Gerra algoritmikoaren amarauna

Erabiltzailearen aurpegia Lander Albizuri 2023ko abe. 12a, 09:35

Lander Albizurik azaroko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honakoa: 'Gerra algoritmikoaren amarauna'.

Duela hamarkada bat pasatxo, sare sozialak gardentasunerako tresna gisa hartu ziren, Arabiar Udaberria izenarekin ezagutu ziren altxamenduetan informazio zuzena partekatzeko ahalmena emanez bertako lekukoari. Orain, badirudi plataforma berberei esker gatazken inguruan desinformazio gehiago dagoela argitasuna baino. Hamasen erasoen ondorengo egunetan, berriro ikusi ditugu albisteak eguneratzeko iturri horien mende egoteak dakartzan arriskuak.

Iazko otsailean hasi zen sare sozialak informazio gerra moduan erabiltzearen fenomenoa, Errusia Ukrainara sartu zenean. TikToken sortutako bideoak izan ziren gudako lekukoek lehen pertsonan zuzeneko gertakariak partekatzeko bide orokorrena: frontean zeuden soldadu ukrainarrek eta haien herrien mugetan ezarritako tankeak, bonbardatutako departamentu-blokeak eta tropei emandako errazio paketeak...

Ildo beretik, sareen nazioarteko iritzi publikoan eragiteko potentziala bistan izanik, hainbat izan ziren horien kontrola eskuratzearren itzalean mugitu ziren hariak.

TikTokek Israel eta Hamas artean eduki faltsuari aurre egiteko prozedurak abiarazi ditu

X, lehen Twitter gisa ezaguna zenak, edukia moderatzeko langile sailak desegin zituen, albiste tradizionalen irismena mugatu zuen eta edozein erabiltzaileri egiaztapen urdina erostea ahalbidetu zion. Facebookek, bestalde, News Feed izeneko atalean albiste tradizionalak ezarri ohi zituen, baina 2016ko hauteskundeetan Trumpen aldeko gezurrak zabaldu ostetik enpresak erabateko bira eman du, albisteartikuluen kopurua guztiz minimizatuz.

TikTokek Israel eta Hamas artean eduki faltsuari aurre egiteko prozedurak abiarazi ditu. Hala ere, New Media & Society aldizkariak duela gutxi argitaratutako azterlan batek ondorioztatu zuen plataformak beste eduki mota batzuek baino sustapen algoritmiko txikiagoa eskaintzen diela albisteekin lotutako argitalpenei, iritzi publiko negatiboa saihesteko edo aplikazioa arautzearen mehatxuengatik.

Europar Batasuneko Zerbitzu Digitalen Legearen arabera, sare sozialek diru sarrera globalen ehuneko seirainoko isunak izango ditzakete edukia ez moderatzeagatik. Lege hauen eraginkortasuna zalantzan jartzen da, ordea, edozeinek desinformazioa igo dezakeen plataforma batean ezinezkoa delako egiaztatutako informazioa soilik hedatzea, horrela, enpresa gaiarekin lotutako edozein informazio ezabatzera bultzatuz.

Era horretara, sare sozialek gardentasun sentsazioa sortzen jarraitzen dute, gure pantailen atzeko amaraun algoritmikoan gerra egunero garatzen den bitartean, informazioaren bozgorailua eskuratzeko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide