Azken mendeetan teknologia berriek gure bizitza guztiz aldatu dute. Urtero uztaren zain egotetik gertueneko supermerkatura joan gaitezke eguneko ia edozein momentuan. Salto historiko hau denbora-pasatze hutsaren ondorioa da, edo badago gure portaeran aldatu den zerbait hainbeste aurrerapen sustatzeko? Zer da antzinatik aldatu dena?
Erantzunaren bila antzinako Greziara abiatuta, lehen aldiz Lurrak eguzkiaren inguruan bira egiten zuela ziurtatu zuenean Aristarkok, ez zuten hura berritsu edo zoro bat baino askoz gehiagotzat hartu. Ahazmenean geratu zen ideia hori, horrela. Ia bi mila urte beranduago Kopernikok bere kabuz aurkitu zuenean, jendartearen erreakzioa ez zen izan ezberdina; denek 'zekiten' jainkoak Lurra unibertsoaren erdian sortu zuela. Ez zen izan norbaitek Kopernikoren froga irakurri eta uste pertsonalak alboratu arte, ateak ireki izan zitzaizkiola astronomia modernoari: eguzki sistema betidanik zegoen hor, guk ez genuen ikusten.
Einsteinek zioen egunean 30 minutu igarotzen zituela bere aurkako iritziak zituzten pertsonekin gogoetan. Horrela, kritika gogorra egin zion teoria kuantikoari. Hain gogor kritikatu zituen Einsteinen teoria kuantikoaren alde ahulenak, non 'traba' izan beharrean berebiziko laguntza suposatu zuela kritikak teoria gaur egun ulertzen dugun bezala osatzeko.
Esandako guztia frogatu ahal izan denean soilik eman dira aurrerapen esanguratsuak
Nazien gorakadaren aurrean, ordea, Einsteinek alde egin behar izan zuen Alemaniatik. Judua izatean, haren teoriak jarraitzen zituzten zientzialari alemaniarrak 'espiritu judua' zutela zen orduko gizartearen esaera. Kasurik onenean, unibertsitateko postuak aldatu zituzten eta lanpostuak galdu ziren, jakintzagatik beharrean hurbiltasun politikoa zela arrazoi. Hori guztia, zientifikotzat hartzen zuten garai hartan.
Gaur egun, zenbateraino sinesten dugu komeni zaiguna? Publikoan esan daitezke jada iritzi sakonak? Ez gaitezen ahaztu COVID-19a Txinan zenean "laster da hori hona" esaten zuena sare sozialetako burlen jo puntuan jarri zutela, zientziaren kontrakotzat jota. Gero, beldurra medio, bistakotzat onartu zen COVID-19a, ematen zuen betidanik zegoela hemen.
Esandako guztia frogatu ahal izan denean soilik eman dira aurrerapen esanguratsuak historian zehar. Ados egoteko derrigortasunik gabe, kontrakoa diona atentzioz entzutea da gure zibilizazioa eraiki duen funtsa.