25 urte. Bejondaigula!

Erabiltzailearen aurpegia Karmen Irizar 2021ko mai. 9a, 08:00

Karmen Irizar Segurolak apirileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: '25 urte. Bejondaigula!'.

Orain 25 urteko apirileko ostegun gau batez bildu ginen lehenbizikoz Maxixatzen martxan jarri zuen taldeko lau lagun. Etxe-Aitzeko terraza, hego haize epela, ilargi betea eta orduan irudikatzea zaila izango zen egitasmo eder baten ernemuina.

Bidea ez da erraza izan, eginez ikasten joan behar izan dugu eta ez haizea, ez jendea, ez dugu beti aldeko izan. Mingarria izan zen oso, hasieran, euskara eta euskal kulturaren inguruko hainbat lagunek egin zizkiguten kritikak. Egiak denak, ziur asko, baina mingarriak hala ere, ez baitzekarten hobetzeko proposamenik, egurra baino ez.

Gogoan dut euskara elkarteok eta tokiko komunikabideok jasotzen genituen kritikak zirela eta Lasarteko euskara teknikari den Iñaki Arrutik esan zidana. Egindakoa hobetzeko tartea beti dagoela jakitun izanik ere, neure buruari bi galdera egiteko aholkatu zidan. Lehena, kritikatu gintuen jende horrek guztiak proposamen hoberik ba ote zuen. Halakorik ez bazegoen, geureari eustea zilegi zela esan zidan, eta egoteko beti erne eta zabalik etor zitezkeen proposamenei, baldin eta inoiz etortzen baziren. Bigarrena, Maxixatzenek izan zitzakeen akatsak gorabehera, ea zer ote zen hobe herriarentzat, Maxixatzenekin edo Maxixatzenik gabe bizitzea. "-kin jakina", erantzun nion nik. Segitzeko orduan, egiteko aurrera lasai, denon beharra zegoela eta euskaraz bizitzen jarraitu nahi bagenuen.

 

Euskaraz bizitzeko motibazioan eragitea eta horretarako guneak indartzea izan da beti xedea.

 

Hilabetekaria finkatu xamartuta zegoela hasi ginen kultur ekitaldiak antolatzen. Saioak beraiek bezain bereziak izan dira kulturgile handi eta txikiekin izan ditugun hitz aspertuak. Euskal Herriko hamaika txokotako jendea ezagutu dugu, bakoitzak bere iritzi eta bizipenak partekatu izan ditu gurekin emanaldiaren aurretik edo gero mahaiaren bueltan egindako mokaduan. Iritzi eta bizipen anitzak, baina euskaraz bizitzeko motibazio eta grina beretsua guztien begietan.

Aldizkaria argitaratzeari ere utzi behar izan genion aldi batez. Egoera hark ere izan zuen onik. Batetik, jende berria etorri zen taldera, eta bestetik, agerraldi publiko inprobisatu batean, nolabaiteko bat-bateko mani- festazioa egin genuen herrian. Aurrean nindoalarik, atzera begiratu eta poz eman zidan ikusi nuenak. Jende mordoa zetorren atzetik, tartean ezker abertzaleko eta PSEko zinegotzi bana. Pozgarria izan zen hain ikuspegi desberdina duten bi alderdik euskararen inguruko egitasmo baten bueltan bat egin zezaketela ikustea.

25 urteko gazteak bere bidea hasi du oraintsu. UKT taldeko parte da orain Maxixatzenen komunikazio atala. Lan arindu ederra hartu dugu, bide oparoa aurreikusten baitiogu inondik ere, baina pena ere ematen du, hainbeste urtez hegalpean izandako sorkari horri joaten uzteak, denontzat hobe dela jakin arren.

Elkartera begira jarrita gaude orain. Komunikabidea atal bat baino ez da Maxixatzenen. Euskaraz bizitzeko motibazioan eragitea eta horretarako guneak indartzea izan da beti helburu nagusia. Horretara bideratuko dugu jarduera aurrerantzean.

Gazteak ginen hasi ginenean, baina Maxixatzen bera bezalaxe, taldekideak zahartu egin gara. Geure bizi proiektuak osatu ditugu, eta taldeari uzteko inolako asmorik ez badugu ere, mende laurdenean hainbeste aldatu den munduari buruzko ikuspegi berritua duen jendea behar du gure taldeak.

25 urteko lanari errepasoa eginda, bejondaigula! baino ezin diogu esan geure buruari. Eta horrekin batera, Ongi Etorri! Maxixatzeneko eguneroko dinamikara hurbildu nahi duen edonori.

Lehenengo bileran pintxoa gure kontu!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide