Batzuk diote, erdi-barrez, Louvre edo British Museum-ek beraien lurraldetako ondarea soilik edukiko balute, erdi hutsik geratuko liratekeela.
Museo horien arlo arkeologikoetan aurki daitezke antzinako Greziako eskultura klasikoak: Milosko Venus edo Samotraziako Garaipena. Bertako korridoreetan diraute historiako lehen lege idatziak (Hammurabiren kodea) edota egiptoarren idazki zaharrez beteriko hainbat harri aleak.
Europarrak, mundua arakatzen hasi zirenean, hainbat gauzen beharraz konturatu ziren. Besteak beste, XIX. mendean ez zeuden museoak gaur egun ezagutzen ditugun eran leku gehienetan. Altxorren balio ikaragarria kontuan harturik, lapurreta eta kontrabandoa zen nagusi, baita leku bateko herritarren artean ere. Bestalde, gatazka armatuen testuinguruan, pieza asko babestuago zeuden beren jatorritik urrun.
Ildo honetan, Mariette arkeologo frantziarrak pieza kantitate esanguratsua bildu eta Egiptoko ondare historikoa mantentzeko museo bat sortu zuen han bertan; hau da, Kairoko museoa. Txanponaren beste aldean Elgin izeneko kapitain britainiarra dago. Bere hitzetan, "artelanak babesteko asmoz", Atenaseko Partenoiko eskultura erdiak Ingalaterrara eraman zituen. Elginek ezin zituen itsas-ontzietara marmolezko puska haiek eraman, eta ondorioz, eskulturak horma originaletatik atera eta suntsitu zituen. Gaur egun, Partenoiko erliebeetan ez da erraza antzematea han zer zegoen irudikatuta, eta ostera, British Museum-ak dio ez dituela bere piezak itzuliko.
Partenoiko erliebeetan ez da erraza antzematea han zer zegoen irudikatuta
Horregatik, albistea da Ameriketako Estatu Batuek 9,5 milioi eurotan baloratutako pieza arkeologikoak entregatzea Indiara. Objektuen artean, 80ko hamarkadan esku ezezagunek Indiako tenpluetako batetik lapurtu zutena nabarmentzen da: Zerutar Dantzaria deituriko eskultura. Emakume bat dantzan irudikatzen du eskulturak, festa-jantzi eta harribitxiz inguraturik, kurbaz osaturiko gorputz forma berezia adieraziz.
Indiako piezen kasu hori lapurreta eta kontrabandotzat jotzen den bitartean, beste kasuak legeei dagokienez ez daude hain garbi. Orokorrean, norbaitek Egiptoko desertuan altxorren bat bilatuz gero, Egiptoko estatuarena edo berea izango litzateke hori? Edo, adibidez, Egiptoko diktadurari orain dela 100 urte erositako objektua izanez gero? Horrenbestez, British Museum-ek eta Louvrek beren ondarea lege-bidez lortu zutela diote.
Nolanahi ere, gauza bat argi dago: Frantziako eta Ingalaterrako estatuei komeni zaienean soilik gertatuko da itzulketa.