Hamabost urte izango dira gure ikastetxeko hizkuntza normalkuntzako teknikari aritu nintzela; gogoan dut Zarauzko Berritzegunera joaten ginela eta bilera gelan euskarari buruzko A3ko kartel mordoxka zegoela hormetan itsatsita. Jon Sarasuaren bertsoa zekarren kartel bati begira egoten nintzen maiz, bukaera irakurrita irribarreari eutsi ezinda: «suerte bat izan dut nik nire garaian, gonbidatu nautela euskararen jaian».Hala zioen, eta halaxe sentitzen nuen nik ere, harik eta hurrengo urterako ikastetxeko diagnostikoa, ekintza plana, ikastaroa, Iraleko aukerak eta halako enparauak berrikusten hasten ginen arte. Eta kontuak zer diren, halako bilera antzu batetik bueltan gentozela, zer abesti jarriko irratian eta Ruperren Inok etzidan esan euskaldun izatia zein nekeza dan jarri ez zuten ba! Hala zioen, eta halaxe sentitzen nuen nik ere tarteka.
Orduz geroztik, gogo aldartea batera eta bestera ibili zait, baina nekeak eta flakiak gehiagotan bihurritu didate bihotza, pozak baino. Kudeaketa planak, euskarari buruzko diskurtso eta klixeak, euskaraz egiteko jendea motibatzeko arrazoiak eta bideak… Lan asko, eta espero baino emaitza apalagoak. Eta beti eskean, eta beti erreguka, eta beti norbait konbentzitu beharrean bileraz bilera, eta diru sosak nondik aterako harat-honat haztamuka…
Badira, ordea, arrazoi edo kudeaketa planei eta sosei gaina hartzen dieten zerak, edo niri behintzat, horiek guztiak ahaztu eta gozarazi baino egin ez didatenak, ezer eskatu gabe, ezer justifikatu edo azaldu beharrik gabe.
Euskalonski saioa da horietako bat. Ez dakit zuek, ni irrikatan egoten naiz astelehen gaua noiz iritsiko, munduko zein bazterretan jendeak euskaraz ere egiten duela ikusteko. Hizkuntza handiak etorkizunerako zein beharrezko diren etengabe gogorarazten diguten honetan, sekulako plazera da entzutea Errusian badela jendea euskara bezalako hizkuntza txiki bat ikasten duena Oñatiko lagun batzuei sorpresa eman nahi dielako, edo Iruñean egindako egonaldian lagunekin hitz egiteko ikasi zuela euskaraz taiwandar batek, eta, bide batez, txistua jotzen hasi. Edo herrialde eta kontinente desberdinetako bizilagunak izan arren, euskarari magia dariola sentitzen duela beste hainbatek. Euskara ez da, beharbada, inoiz hegemonikoa izango, baina jendeak hurbil sentitzen du, nonbait, baliagarri edozein bazterretan bizita ere.
Euskalonskiren bigarren denboraldia hasi arteko tartean Dantza pelikula estreinatu da zineman. Estetikoki darion edertasunaz haratago, fotogramak zenbat eta aurrerago, orduan eta identifikatuago ikusten nuen neure burua. Pelikula horrek erakusten du ondoen nik nola bizi dudan euskaldun izatea. Lurrari eta komunitateari lotuta beti, euskaldunon iruditeria kolektiboa, sinbolikoa zein lurtarra, inoren kontra ez, eta inoren aurrean azaltzeko lotsarik gabe. Plazako sokadantzako kide naiz eta baita lurra landuz bizi den hori ere. Herri bat, kultura bat, bizitzeko modu bat.
Beste horrenbeste Txalkor txistulari taldeak ematen diguna. Urtean behin Ipintzara goizean diana jotzera. Santa Ageda inguruko iganderako daukagu hitzordua jarrita. Auzoan pare bat buelta eta hiru-lau pieza jo ondoren, txabolan elkartzen gara hamaiketakoa egiteko. Salda beroa, haragi egosia eta txorixo muturra, sagardoa, ardoa, freskagarriak eta sekulako umorea. 11 lagun etorri dira aurten, gazteak gehienak, bihotza gazte eta hankak zaharxeagoak dituztenak beste batzuk. Eguneroko bizimoduko kontuak ibiltzen ditugu ahotan, adarra jo elkarri, barre egin eta gozatu; batez ere, gozatu. Eta, ondoren, beste dozena bat pieza jotzen dituzte, hala nahi dutelako, txistua jotzea maite dutelako, aurreko belaunaldiek utzi ziguten ondarea musikari zein entzule garenon kultur egarria asetzen duten iturrietako bat delako. Mahai horren bueltan ere, inoiz baino euskaldunago sentitzen gara, hala esaten aritu beharrik gabe, sentimendua da. Gutako bakoitzaren eta taldearen gogo-bihotzak, biek, gainezka bukatzen dutelako.
Mila esker munduko euskalonskiei, Dantza irudikatu eta egin duzuenoi eta Txalkorreko txistularioi.