Ezohiko estrategiak

Erabiltzailearen aurpegia Karmen Irizar 2022ko eka. 25a, 09:00

Karmen Irizarrek maiatzeko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Ezohiko estrategiak'.

Aste Santua baino hamar egun lehenago ari naiz testu hau idazten. Orban ultraeskuindarrak hauteskundeak irabazi berri ditu, eta Europan Putinek gerra krimenak egin dituen eztabaidatzen ari dira, nazioarteko epaitegiak epaitu egin beharko al lukeen erabakitzeko. Telebistan ikusten diren irudiak makurragoak dira egunik egun, eta ez da epe motzean konponbiderik ikusten. Asaldatuta dago jendea, Putinen alde ilun hori eta begiratu batean errusiarrek inbasioarekiko duten indiferentzia ulertu ezinda. Kezkatuta batzuk, asaldatuta asko eta sinetsi ezinda hamarretik bederatzi.

Egunak 24 ordu ditu, ordea, eta kezkak dosifikatu egin behar dira. Koronabirusak utzi dio albistegietan nagusi izateari, eta klima krisiak hurrengo Glasgow baten zain egon beharko du.

Bitxia da honek guztiak duen deja-vù usaina, ez baita hau herrialde batek beste bat inbaditzen duen lehenengo aldia. 40 bat urte dira klima krisiarena entzuten ari garela, goi-bilera guztietan hartzen dira gero beteko ez diren konpromisoak, eta oporrak iristen direnean, arazo larri horiek lausotu egiten dira.

Segi dezakegu orain arte bezala, baina badakigu laister izango dela beste inbasio edo gerraren bat eta klima kontuak laztu egingo direla. Geure burua engaina dezakegu esanez Ukrainako inbasioak sakon eragin digula eta hurrengoan politikariek eta diplomaziak ez dutela huts egingo. Pentsa dezakegu ingurumenak barrenak estutu dizkigula eta aurrerantzean norbanakoek zein herrialdeek goitik-behera aldatuko dutela jarrera.

Ba horixe, segi dezakegu geure burua engainatzen. Edo orain arte probatu ez ditugun konponbideak martxan jartzen saia gaitezke. Politika eta bilera serioek behar dugun emaitzik ematen ez dutenez, proba ditzagun arinak eta alferrikakoak diruditen estrategiak.

Ezgauza izan behar du politikoak boto-emaile guztiek txalotuko luketen zerbait ez lortzeko. Ez dago gerraren alde egingo duen inor, eta hala ere, gerra eta indarkeria da hainbat politikok beren herrialdeko arazoak konpontzeko proposatzen duten irtenbidea. Garbi dago konponbide bakarra indarkeria, heriotza eta bazterrak txikitzea dela uste duen pertsonak ez duela balio herrialde bateko gidari izateko. Behar lukeen gaitasun mailatik behera dago, ez da guztion onbidea lortzeko gauza. Galdeketarik eta kezkarik gabe kendu beharko genuke kargutik eta beste irtenbide batzuk proposatzeko gai den jendea jarri.

Klima kontuei dagokienez, dagoeneko ez da nahikoa zaborra sailkatzea edo kotxea partekatzea. Egiten dugun orok eragiten dio klimari, eta gehienetan, onerako ez. Edozer gauza egin aurretik neur dezagun egiten dugun horrek nolako aztarna ekologikoa uzten duen. Neur dezagun, klima krisiari buelta ematekotan, zenbaterainoko aztarna ekologikoa utz dezakegun, eta horren arabera erabaki zer egin daitekeen edo ez.

Aztarna ekologikoa neurtzeko tresna martxan dago, edozeinek erabil dezake, gutako bakoitzak jakin dezake zenbaterainoko kaltea egiten ari zaion ingurumenari.

Bizimodua guztiz aldatzea ekarriko luke lana, aisialdia eta egunerokoa aztarna ekologikoaren arabera antolatzeak, jakina! Baina, agian, horrek ekarriko luke Glasgowkoa bezalako goibilerek lortu ez dutena. Orain arte politikarien artean ohikoa den profilak ez luke balioko, beste ikuspegi bateko jendea beharko genuke.

Bai, gauza asko aldatuko lirateke. Eta zer? Inbasioa, gerra, sufrimendua eta atzera bueltarik gabeko klima larrialdia saihesteak ez al du horrelako ahaleginik merezi?

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide