Aurreko batean, euskara aspergarria dela entzun nion haur bati. Hark, erdara soilean, "euskara eskola barruan bakarrik erabiltzen den hizkuntza" dela zioen. Baliteke ama hizkuntza erdara duten haurren pentsaera orokorra izatea hori? Akaso, politikarien euskararen aldeko "datu izugarriei" dagozkien ospakizunak ilusio hutsal, propaganda gezurti edo laudorio justifikatuak dira?
Eustatek argitaratutako datu ofizialei dagokienez, 680.629 pertsonak egiten dute euskaraz egunerokotasunean EAEn. Horrek erkidegoko populazioaren %36,2ko proportzioa barnebiltzen du. Halaber, Gipuzkoako %51,8k jarduten dute euskaraz, Bizkaiko heren batek (%30,6) eta Arabako laurden batek (%22,4), hiru probintzietan euskaraz dabilen gizartearen zatia gorpuztuz. Dena den, euskararen erabilerak gora egin du eremu guztietan, eta bereziki alor formalean, ia 200.000 hizlari berrirekin EAEn 1991tik.
Gazteen entretenimenduan dago seguruenik euskararen erronka zailena
Zer da, ostera, etorkizunak opa diguna? Erantzuteko, arretaz begiratu behar zaie euskal gizartea jasaten ari den aldaketa nagusiei: populazioaren zahartzea, jaiotza gero eta gutxiago egonik immigrazioa (gehienbat gazteena) gorakorra izatea, mugikortasunaren hobekuntza hirigintzaren garapenaren alde eta globalizazioa lengoaia hegemonikoen aldeko dinamika asez.
Logikoa da ikustea, beraz, 1991n, euskaldun gehienak jatorrizko euskaldunak ziren arren (%79,3), hau da, etxean euskara jaso zuten pertsonak, harrezkero, 2021ean, euskaldunen erdiak baino gutxiago izatea horiek. 2021ean, 16 eta 24 urte bitarteko euskaldunen ia erdia (%49,2) euskaldun berria zen (1991n, %26,3); euskaldun berriek etxetik kanpo, eskolan edo euskaltegian ikasi dute euskara.
Ziurrenik, aurrekoan kalean aurkitu nuen haurrak etxera itzuli eta ordenagailua piztean ez du Youtuben edo Instagramen euskarazko edukien sortzaile famatu askorik aurkituko. Gazteen entretenimendu munduan sartzea da segurunenik euskararen erronka zailena. Gero, eskolara iristean, euskal aditza aspergarria egingo zaio, baina datuek islatzen duten moduan, ezin gaitzetsi euskara eskolek zein euskaltegiek sustatu izana.