Eta ez dut onartuko iritzi hauek agertzeagatik ni ezjakintzat har nazaten, besteak beste, belaunaldiz belaunaldi bizi izan diren emakumeek gizateriari egin dioten ekarpena hutsaren hurrengoa izan dela onartzea izango litzatekeelako eta gizarteak mendez mende inposatu digun paperean, zoko ilun askoren artean, argia ikusten dudalako, batez ere.
Gaztelaniaren inposizioaren makurrak Cervantes edo Garcia Marquezen unibertso literarioaren ederrera iristeko autobidean jarri gintuen bezala, emakumeen bizitzan ordu gehien hartu dituzten erreprodukzio eta zaintzako egitekoetan daude, nire ustez, XXI. menderako han-hemenka aldarrikatzen diren prozesu humanizatzailearen gako batzuk. Pertsona erdigunean jartzeak baino ez baitu ekarriko gizartea humanoagoa izatea.
Eta pertsona erdigunean jartzeaz asko dakite kultura guztietako emakumeek. Komunitatearen elikadura osasuntsuari eta ongizate fisikoari eusteko landa eremuko emakumeek pilatu eta elkarri transmititutako jakinduriaz ari naiz, edo urterik urte lurra emankorra izan dadin egiteko moldeez. Eta baita unean-unean, taldeko ahulenak diren pertsonei norberaren eguneroko egitekoen agendan lehentasunen marka jarri eta besteekin batera horiek ere bizitzaren xendan duin eta gozo euts diezaioten saiatzeaz ere. Argazki batean ikusita sor dezakeen xamurtasunaz haratago, munduaren ongizatearentzat da, batez ere, onuragarria, haurrek euren erritmoari egokituta biziko den pertsona eta talde baten babesa izatea, eta baita zahartzaroan ezina etorri zaienek azken aldapan makulu lana egingo dien lagun baten begirada eta zaintza jasotzea ere.
Emateko eta zaintzeko ardura hartu duten edo harrarazi dieten emakumeek badute zer kontatu egoera intimoak partekatzeak sor dezakeen maitasun eta hurbiltasun sentimenduaz. Anaia hiltzear dagoela eskutik heldu eta haren azken arnasaren zain egoteak ematen duen minarekin batera, maitasuna nola barreiatzen zaizun zain, buru eta bihotzean. Eta nola gauez, senarra ondoan, norbera erdi lotan eta haurra bularrean zegoeneko momentuak izen diren batzuentzat inoiz bizi izan dituzten unerik gozoenak. Edo adinaren eraginez belaunak gogortu eta burua arintzen ari zaion izebarekin pasieran ateratzeak ematen dizun pena baina baita lasaitua ere, bai baitakizu ez dagoela bakarrik trantze horretan. Sufritzen dagoenak bere beldur eta mamuak kontatzeak sortzen dizun nahigabeaz gaindi, zer pribilegiatua sentitzen zaren pertsona horrek bere unerik ahulenean zu aukeratu zaituelako lekuko.
Jasotzen dituzten irain, tratu txar eta umiliazioez gain, hori guztia daukate emakumeek kontatzeko, inork entzun nahiko balu.
Esan gabe doa, emakumeen ekarpen horri ez zaiola balio handirik eman orain arte. Ez du IBEX 35ean kotizatzen eta ez da agenda politikoan sartzen, ez da historiako liburuetan azaltzen, eta gizarteak beste ororen gainetik oinarrizkotzat jo duen bizitza publikora sartzea galarazi dio emakumeari.
Zilegi da, egun gizarteak egiten duen moduan, esparru publikoa jartzea erdigunean, baina pentsa une batez zenbat aldatuko liratekeen gizartearen erritmo eta balioak jende guztia jarriko balitz emakumeek mendez mende egin dutena egiten, alegia, bizitza eta pertsonak erreberentziaz zaintzen.