Hitzak ez dira soilik komunikatzeko, gogoratzeko ere balio dute. Nola ulertzen zuten euskaldunek bizitza, natura eta gizakia? Hitzen jatorria ezagutzean, euskararen beste aurpegi bat, antzinakoa, ageri da.
Urrutira joan gabe, Azkoitia izena haitz eta goitia (goikoa) hitzen baturatik dator, aditu gehienen ustez. Horrela, Izarraitz izango litzateke aipatutako haitza eta Azpeitia haitzaren beheko zatia: haitz beheitia. Duela mende asko, bi herriei Urazgoitia eta Urazuetia (ur beheko lekua) ere deitzen omen zieten, Urola ibaiari eginez erreferentzia.
Lekuen izenetik haratago, naturarekin harreman berezia islatzen duten hitzak ditugu. Esaterako, ortzadar (ortzi+adar) hitzaren jatorria oso antzinakoa da. Ortzik zerua, trumoi edo ekaitza esan nahi du. Dirudienez, XII. mendean, hemen inguruko erlijio paganoan Ortzi deitzen zioten zeruaren jainkoari. Beraz, zeruaren adar litzateke ortzadar. Beste adibide bat da ekialde (eguzki+alde); esan beharrik ez dago handik ateratzen dela eguzkia.
Bestalde, gure mendietan maiz ikusten ziren otsoak, ia desagertu egin diren arren azken mendeetan zehar. Hortik dator otsail (otso+il, hilabete). Eguzkia sartzean, otsoak eta hontzak zerura begira ulu egiten hasi ohi dira. Orduan, bistakoa egiten da nondik jaio zen ilargia hitza (hil+argia), heriotzaren distira islatzen duena.
Gure izateko era ere islatzen dute gure hitzek eta hitz egiteko moduak
Maitemindu (maite+mindu) hitz konposatua, dudarik gabe, euskararen harribitxietako bat da. Jakinduriaz josia, prozesu horren eragin emozional sakona, askotan mingarria, era oso sentikorrean adierazten du. Polita da, era berean, haurdun dagoenak erditzea; gorputza zatitzea, bitan banatzen den bizitza, ama eta seme-alaba, bakarra izateari uzten diotenak.
Ulertzen dut Azkoitian lapiko/tontolapiko deitzean, hau da, kaikua/tentela, barrutik edo burutik hutsa dagoelako dela eta antxintxike korrika egitearen soinutik omen dator.
Hitzek, gauzak izendatzeaz gain, izan ginena gordetzen dute. Ogibide edo musu truk bezalako adierazpenek asko diote mundua ulertzeko moduari buruz, eta konturatu gabe, gure izateko era ere islatzen dute gure hitzek eta hitz egiteko moduak.