Egia ote da J.M. Sanchez Carrion Txepetx hizkuntzalariak Udako Ikastaroetan esandakoa, alegia, egungo albistegiak ikustea eta prentsa irakurtzea dela desinformatuta egoteko modu onena? Baietz esango nuke, albiste asko direla horren adibide. Gehienetan gezurrik ez behar bada, baina fokoa atal bakarrean jarrita benetako helburua den ikuspegi partziala erraz hedatzen da. Hona horietako batzuk, ea zuek zer deritzozuen!
Duela urte batzuk, Javier Elzo soziologoak PISA azterketetako emaitzen errepasoa egin zuen egunkari bateko zutabe batean. Aurreko urteetan bezala, Europa iparraldeko herrialdeak nagusi ziren, eta hegoaldekoak, aldiz, batez bestekotik behera guztiak. Horrela irakurrita, pentsatzekoa da zerbaitetan oso oker gabiltzala, eta hasi beharrean gaudela Finlandiako irakasleak ezagutzera bueltaka. Beste datu bat eman zuen ondoren: iparraldeko herrialde horiek –eta horietan Finlandia buru zen– Europako 25 urte bitarteko gazteen suizidio tasarik altuena dute. Galdera bat eginez bukatu zuen zutabea: "Bi datu horiek esku artean izanda, galdetu iezaiozu amonari non hazi nahiko lituzkeen bilobak, Finlandian edo Italian?".
Urtean behin Forbes aldizkariak munduko pertsona aberatsenen zerrenda argitaratzen duenean, zenbat bilioi dituzten jarri ohi du izenaren ondoan, eta zenbat egin duen gora edo behera zerrendan. Demagun izenburua aldatu eta "Pasa den urteko lapurrik handienak edo zikinen jokatu dutenak" jartzen duela. Egia da aberatsenak direla, baina baita dirutza hori egiteko pertsona asko zapaldu dituztela ere; gezurra esanda, linbo legalen bat aprobetxatuta, jende mordoari ziria sartuta, pobretutako herrialde bateko jendearen bizi eta lan baldintza eskasen bidez beraien poltsikoak gizenduta... Ikustekoa izango litzateke zer egingo luketen zerrendatik kanpo geratzeko.
Uztaileko GUKA aldizkarian bailarako lagun mordoxka bati galdetu zieten nora joandakoak ziren oporretan. Hortzak luze-luze eginda irakurri nituen jendeak esandakoak. Ez zeukan jendeak ezer ezkutatzeko. Zer gertatuko zatekeen, ordea, galdera beste era batera planteatu izan baliete? Tokiei buruz galdetu beharrean, bidaia horiekin ingurumenean zer nolako kutsadura sortu duten galdetu izan baliete? Jon Kareaga ingurumen aktibistak aipatzen du, injustizia sozialak eta klimatikoak komunikatzeko bakarrik bidaiatzen duela. Bidaiatzea ederra da inondik ere, baina sekulako estutua ematen dio lehen ito beharrean dagoen ingurumenari. Ez al diogu horretaz galdetuko geure buruari? Iberdrolaren iragarki umorezko bat dabil egunotan telebistan. Emakumeen futbola eta gizonen futbolarekiko berdintasuna sustatzen dituela dio ozen. Emakumeek gizonen pareko soldatak, kontratuak eta irabaziak izateari buruz ariko da ziurrenik, ez du argi esaten. Gizonen futbolean, ordea, toki handia hartzen du zerga iruzurrak, futbol taldeak dira iruzurgile handienak, futbolariak ere hamaikatxo dira paradisu fiskaletako bezero pribilegiatu. Horretarako ere nahi ote dute emakume futbolariek berdintasuna? Ala benetan uste dute, garbi jokatuta eta zuzen ibilita egiten duela futbolak hainbeste diru?
Fokoa, begirada, zer esaten den eta zer ez, zer argitara atera eta zer ahanzturan utzi... Horra manipulazioaren gakoetako bat. Zenbat aldiz erortzen ote gara egunero horrelako tranpetan? Zenbaterainokoa ote da daukagun desinformazioa?