Txinako kontzentrazio esparruak

Erabiltzailearen aurpegia Lander Albizuri 2023ko mai. 4a, 14:52

Lander Albizurik apirileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Txinako kontzentrazio esparruak'.

Giza historiaren orrialde goibelenetan aurkitzen dira nazien kontzentrazio esparruei buruzko lerrokadak. Dena dela, Txinako Xinjiangeko eskualdean historiaren izaera ziklikoari men egitea izan du jomuga Xi Jinping presidenteak.

Xinjiang Txina mendebaldeko eskualde zabal bat da. Espainiaren azalera hiru aldiz da, eta petrolioaren zein mineralen aberastasun esanguratsua ezkutatzen dute hango desertuek.

Biztanle gehienak musulmanak diren herrialdeko eremu bakarra aurkitzen da bertan: uigur herria.

Historian zehar, behin eta berriz erori ziren uigurrak dinastia txinatarren eskuetan, XX. mendean errepublika independentea ezartzera iritsi ziren arte: Ekialdeko Turkestango Errepublika. Maoren iraultza heldu ostean, ordea, bi estatuen arteko estatusa erabakitzeko bilera hitzartu zuten Txinako eta Turkestango presidenteek. Ostera, Pekinera bideratu behar zen hegazkina Xinjiango basamortuko dunetan desagertu zen, presidentea barne, ustekabeko ezbehar batean.

Gaur egun, uigurrek nahitaezkoa dute DNA, odol, hatz-marka edo ahots aztarnak ematea zein irisa eskaneatzea gobernuaren big data datu sistemari. Kontuan izanda Txina munduko kamera gehiena duen herrialdea dela, gizabanako bakoitza miatzen du uneoro. Erlijioa debekatzeari dagokionez, adierazgarria da estremismoaren aurkako erregulazioaren bederatzigarren artikulua: bizar luzea izatea, Korana irakurri eta zabaltzea edota haurrei jatorri musulmana duten izenak ezartzea debekatzen du lege horrek, besteak beste, "erlijioa txinatarragoa egiteko".

Poliziak dauka zigorra ezartzeko erabakia: ez dago epailerik, ez abokaturik

Orobat, Xi Jinping presidenteari zaion fideltasunaren arabera, herritarrak "fidagarri", "ohiko" eta "ez fidagarri" moduan sailkatzen dira. Azken horiek aukera ugari dute 2017tik aurrera ezagutarazi ziren "berreziketa-esparruetan" amaitzeko. Guztira, 2014-2019. urteetan 1,5 milioi pertsona handik igaro direla estimatzen da. Poliziak dauka zigorra ezartzeko erabakia: ez dago epailerik, ez abokaturik.

Kontzentrazio esparruak "balio egokiak zabaltzeko borondatezko organo" moduan adierazten ditu gobernuak. Alabaina, 2022an zabaldu ziren polizia txosten ofizialek irteten saiatzen zirenei tiro egitea arautzeak eta iheslariek ahots bakarrez tortura kasuak salatzeak ez du gobernuaren xedapenekin koherentzia mantentzen.

Txina munduko bigarren potentzia ekonomikoa zein militarra izanik, 1939an ia Alemania lez, zuhurtasunez begiratu behar zaio kontu honi. Arduratsua denak ezin badu tigrea ehizatu, behintzat ez da harengana gerturatuko, alferrik baita tigrearekin negoziatzea, norberak bere burua behin tigrearen ahoan sartuta duenean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide