Azkoitiak industria tradizio luzea du. Herri honek bere ekonomia biziberritzeko baliabide bat aurkitu zuen txapelgintza eta abarketagintzan XIX. mendearen bigarren erdialdean, baina, XX. mendearen lehen erdiko krisiek eta gerrek siderometalurgiaren sektorerako aldaketa bultzatu zuten. Garai horretan, bailaran metalurgia industria eta bestelako lantegi ugari sortzen eta sendotzen zihoazen heinean, agerian geratu zen lantoki horien beharrei erantzuteko bailarako bizilagunen prestakuntza eta kualifikazio falta.
Behar haiei erantzuteko langile trebatuen premia zegoen, eta 1945ean lehenengo lanbide heziketarako ikasketak salestarrek sortu bazituzten ere, haiek herritik alde egiterakoan bertan behera geratu zen aurretik egindako lan guztia. Ondoren, 1954an Azkoitiko Udalak jardun hari segida eman nahian, mertzedario fraideek zuzentzen zuten Floreagako Herri Eskoletan lanbide heziketa berriak martxan jartzea lortu zuen gau eskola moduan, Organización Sindical erakundearen laguntza tarteko. Hazia landatuta zegoen, eta lau urte geroago, 1958an, Lanbide Heziketako Ikastetxeen Patronatua sortu zuten. Urtebete geroago hasi zen funtzionatzen lanbide heziketako institutu berria, eta Loiolako jesuitak arduratu ziren Escuela Profesional San Ignacio de Loyola izena zuen eskola hura abian jartzeaz.
Eskola hark Villa Zubiaurre izena zuen eraikinean izan zuen lehen egoitza. Eraikin hura eta inguruko lurzorua Jesusen Konpainiarenak ziren, herriko alkatea izandako Rikardo Otañok eta bere emazteak erlijio ordena horri eman ondoren, herriaren mesedetan erabiltzeko baldintzarekin. Guztira 6.610 metro koadroko azalera zuen lurzoruan zegoen egoitzak sotoa, bi solairu eta ganbara zituen. Eraikin horretaz gain, tailerrak eta kirola egiteko gune bat eraikitzea ere aurreikusten zituzten eskola martxan jartzeko, eta azkenean, bost gela zituen doitze tailerra, elektrizitate tailerra, marrazketa gela eta laborategia jarri zituzten martxan. Horren ostean, 1959ko urriaren 2an eman zituzten aurreneko eskolak, baina eskola profesionalaren hasiera ofiziala azaroaren 18an izan zen.
Azkoitiko Lanbide Eskolako aurreneko ikasturte hartan (1959-60) 33 ikasle matrikulatu ziren eta, hiru irakasle zituen eskolak: zuzendari lanetan aritu zen Jesus Madinabeitia jesuita, Valentin Bengoa jesuita eta maisu nazionalaren titulua zuen Manuel del Hoyo laikoa. Baina, azkenean, hamalau ikaslek baino ezin izan zuten eskuratu mekanikako espezialitatean oinarritzen zen Industria Ofizialtzako titulua –hori zen orduan eskaintzen zen aukera bakarra–. Lehen promozioko gainerako hemeretzi ikasleek ezin izan zuten hasieran ezarritako helburua bete. Garai hartan gutxi ziren lehen mailako ikasketak gainditu ondoren bosturteko batean (bi urteko aurre ikaskuntza eta hiru urteko ikasketak) ikasteko aukera izan zezaketenak. Izan ere, familia gehienek diru sarrerak behar zituzten, eta ikasle askorentzat gutxieneko prestakuntza jasotzea zen helburu nagusia, lan merkatuan berme osoz sartzeko.
Azkoitian, ondo sustraitutako giro erlijiosoa nagusi zen hastapen haietan: Lanbide Eskolako ikasle guztiak goizero ateratzen ziren eskolatik, parrokiara joan eta egunero ematen zuten meza entzuteko. Meza amaitutakoan, eskolara itzultzen ziren. Orduko eskolako ordutegiak ere ez zuen zerikusirik gaur egungoarekin: izan ere, 08:00etan hasi eta 20:00ak arte egoten ziren ikasleak zentroan. Horrez gain, larunbatetan ere eskolara joan behar izaten zuten.
Eskola mantentzeko egoera ekonomikoari dagokionez, hasierako urte haiek zailak izan ziren, eta eskolak ezin zien gastu guztiei aurre egin. Horrela, 1963-64 ikasturtean, herrian etxez etxeko laguntza eskea egin zuten, eta emaitzak nahiko onak izan ziren, herriko familia askoren estutasun ekonomikoa kontuan hartuta.
Gaztedi 'diskoteka' 1970. urte inguruan sortu zuten, gazteentzako dantza aretoen faltan
Azkoitiko Eskola Profesionala pixkanaka sendotzen joan zen, bailarako hezkuntza beharrei erantzuteko erreferentziazko gune bihurtzeraino. Horrela, matrikulatutako ikasle kopuruaren hazkuntza progresiboak eskolaren eskaintza handitzea ahalbidetu zuen, eta 1965-66 ikasturtean Delineazio espezialitatea eta 1971-72 ikasturtean Administraritza eta Kontabilitatea irakasten hasi ziren han. Espezialitate berri horiek ezberdintasun berezia zuten ordura arte ematen zituzten gainontzekoekin alderatuta, neskak eta mutilak elkarrekin ikasten hasi baitziren.
1966ko urriaren 24an, Urolako Mankomunitate Kultura sortu zuten, eta horren ondoren, ikastetxeak jauzi handia egin zuen ondoko beste herri batzuetara irekitzerakoan, Azkoitia, Azpeitia, Zestoa eta Errezilgo neska-mutilei bertan ikasteko aukera zabaldu baitzien.
Harreman pedagogikoaz gain, nahiko harreman estua zegoen zuzendarien, irakasleen eta ikasleen artean. Horregatik, eskolaz kanpoko egitasmo bat edo beste antolatu zuten elkarrekin. Horren ondorioz sortu zuten Gaztedi izeneko diskoteka 1970. urte inguruan. Dantzaleku hura eskolako lehen eraikin haren sotoan ireki zuten, Azkoitian eta inguruetan gazteentzako dantza areto egokirik ez zegoelako. Hurrengo hamarkadan mugimendu handia izan zen han: garai hartako rock berbenak eta bestelako ekitaldi ugari antolatu zituzten, eta bailarako gazteen elkargune bilakatu zen, batez ere igandeetan. Pello Beristain izan zen urteetan disko jartzaile lanetan aritu zena bertan. Era askotako ekintzak antolatu zituzten, eta On Bosco eskolako patroiaren egunean ere –urtarrilak 31– festa giro bikaina izaten zen, neskak eta mutilak orkatilak elkarri lotuta futbolean aritzeaz gain, ikastetxeko missak eta misterrak aukeratzen baitzituzten, besteak beste.
Irakaskuntzaren alorrera itzuliz, diktadura frankistaren amaierak ate berriak ireki zizkion Azkoitiko Lanbide Eskolari. Izan ere, 1974tik aurrera eskolak oinarrizko eta goi mailako lehen heziketa zikloak abiarazi zituen, eta bi urte geroago, irakaskuntzako sare publikoaren parte izatera igaro zen. Horren ostean, 1976-77 ikasturtean izan zen ikastetxearen publifikazioa (Centro de Formación Profesional de Urola). Ikastetxe publikoak aldaketa nabarmenak ekarri zituen hango irakasleengan, ordutik aurrera titulu ofizial espezifikoak eskatzen baitzizkieten haiei ikastetxean irakasten jarraitu ahal izateko. Ikastetxeak Maestria titulua emateko baimena ere lortu zuen, eta beraz, ez zegoen zertan beste ikastetxe batzuetara joan beharrik ikasketak amaitzera.
Bestalde, urte haiek asaldura politiko handikoak izan ziren, eta testuinguru hartan oso ohikoak izan ziren grebak, mobilizazioak, itxialdiak eta bestelako protestak Azkoitiko Eskola Profesionalean. Giro ezegonkor hartan izan ziren lehergailuen abisuak ere, nahiz eta gehienek ez zuten zerikusirik izan garai hartako gatazka politikoarekin. Esan daiteke bonba abisu haietako gehienak hango ikasleek zein haien lagunek egindakoak zirela, eskolatik piper egin edo ikuskizuna eman nahian. Izan ere, abisu bat jaso ondoren, Guardia Zibilak bertaratzen zen zentroa goitik behera arakatzera. Hainbeste bonba abisu faltsu eta gero, bertako ikasleak txantxa moduan hartzen hasiak ziren kontua, baina horren ondorioz, gertakari larri bat ere bizi izan zuten haiek 1978ko maiatzaren 2an: egun horretan, goizeko bederatziak bost gutxitan, indar txikiko lehergailu batek eztanda egin zuen metaleko eta delineazioko eskolak ematen ziren eraikineko atean, eta ikastetxeko bi ikasle arin zauritu ziren. Lehergailua puru kaxa batean simulatuta zegoen eta, pilez eta kableez aparte, lau eta zortzi milimetroko diametroa zuen metalezko bola batez osatutako metraila zuen. Lehergailuak eztanda egin zuten aipatutako bi ikasleak hura kentzera joan zirenean, eta ondorioz, 18 urteko Jose Mari Olaizolak zauriak jasan zituen hankan, besoan eta belarrian. 17 urteko Inazio Zuazolazigorragak, berriz, zauri arinagoak izan zituen.
Laurogeiko hamarkadako urteak ere zailak izan ziren ikastetxearen funtzionamendu normalerako, baina, hala ere, bere bilakaera bereziarekin irmo jarraitu zuen eskolak, eta 1985ean puntu gorenera iritsi zen: izan ere, urte horretan Irakaskuntza Ertainen Erreforma eta Batxilergo Teknikoa irakasten hasi ziren zentroan. Bilakaera hark, aldi berean, espezialitate berriekin bat zetozen leku eta material zehatz gehiago eskatzen zituen, baina zentroak ez zituen betetzen horretarako behar ziren baldintzak; are gutxiago, etorkizunari begira. Eraldaketa baten beharra nabaria zen, eta horrela, 1986an, Azkoitiko Lanbide Eskola lehen kokapenetik gaur egungo Altamirako eraikinera aldatu zuten. Kokapen aldaketa harekin, etapa berri bat hasi zuen Lanbide Heziketako ikastetxeak.
Aldaketa garrantzitsu gehiago ere izan ziren denbora gutxian, baina nabarmenena 1997koa izan zen, Azkoitiko Urola Institutu Profesionala, Azpeitiko Institutua eta Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai BHI ikastetxe publikoak bat egin zutenekoa. Horrek guztiz aldatu zuen Urola bailarako hezkuntza mapa, eta irakaskuntza ertainetako Gipuzkoako zentro handienetako bat sortu zuten. Hezkuntza proiektu aurrerakoi hark Urola Ikastola Azkoitia-Azpeitia BHI izena hartu zuen.
Urola bailarako gazteak profesionalki hezten jarraitzen du oraindik ere orduko Azkoitiko Eskola Profesionalak. Azkoitiko irakaskuntzan mugarri izan zen Escuela Profesional San Ignacio de Loyola eskolaren jarduera hark, hainbeste hamarkada igaro eta gero ere, harrobi izaten jarraitzen du herriko eta inguruko lantokientzat.
(Argazkiak: artxiboa)