostatu zitzaidan hemengo bizimodura moldatzea; nik uste oraindik ere ez naizela guztiz ohitu. Negu ilunean iritsi nintzen, eta negua bestela ere iluna izaten da, baina hemen are ilunagoa: egunak oso motzak dira negu partean, eguraldia eta jendea ere hotza, elurra, izotza… Baina udaberrian dena guztiz aldatzen da: jendea kalera edota parkera ateratzen da, eta alemaniarren izateko era ere aldatu egiten da. Hasieran ez nuen izan harreman handirik bertako jendearekin, lanean bakarrik; bestela, atzerritarrak nituen lagunak.

Zergatik erabaki zenuen lanean eszedentzia hartu eta han geratzea?
Mutil alemaniar bat da ni hemen geratu izanaren erruduna. Ondorioz, Alemanian integratzeko eta kultura hobeto ulertzeko, beharrezkoa ikusten nuen hemengo hizkuntza hitz egitea. Ordura arte, lanean eta lagunartean ingelesez hitz egiten nuen, eta, gainera, Euskal Herrira bueltatzeko asmoz nintzen. Baina, orain hemen geratzeko asmotan nagoenez eta gainera familia alemaniarra dudanez, uste dut hizkuntza ondo menperatu behar dudala integratzeko. Horregatik, lana utzi, eta alemana ikasten ari naiz. Egunero joaten naiz hizkuntza eskolara; bada, euskara zaila izango da, baina baita alemana ere.

Noiz arte geratzeko asmoa daukazu?
Momentuz hemen geratuko naiz, baina nork daki munduko zer lekutan bukatuko dugun. Orain dela hiru urte ez zitzaidan burutik pasatu ere egingo gaur hemen izango nintzenik eta lana, familia eta lagunak utzi eta alemana ikasten ariko nintzenik. Pozik bizi naiz, eta hori da garrantzitsuena. Eta, noski, gustatuko litzaidake Azkoitira itzultzea, baina momentuz behintzat aleman artean geratuko naiz.

Azkoititik, zeren falta nabaritzen duzu gehien?
Etxekoen eta lagunen falta igartzen dut gehienbat. Horrez gain, Azkoitiko txikiteorik eta kaleko berotasunik ere ez dago hemen. Hemen etxean geratzen dira asko, eta niri kalera irtetea gustatzen zait; dena dela, hiru hilabetean behin Azkoitira joaten naiz, eta etxera sartu ere ez naiz egiten.

Zein dira euskaldunen eta alemanen arteko desberdintasun eta berdintasun nabarmenenak?
Guk pentsatu ez arren, dezenteko antza daukagu alemaniarrekin. Familia matriarkatua da: etxea aurrera ateratzen duena ama da, eta amaren zeregina oso garrantzitsua da. Familia oso garrantzitsua da haientzat, guretzat bezala. Baina, zorionez, ez gara alemaniarrak bezain karratuak, ezta hain hotzak ere izateko eran.

Esperientzia honek zer ondorio positibo ekarri dizkizu?
Aldaketak beti dira gogorrak hasieran, baina esperientzia bakoitzetik dugu zertan ikasi. Zeure buruarekin konfiantza izatea da garrantzitsuena etxetik kanpora zoazenean, eta nik uste autokonfiantza hori dela Alemaniara etorri izanaren ekarpenik positiboena.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide