Kasik musika taldea: 'Gero arte bat dela esan genezake'

Erabiltzailearen aurpegia Laida Beristain 2015ko abu. 7a, 11:57

Kasiken uztailaren 3ko kontzertua Azpeitiko Gaztetxean. / AINHOA BERISTAIN

Kasik taldea Azkoiti eta Azpeitiko bost mutilek osatutako taldea da. Taldekideak Ion Andreu (ahotsa), Alberto Martinez (gitarra), Ander Mozo (gitarra), Eneko Manzisidor (gitarra) eta Aritz Gerra (bateria) dira. 2010ean hasi zuten beraien ibilbidea, eta ekainean argitaratu zuten hirugarren diskoa. Uztailaren 3an aldi berean hirugarren diskoa aurkezteko eta beraien agurra egiteko kontzertua eman zuten Azpeitiko Gaztetxean. Gutxienez bi urteko etena egingo dute talde moduan, baina gero arte bat dela esan daiteke. 

 

Noiz sortu zen Kasik taldea?

2010ean hasi ginen gaur egun taldea osatzen dugunok elkarrekin entseatzen, baina Kasik izenarekin formazio zaharra lehenagotik ari zen jotzen. Urrestillako entsegu lokaletara joaten ginen hainbat talderekin entseatzera, eta bertan ezagutu genuen elkar. 

Lehenengo diskotik hirugarrenera aldatu zaretela al uste duzue?

Esan genezake estiloa definitzen joan garela pixkanaka urteak pasa ahala. Hasi ginenean, konposatzeko unean ez genuen zerbait espezifikoa bilatzen, irteten zenarekin aurrera jotzen genuen, eta kantei forma ematen genion mugarik gabeko era batean. Denbora aurrera doan heinean, ordea, agian freskotasun hori galtzen joan gara, estilo konkretu bateko kantak egitea nahi genuelako. Ez dakigu arrazoia zein den esaten, baina lehenengo diskotik hirugarrengora alde handia dagoela iruditzen zaigu.

Gustura al zaudete publikoarengandik jaso duzuen harrerekin?

Etxean jo izan dugunean jende ugari gerturatu izan da kontzertuetara, eta hori benetan eskertzen da. Bestalde, kanpora joan izan garenean ere, publikoak erantzun ona eman ohi izan digu, eta eskerrak emateko moduan gaude alde horretatik.

Hirugarren diskoa atera berri duzue, zein da jarraitzaileen erantzuna azken diskoarekiko?

Ekainaren amaieran Interneten jarri genuen doan deskargatzeko moduan, eta uztailaren 3an formatu fisikoan banatu genituen aurkezpeneko kontzertuan. Benetan harritu ginen jendea kontzertuan disko berriko kantak abesten ikusi genuenean. Oraingoz hori izan da publikoarengandik jaso dugun kritika.

 

 

Oraingoz taldea uzteko erabakia hartu duzue, zein izan da arrazoia? Agur bat edo gero arte bat da?

Alberto, taldeko gitarrista, Bartzelonara doa ikasketa batzuk egitera, eta hori da oraingoz taldea uzteko erabakiaren arrazoia. Gutxienez bi urtez biziko da han, eta horregatik erabaki dugu talde bezala tarte bat hartzea. Gero arte bat dela esan genezake, baina auskalo hemendik bi urtera non izango garen.

Zein izan zen zaleen erantzuna orain taldea utziko zenutela komunikatu zenutenean?

Azpeitiko Gaztetxera jende asko gerturatu zen, aurkezpeneko eta aldi berean agurreko kontzertura eta bertan batzuk esan ziguten pena zutela gure beste kontzerturik ez zutelako ikusiko denboraldi luze batean gutxienez. Eskerrik asko berriro ere denei.

Uztailaren 3an zuen azken kontzertua eman zenuten Azpeitiko Gaztetxean, nola sentitu zinaten?

Kontzertu berezia prestatzea nahi genuen, lan pixka bat eman zigun, txotxongiloak ere eman genituen, ekipo handia alokatu genuen, kontzertu luzeagoa prestatu genuen... Urduri geunden hasi aurretik, baina oso gustura gelditu ginen azkenean kontzertuarekin. Jendea oso gertu sentitu genuen eta oroitzapen ederra gorde dugu.

Azken diskoko kantu bat, zuen hainbat kantutako hitzekin osatuta dago. Taldearen ibilbidearen omenaldi moduko bat al da?

Agurreko abesti bat izatea ondo legokeela pentsatu genuen, eta abestiak, beste kantuen pusketak izateaz gain, sei urte hauen ibilbidea ere kontatzen du.

Hiru diskoetako bat aukeratu beharko bazenute, zein izango zen? Eta abestia?

Beti azkena aukeratzen dela uste dugu. Azken finean, beti hobetzen goazela pentsatzen dugu. Beraz, laugarren bat izango bagenu, agian bera aukeratuko genuke. Kanta bat aukeratzea ezinezkoa da, seme-alabetatik bat aukeratzea bezala da.

Zein da zaleek gehien eskatzen dizueten abestia?

Zalek ez dizkigute kantuak eskatzen; hala ere, tabernetan entzunenak "Gaua ez da iluna", "Elkarren zain" eta "Nora?" direla esan genezake.

 

 

Zein izan da hemendik urrutien eman duzuen kontzertua? Eta lekurik bitxiena?

Berlinera joan ginen jotzera, Rote Insel etxe okupatuan. Hori da urrutien jo dugun kontzertua, eta aldi berean bitxiena ere bai. Harriturik gelditu ginen bertan duten organizazio mailarekin, bizikidetzarekin eta mila gauzarekin.

Kontzertu edo entseguren bateko anekdota bitxirik?

Aurreko gaiarekin loturik, Berlinen eman genuen kontzertuan, lokala bete egin zen, eta handik astebetera Gasteizko Gaztetxean jo genuen, eta teknikoarekin bakarrik hasi genuen kontzertua.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide