2084: Spyware

Erabiltzailearen aurpegia Lander Albizuri 2022ko uzt. 7a, 09:00

Lander Albizurik ekaineko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: '2084: Spyware'.

Ayusoren aurka eginiko espioitza saiakerak eta Catalangate deitu denak oihartzun handia izan du. Horren aurrean, gaur egungo espioitza noraino iristen den zalantza sortzen da; zertarako eta zeinen probetxutarako erabiltzen da, eta batez ere, eragiten al digu herritarroi?

Hamabi mila milioi eurotan estimatzen da gailu elektronikoetako espioitza industria. Hainbat ikerketen arabera, Rwanda eta Saudi Arabiako oposizioko edota El Salvador eta Mexikoko droga kartelak aztertzeko helburua zuten hainbat kazetariren hilketetan erabilia izan da Pegasus. Hala ere, herrialde demokratikoek ere badutela frogatu da, Espainiak barne.

Pegasus erabilita hainbat espioitza kasu WhatsApp bidez egin ostean, Facebookek GSO (Pegasus programaren konpainia) salatu zuen. GSOk, espioitza esku onetan onuragarria dela eta nazioarteko erregulazioa behar dela argudiatu zuen. Snowden kasua delakoan, frogatu zen CIAk eta beste hainbat inteligentzia zerbitzuk herritarren intimitatea legez kanpo hausten zutela. Nazioarteko espioitza legerik ez egotean, alboko herrialde aliatuko herritarrak espiatu eta informazioa hango estatuarekin partekatuta, Do ut Des.

Estatu guztiek dute espioitza teknologia, eta herritar batek besteari egin ahal dizkion gehiegikeriak saihesteko erabiltzen dira. Hala ere, estatua bera boteredun gorputza izanik, eta interes propioak dituela kontuan hartuta, legez mugatzen da bere jarduera inork bidegabekeriarik jasan ez dezan. Horrenbestez, segurtasunaren izenean botere politikoak neurrigabekeriarik egin ez dezan, nazioarteko lege mugatzaileak egon behar dira.

Pedro Sanchezen gaineko espioitza egoteak, logikoki, baimen judizial gabeko espioitzak egon direla esan nahi du. Zuzenbide estatu demokratikoaren osotasuna eskubide zibilen berme leialean oinarritzen da, eta Defentsa Ministerioaren agindupean dagoen CNIak oposizio politikoaren aurka horiek hautsi baditu, zuzenbide estatua bera jartzen du balantzan. Kontuari estalkia kentzea, hortaz, zuzenbide estatuaren defendatzaile ororen eginbeharra litzateke.

Imajinatu inongo baimen judizialik gabe, segurtasunaren izenean, uniformedun poliziak edozein autori multak jartzen hasiko balira, militarrak edozein etxetara sartu eta gauzak konfiskatzen hasiko balira!

Faltsua dirudi. Orain oroitu (ikusi 2013/10/28ko albisteak) AEBek hilabete bakar batean Espainian 60 milioi dei zelatatu zituela.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide