Porrukaleko eta Goikokaleko kontu batzuk

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Alberdi 2025ko api. 21a, 12:52

Festak Goikokalen. (Artxiboa)

Kepa Alberdik honako artikulu hau idatzi du, Porrukalek eta Goikokalek historian zehar izan dituzten ezaugarriei buruz.

Azkoitiarren oroitzapenak herriko auzo eta kale, kantoi zein etxe bakoitzean azaleratzen dira, leku bakoitzeko pasadizoak eta bizipenak gogoratuz. Kale horietako asko duela gutxi sortu dira, baina badira beste batzuk antzinakotasun handiago dutenak eta, beraz, askoz gehiago dutenak kontatzeko historiari eta jendeari dagokienez. Bata bestearen segidan kokatzen diren Porrukale eta Goikokale dira ezaugarri hori betetzen duten kaleetako bi.

Kale horien inguruan bizi izan diren edo oraindik ere bizi diren adineko pertsonei, sentimen bidaia batean beren bizipenak gogoratzen hasten direnei, oroitzapen ugari etorriko zaizkie burura, asko haurtzaroari lotuak. Udako arratsaldeak, esate baterako, jolasa, zarata eta dibertsioa izaten ziren eta, kalean zeuden jolas eta denbora-pasa guztiez gain, kalea, erreka mendia... baitziren haur batek izan zitzakeen kirol instalaziorik onenak. Bi kale horietatik igarotzen ziren udan herriko leku desberdinetako gazteak, Altzibarko edo Landakandako presatan bustialdi bat hartzeko edo Pertxa edo Napoleonekin igeri egiten ikasteko. Askotan, gazte haiek, Elgoibarrera zihoan CAVeko autobus zuri-gorri haren eskaileretara igota joaten ziren Goiko taberna zegoen bidegurutzeraino, baina haiek kontu handiz ibili behar izaten zuten Bixerrekin, kaki koloreko eta txapel gorridun merixuarekin, hark eraman ohi zuen makila mehearekin hanketako zainak ez astintzeko. Gero, presa horietako batean bainua hartu eta bueltakoan, gustukoak izaten ziren Goikokaleko Altzartek kanikadun botiletan izaten zituen freskagarriak. Ez jolas bezala, baina bai entretenimendu gisa, gazteagoen artean ohitura zen Goikokaleko Amurketazulo zuhaiztiko bankuetan musukatzen ziren bikoteak ezkutuan ikustea. Esan beharrik ez dago, leku hura bekatu-lekua besterik ez zela garaiko autoritate zorrotzegiko apaiz azkoitiarrentzat.

Artzubi zubia, Goikokale eta Porrukale artean.

Orain ez badago ere, gaur egun Kale Nagusitik Altzibarko Etorbidera ematen duen bidegurutzean Artzubi zubia zegoen (Artzubixe) zegoen lehen, alboan, botika ondoan dagoen Kokorroneko iturria zuela. Garai batean, Artzubiko zubi hura eta Guardikalekoa ziren San Martinera joateko herriko bi zubi bakarrak, eta aurretik, San Martin kaleko parean harri pasue (harpausue) zegoen, parrokia aurrean zubirik ez zenean zegoen bezalakoa, Urola ibaia alde batetik bestera gurutzatzeko. Bestalde, Goikokale aldetik zetorren erreka eta Urola ibaia bitartean Txandixo izeneko penintsulatxo bat sortzen zen. Txandixoko etxe horiek garai bateko ferroien etxeak dira, kontuan hartuta Jausoroko burdinola bertan zela, ibaia gurutzatuta. Goikokaleko bideari dagokionez, Camino Real izena zuen, eta bertatik ez zegoen Altzibarrerako biderik orain ezagutzen dugun bezala, bide horren erdi erdian Amurketa izeneko baserria baitzegoen. Portuneko jauregiak ere bide horretatik ateratzen den aldapatik zuen sarrera nagusia. Aldapa horren azpian kokatzen zen duela gutxira arte San Frantzisko ermitatxoa. Hor bukatzen da Azkoitiko Aste Santuan, ostiral gauean ospatzen den Ehorzketa Santua izena duen prozesioa, bere intsentsu-usaina, Chopinen Hileta martxaren notak eta armatuen lantzek lurra jotzean ateratzen duten zarata dituela ezaugarri. Esan behar da, baita ere, Martirieta eta Astarbe aldeko gorpuak ermitatxo horretara eramaten zituztela Gorputz bidetik. Gero, apaizak bertara hurbiltzen zen eta parrokiara eramaten ziren gorpuak, han hileta elizkizuna ospatzeko.

Dendak, tabernak eta, batez ere, kaleko jendea bera zen Goikokaleko egunerokoari bizia ematen ziotenak. Tabernaz ondo osatuta zegoen inguru hori, eta, horien artean ezin aipatu gabe utzi Xapatero, bere Leon botilaz inguratuta, Korta bere tripaki zopa famatuekin eta Bolante. Azken taberna horretan, beti giro aparta egoteaz gain, era askotako musika entzuten zen, eta horregatik, askotariko jendea hurbiltzen zen hara, hala nola bertsoak entzun nahi zituztenak edo boleroak eta zartzuelak gustuko zituztenak. Tabernekin batera, era askotako dendak eta ofizioak ziren kale horretan: Lope pilota egilea, Praiken txapel denda, Joxe Antxiten abarketa denda, Joxe Mari Kurutzia eta bere aita-osabak lan gogorrean jardun zuten Xapatero taberna atzeko ferratokia, Benito eta Otarra barberuak, Epelde txokolategia, Viuda de Ramon Mendizabal izeneko jangai denda, ihi eta zumezko gaiak saltzeaz gain era guztietako konponketak egiten zituen Inazio Zabalaren denda, Xemeren denda, Malac izeneko tailerra, Guardia Zibilaren baimenarekin eskopetak, hamabi txikiko kartutxoak, balinak eta abar saltzeaz gain plater-tiroko txapelketak antolatzen zituen Olano denda… Zer esanik ez, Goikokalen ohikoa zen, herriko beste hainbeste txokotan bezala, abarketagile talde desberdinak ikustea, errefortzaketa eta txorta lanetan.

Suteak itzaltzeko bonba baten entsegua, Artzubi zubian, 1925ean.

Porrukalek egiten du plaza nagusiaren eta Goikokaleren arteko lotura. Garai batean enparantzan Zirkuloa zegoen eraikineko lehen arkutik gora hasten da Porrukale, eguzkia berak ere egunean zehar hain denbora gutxian argitzen duen barru-barruko kale hori. Lehen, arku horren ondoan zegoen garai batean merixuek erabiltzen zuten baskula hura, egurrez kargatutako gurdiak eta bestelako kargak pisatzen zituena. Hor hasi eta Forjas Azkoitiako ekonomatoa zegoen Ixkurkoa eraikinera arte luzatzen da kale hori. Kale horrek ere beti izan du mugimendu handia eta aparteko bizia.

Porrukaleko zaharrenek gogoan izango dituzte oraindik Raimundoren saxofoiaren soinuak, mendian biluzik ibiltzen zen Joakin Arzuaga mediku on haren eztul ezagunak, gurdien atzera-aurrerak, etxeko andreen goizeko solasaldiak eta geroxeagoko txikiteroen algara eta zaratak. Gogoan izango dituzte, baita ere, Aranbarri drogeriako lurrin edo Laskurainen txokolate usainak. Goikokalen bezala, Porrukalen tabernak eta, batez ere, dendak zeuden. Tabernei dagokionez, Goikotaberna eta Olaberri izenez ezagutu izan den Elorza taberna aipatu behar dira. Olaberrik, tabernaz aparte, jateko leku bikaina zuen garai hartarako eta Axen zen arduratzen zena. Goikotabernak berriz, badu bere historiatxoa, gerra garaian eta segidako urte batzuetan Luziano Atano izan baitzen taberna haren arduraduna; bertan, Francoren ministroak, Veraguako dukea eta antzeko jendea sarri ikusten ziren, berriro alberditarrena izatera itzuli zen arte.

Goikokale, 1953ko uholdeak utzitako arrastoekin.

Porrukalen mota guztietako lokalak aurki zitezkeen, askotariko lanbideekin, nolakoa nahi halakoa. Horrela,  Lizertza zaharrak barberia zeukan eta Luis Trapalluk, ile-apaindegia. Modestok bere janari-denda zuen, zeinak animalientzako pentsua ere saltzen zuen. Potzuk, berriz, usain ederreko bere zapata-denda zuen eta horiek konpontzen ere aritzen zen. Beste batzuen artean baziren, baita ere, Fernando Etxanizen harategia, koloniak pisura saltzen zituen Guadalupe Aranbarri drogeria, Juan Manuel Kinttelak eramaten zuen puntuzko genero eta ehunen komertzioa eta Almurketaren abarketa denda. Hain ohikoak ez ziren lanbideetan ere aritzen ziren kale horretan, hala nola Kapittanaren garajea eta bizikleten alokairua, Azkoitiko polea guztiak konpontzen zituen Ballejoren lokala, Barbako iturriaren ondoan Purtxillok diruak ondo kontatzen zituen Bankua eta Jose Alberdiren ehorztetxea, burdindegi bezala ere funtzionatzen zuena.

Azkoitiko antzinako merkataritzak, bestalde, herriko kale guztiak parte izan diren ohitura eta berezitasun asko ditu, eta horietako pare bat emango ditut ezagutzera, herriko zaharrenek ondo gogoan izango dituztenak, seguruenik. 60ko hamarkadan, Getariatik etortzen ziren otarretan antxoa hartu eta saltzera. “Antxoa preskue” deiadar eginez ematen zuten jakitera kalean saltzen ari zirela. Normalean, etxeko andrea  kalera jaisten zen antxoa erostera, baina etxe askotako bizilagunek dirua bota egiten zuten, eta trukean, otarra leihotik behera zintzilikatuz jasotzen zuten antxoa. Beste ohitura kuriosoa ere bada hemen: gerra aurretik, denda batzuetako atzealdean sukaldea eta bizilekua izaten ziren, eta jendea denda barrura sartu eta han inor ez bazegoen, "Ave Maria" deiadar egiten zuten, eta orduan azaltzen zen norbait atzeko sukaldetik.

1953ko uholdea Goikokale eta Porrukale kaleetan zehar.

Kaleek oroitzapen ahaztezinak ekartzen dizkiguten bazterrak ezkutatzen dituzte, beti gogoan izan nahi ditugun urte haietara eramaten gaituzten xarmaz beteriko txokoak eta bizipenak gordetzen dituzte. Jarrai dezagun, bada, kale horien iraganera bidaiatzen eta horiei bizitza ematen zieten azkoitiarrak gogoratzen.

Abarketak egiten Porrukalen.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide