Herri baten historian beti aurkitzen dira bizilagunentzako egoera eta ondorio penagarriak eragin dituzten zoritxarreko gertakariak, eta Azkoitian ere ez dira arrotz izan natur hondamendiak, epidemiak, gerrak eta gainerako zorigaitzak historian zehar.
Begirada oso atzera bota gabe, aurreko hamarkadan egoera arriskutsuak izan ziren herrian, hala nola, hainbat etxebizitzatan piztutako suteak. Basoaz aparte, baserriak ere erre izan dira; horietako bat, Urrategi auzoan, 2016an Koatei kiskali zen. Sute horietan hildakorik izan ez bazen ere, ezin da gauza bera esan 2020an Ibaiondo kaleko txurro denda mugikorrean izandako sutean gertatutakoaz, han lana egiten zuen bikotea hil egin baitzen.
Berriagoak diren gertakizun horiek alde batera utzita, mende batzuk atzera egin eta Azkoitiko eraikinen trinkotasuna eta bizilagunen segurtasuna arrisku larrian jarri zituzten sute batzuk zerrendatzen hasiz gero, Balda Etxea aipa daiteke. XII. mendearen amaieran edo XIII. mendearen hasieran eraikia, Azkoitiaren sorreraren aurrekoa da, eta bete-betean sartzen da Azkoitiaren historia beltzean. Baldatar leinuko jaun askok, ganboatarren bandoan itzal handiko partaideak izanik, parte hartze aktiboa izan zuten garaiko gerra, sute, lapurreta, arpilatze eta heriotzetan. Oinaztarren eta ganboatarren arteko borroka odoltsu haietan bada 1319an gertatutako pasarte adierazgarri bat: Juan Martinez Oñaz kapareak su eman zien Baldako Santa Maria elizari eta dorretxeari, oinaztarren bandoko beste jaun eta lagun batzuen laguntzarekin. Gertaera hartan, Pedro Ibañez Balda hil zuten, bere semearekin batera. Bestalde, herrian kalte handiak eragin zituzten suteen artean, 1436ko azaroan izandakoa da lehena. Gertaera hura hamar urte geroago errepikatu zen, oinaztarren bandoak ganboatarra garaitu ondoren, hiribilduari su eman zionean, alegia. Ezbeharrak ez ziren hor amaitu, 1545an eta 1654an, beste bi sute handi dokumentatu baitziren, azken hura garai hartako hiribilduko auzorik jendetsuenean; hau da, goiko errebalean.
Sutea ezbeharraren eta tragediaren sinonimoa bada, uholdearekin gauza bera gertatzen da, horiek ere, oro har, galerak eragiten baitituzte eraikin, errepide eta laborantza lurretan. Aurreko mendeetan, Urola ibaiak maiz eraman izan ditu bere bidean aurkitutako zubiak eta bestelako eraikinak aurretik, euri zaparrada mardulez ondorioz. Uholdeak direla eta, egoera gordinak bizi izan dituzte Azkoitian, eta horietako lehenaren aipamena 1593koa da. Geroztik ere, ur jauzi ikaragarriak ezagutu izan dira inguruetan, eta gogoratu besterik ez dago 1926an, 1953an eta 1983an izandako uholde suntsitzaileak. 1953koa izan zen kalte gehien eragin zuena, herri guztia lohiz estaltzeaz gain, hondamendiak hildakoak utzi baitzituen. Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan ibaiak gainezka egin eta zorigaitza jabetu zen herri horietan, Urolako ur lasterrak autobus eta auto bana eraman ondoren, hildako asko izan baitziren. Autobusean zihoazen hamasei lagunek eta autoko bi bidaiarik galdu zuten bizitza, eta haietatik lau azkoitiarrak ziren.
Uholde haiek denborale izugarrien ondorioak izan ziren eta, bat aipatzearren, bada herrian ondo dokumentatuta dagoen ekaitz beldurgarri bat, hondamendia besterik utzi ez zuena. Zoritxarreko ekaitz hura Elosua aldetik sartu zen 1555eko ekainaren 18an, eta txingor zaparrada hark izugarrizko kalteak eragin zituen: besteak beste, 27 baserri guztiz suntsitu eta beste askotan galera handiak sorrarazi zituen. Baserrietako uztaldia ere guztiz birrinduta utzi zuen ekaitzak, ondorioz, gosea nagusitu zen herriko txoko askotan. Herriko agintariek, herritarren bekatuak zirela eta, jaungoikoaren zigortzat jo zuten denborale hura, eta bide batez, otoi gehiago egiteko eskatu zieten. San Martin egunean kanpaiak jotzeko ohiturak gertakari hartan du jatorria, hura gertatu eta gero, muinoan dagoen ermita aukeratu baitzuten zeruan laino beltzak ikusi ordurako, bertako kanpaien hotsez, eguraldi txarren eta ekaitzen etorriaren berri emateko herritarrei.
Izurriak ere jainkoaren zigortzat hartzen ziren, herritarrek egindako bekatuengatik ordain moduan. Izurri beltza, oro har, arratoiek kutsatutako arkakusoen ziztadaz transmititzen da, eta aurreko mendeetan zegoen higiene faltagatik eta gaixotasun horren kontrako sendagai egokirik ez zegoela kontuan hartuta, gaitz horrek eragiten zuen heriotza kopurua handia zen. Azkoitian ere, mendeetan zehar, hildako gehien eragin zuen zorigaitza izan zen gaixotasun krudel hori. Azkoitian izandako lehen izurrite dokumentatua 1565ekoa da, baina 1597an eta 1599an ere herria oso kaltetua izan zen, eta azken urte hori izan zen izurri krudel eta eraginkorrenaren testigu zuzena. Izurri beltza zela eta, txandako guardiak egiteaz gain, herritar taldeak antolatzen ziren herriko sarrerak zaintzeko, gaixotasun kutsakorra sartzeko arrisku handia zegoela eta. Urte hartan, heriotza kopurua ikaragarria izan zen: izurritearen eraginez, familia osoak hil ziren, eta kalte handiak izan zituzten familia batzuek, hala nola Larramendi, Umansoro, Olariaga eta Mokoroa etxe eta baserrietakoek. Izurria klase xumeek pairatzen zuten bereziki, familia pobreak hiri barruetan geratzen baitziren preso, agintariek ezartzen zituzten isolamendu neurri gogorren mende. Pobreak izateaz gain, emakume alargunak edo ezkongabeak baziren, oraindik eta egoera okerragoan aurkitzen ziren haiek, gizartearen aldetik batere babesik gabe, kutsatutako gaixoak zaintzera, haien arropak garbitzera, hilak janztera eta beste hainbat lan arriskutsu betetzera behartzen baitzituzten; kasu askotan, haiek ere gaixotu eta galbidean erortzen ziren. Bestalde, gaixoekin komunikatzeaz eta hildakoak lurperatzeaz arduratzen ziren pertsonak gizartearen tratutik kanpo geratzen ziren. Zer esanik ez gaixorik zegoen pertsona bakar batek ostrazismora kondena zezakeela haren familia osoa, eta, jakina, baita kutsatua izateko arriskura, gosetera, heriotzara eta komunitatetik isolatuta geratzera ere, familia horretako beste kideak gaixo egon ez arren.
Izurri beltza zela eta, herritar taldeak antolatzen ziren herriko sarrerak zaintzeko
Azkoitiko herriak jasandako izurrite kaltegarrien kronologia horri 1649, 1811, 1820, 1855, 1873 eta 1881. urteetan izandakoak gehitu behar zaizkio. Urte horietan, meza eta prozesio franko egin ziren izurritetik babesteko eskatuz, eta gehienetan, Roke donearen eta Errukietxeko Bakardadeko Andra Mariaren irudiak ateratzen zituzten. 1855eko kolera morbo izurriteak ere hildako asko utzi zituen herrian, gaixotzen zenak ez baitzituen zazpi egun baino gehiago irauten bizirik. Gaixotasunari, askotan, hilgarri izan zitekeen beste pairamen batek laguntzen zion: goseak. Izan ere, pobreziaren mugan edo miserian zegoen jende askoren ekonomia prekarioa, eta bizilagunen edo komentuen karitatearen menpe egotea elementu arriskutsuak ziren izurriaren erasokortasunaren aurrean. 1873 eta 1881ean, berriz, sarna kutsagarria izan zen herria gogor kolpatu zuena. Gaitz hura zutenak hobeto artatzeko, San Joango bainuetxea eta San Martingo eliza dagoen eraikina atondu zituzten herriko agintariek.
Gerrek ere ezbehar handiak eragin zituzten Azkoitian. Euskal Herria Espainiaren eta Frantziaren arteko pasabide garrantzitsuenetako bat izanik, estatu horien arteko liskarretan eta gerretan sartuta egon da herrialdea behin baino gehiagotan. Horrela, XVI. mende hasieratik XVIII. mende hasiera arte, lau gerratan nahastuta egon zen: Hogeita Hamar Urteko Gerra (1618-1648), Ondorengotza Gerra (1701-1714), Konbentzioaren Gerra (1793-1795) eta Espainiako Independentzia Gerra (1808-1814). Bi mende horietako testuinguruan, Azkoitiko herritarrek egoera lazgarriak bizi izan zituzten. Alde batetik, hainbat herritar bidali zituzten gerrara, eta, bestetik, herrian geratzen zirenek era guztietako egoera jasangaitzak pairatu zituzten, gerra bat bukatzerako bestea hasten baitzen, eta burua altxatzeko denborarik gabe, egoera negargarrira kondenatuta egon baitziren urte askotan. Frantsesek lur hauek okupatu zituztenean, hemengo biztanleek jasan zuten izuaren adierazle da behin eta berriz errepikatzen zen egoera: frantsesek, besteak beste, elikagaiak eta tiro animaliak eskatzen zizkieten herritarrei, eta haiek zeukaten gutxi hura ematen zuten, gosetea biztanle gehienengan hedatzeraino.
Ondoren, karlistaldiak etorri ziren. Lehen Karlistaldiak (1833-1840), Foruen Gerra izena hartu zuenak, ondorio tamalgarriak ekarri zituen Euskal Herriarentzat, gatazkaren ondorioak eta biktimak alde batera utzita, bertako foru erregimena bertan behera geratu baitzen. Bigarren Karlistaldiak, berriz (1872-1876), porrot militar eta ekonomikoa ekarri zuen, eta euskaldun asko Ameriketara erbesteratu zen, azkoitiarrak tarteko. Bide batez, euskal herritarrak soldaduska egitera behartuak izan ziren, eta azkoitiar askok nahiago izan zuten itsasoa zeharkatu eta Ameriketan aberasten saiatzea, eurena ez zen aberriaren alde borrokatzea baino, Afrikako harea beroetan hiltzeko arriskua saihestuz. Hala eta guztiz ere, 1936ko gerra izan zen azkoitiarrei zorigaitzik handienak ekarri zizkiena, Francoren bandoan parte hartzen zuten 71 herritarrek eta nazionalisten eta errepublikanoen bandoan aritzen ziren beste 42 azkoitiarrek galdu baitzuten bizitza. Gerra hura faxistek irabazi zuten, eta Junta Carlista izenekoa berehala hasi zen herriko familia nazionalistei isun ekonomikoak jartzen. 1936an bertan, faxistek, Comision Central de Incautacion de Bienes izeneko erakundea sortu zuten eta, entitate hark altxamenduari aurre egin zioten azkoitiar askori ondasun guztiak bahitu zizkion. Bestalde, Ley de Responsabilidades Politicas izeneko legea aplikatuta, gutxienez, 56 azkoitiar auzipetu zituzten, aurrez udalak berak prestatutako "zerrenda beltza" oinarri izanda. Herriko lau apaizen izenak ere azaldu ziren Gipuzkoako Gobernu Zibilak prestatutako beste zerrenda batean, haiek zigortu edo Euskal Herritik kanporatzeko asmoarekin. Azkoitiko Karlista Guda Batzarrak bestelako neurri gordinak ere hartu zituen familia abertzaleen aurka, eta tiroz hildako, herritik zein lantokietatik kanporatutako zein espetxeratutako familietako kide asko izan ziren. Testuinguru hartan, familia askok Bizkaia aldera ihes egin zuten; bataz beste 660 azkoitiarrek, horietatik 47 sendi oso-osoak, 200 pertsona inguru, gainontzekoek 440 pertsonen taldea osatzen zutelarik.
Gerra horretan, bada aipatu beharreko beste egun bat ere: 1936ko abuztuaren 24a. Egun horretan, Olaso bailara aldetik hiru hegazkin sartu ziren herriaren erdi aldera. Kanpai hotsak hasi orduko azkoitiarrak gordelekuetara mugitu ziren eta ez zen hildakorik izan, baina bai nolabaiteko txikizioa, zazpi bat bonba bota baitzituzten. Lehergailu haiek, Bizkargi eta Intsaustiko soroetan, Floreagako ikastetxearen atzealdean, Bizkargiko lantegian, Santa Klarako errebal zaharrean eta Gregorio Zabala Patatero jaunaren etxean erori ziren. Arbasoek aipatutako gertakari horiek eta beste hainbeste jasan behar izan zituzten, baina, aldi berean, zorigaitzeko egoera haiek guztiak gainditzeko gai izan ziren. Herritarrek asko dute ikasteko haiengandik, bizi izandako errealitate izugarri horietako bakoitzean bizilagunen arteko elkartasuna gailendu baita.