Azkoitiko toponimia, edo bertako lekuen izen propioek adierazten dutena, arbasoek garai batean herriko gune edo leku bakoitza izendatzeko erabiltzen zuten berezko hizkeraren lekukotza da.
Euskal Herriko toponimia Europako oparoenetakoa eta aberatsenetakoa dela esaten dute arlo horretan adituak direnek, eta gainera, Azkoitiko toponimiak arreta oso berezia merezi duela ere bai, bere antzinatasunagatik edo arkaikotasunagatik, hizkuntza garbiagatik edo jatorragatik eta bere ugaritasunagatik.
Azkoitia euskaraz bizi den herria denez, bertako toponimiak ez du beste herri batzuetan bezain besteko galerarik izan, eta horri eskerrak, bertako tokien izen jator asko duela mende batzuk bezala mantentzen dira. Horrela, tokien izen multzoa euskarak herrian aspaldidanik duen testigutzarik aberatsena eta jatorrena da, eta lurralde honetako adierazpenen aztarna zaharrena eta sendoena bilakatzen da.
Herrian bertan, toponimorik bereizgarrienak etxeei izena ematen dietenak dira. Azkoitia hirigune bihurtu zenean, XIV-XV. mendeetan, inguruko baserrietatik jaisten zirenak ziren bertako biztanleak. Garai hartan, herri harresituko orubeen banaketa egin zuten gune hori populatzea erabaki zutenen artean. Geroztik, hango etxeak bertan bizi ziren biztanleen jatorrizko baserri izenarekin ezagutzen hasi ziren, hala nola Umansoro etxea, Olano etxea, Epelde etxea, Albitxurinekoa, Altzibarrenekoa eta Txurrukaetxea.
Agintariek herritarrei aldarrikapenak egiteko erabiltzen zuten xementeixope
Azkoitian etxe zahar bakoitzak bere toponimo edo berezko izena duen moduan, ezin dira alde batera utzi izen propioa duten beste hainbat txoko kuttun ere. Laburpen txiki bat eginez, Goiko Kalen Amurketazulo izena duen txokoa dago. Garai batean zuhaitzak eta bankuak zeuden anbulatoriora doan zubiaren hasieran dagoen gune txiki horretan. Kalean behera joanda, Portaleburura heltzen da bat. Horrela deitzen zitzaion garai batean herriko enparantza nagusiari, eta izena barruti harresituaren sarrera bateko atariari dagokio, goiko errebalean zegoenari, hain zuzen ere. Hor elkartzen zen, batez ere XVI. mendean, udal irekia, ordenantzei eta beste gai batzuei buruz eztabaidatzeko. Plaza horretan bertan, XVIII. mendean eraikitako Goiko Losa frontoia dago, 1922an kantxa berritu zitzaiona. Udaletxearen azpian, berriz, bertako arkuen barruan, azkoitiar guztientzat hain kuttuna den Kontzejupe frontoia dago, Azkoitiaren izena nonahi ohorez zabaldu duten hainbat eta hainbat pilotari handiren unibertsitatea izan dena.
Goiko Losa izena aipatuta, Kale Nagusian behera, Erdi kalea edo Txorixo kalea deitu izan zaion kale zatitik joan eta Bekolosa deitzen zaion eremua dago, parrokiaren atarian. Atari horren inguruan badaude beste toponimo zahar batzuk ere, hala nola Barriken iturria, Etxe Beltz, Xementeixope, Kanpantxozulo eta Frailletako txokue. Barriken iturria 1831n jarri zen lehenik, Plazaberriko mendebaldeko muturrean, Etxe Beltz jauregiaren aurrean. Eta 1926an Plazaberri birmoldatu zenean, iturri hura gaur egun dagoen lekuan jarri zen. Xementeixope, parrokiko sarrera nagusiaren ezkerretara dagoen arkupea, oso ezaguna da herrian, eta bere garaian, herriko agintariek parrokiaren aurrean biltzen ziren herritarrei aldarrikapenak egiteko erabiltzen zuten. Duela gutxi bertan zegoen jarleku luzea kendu zuten arte, herritarren biltoki eta maxixatzen ibiltzeko lekua ere izan zen. Parrokiaren eskuin aldera, berriz, Sakristaukoa etxearekin izkina egiten duen parean Kanpantxozulo izeneko lorategitxoa zegoen. Orain alesagarrondoak daude han, eta aurreko mendean, herriko txikiteroak oso estimatua zuten komun estalia egon zen bertan. Besteak beste, parrokiaren ondoan bazen izen propioa zuen frontoi txiki bat ere. Izan ere, 1926a baino lehen, Etxe Beltz eta Idiakez Ederra eraikinen arteko eremu osoa hartzen zuten beste hiru eraikin zeuden parrokiaren sarrera aurrean. Erdiko eraikinean Maristen Eskola zegoen, eta haren sarbidea bi adarreko eskailera bat zen. Eskuin adarreko horma Frailletako txokua izeneko frontoi txikiko frontisa zen.
Parrokiaren atzealdean ere badira beste toponimo batzuk. Esate baterako, gaur egun Atraskua taberna dagoen eraikinari Barrenetxe deitzen zaio, eta Atzekoaldean aurrera jarraituz, Ospeletxe eraikina da hurrengoa. Azken izen hori Ospital etxetik datorrela esaten da. Bien artean gaur egun dagoen aparkaleku eremuari Dolarea deitu izan zaio, baita Karobi ere, garai batean, parrokian konponketa lanak egiteko kareharrizko harriak kiskaltzen zituen karobi bat baitzegoen han. Atzekoaldean aurrera eginda, Txakurzulora heltzen da, Txurrukaetxea eta Ernandokoa edo Errezil etxea eraikinen atzetik doan kale zatira. Garai baten, kale horretatik ateratzen ziren Atzekoaldeko zikinak eta zaborrak, eta hortik datorkio izena. Izan ere, orduko burdinoletan, burdin-harria urtzerakoan, burdin-salda ontziaren alde batetik ateratzen zen, eta eskoria edo balio ez zuen materiala, berriz, txakur zulo izena zuen zulotik.
Urola ibaia gurutzatuta, Miserikordia etxera helduko ziren herritarrak garai batean. Handik parrokiko zubiraino egin zuten bideari Espaloie izena ipini zioten, eta elizako zubitik orain gasolindegia dagoen aldera egin zen bidea, berriz, Malkorbide izenez ezagutzen zen, bide hori egiteko San Martingo menditxo malkartsuari zati bat kendu baitzioten. Bide hori jarraituz, Txandixo edo Txandeo izeneko etxe multzora heltzen da. Txandeok, etimologikoki, "etxe-multzoa" esan nahi du, eta Azkoitian, Aingeru kaletik zetorren Katuin errekaren eta Urola ibaiaren artean sortzen zen halako penintsula batean zegoen etxe ilarak hartu zuen izen hori, gaur egun San Martin kalean dagoen etxe lerro horrek, hain zuzen ere. Etxe horiek garai bateko burdinoletako olagizonen etxeak ziren, kontuan hartuta Jausoroko burdinola ere hortxe zegoela, Urola ibaia gurutzatuta.
Txoko bakoitzak bere historia
Aipatutakoez gain, toponimo ugari aurki daitezke herriko kaleetan zehar ibiltzen jarraituta, eta oinezkoa berehala konturatuko da txoko bakoitzak bere izena eta historia txikia dituela. Horrela, Azkoitiko Kale Nagusia inguratzen duten etxe guztiek eta inguruko beste askok ere izen propioa dute. Horien artean izen berezi ugari aurki daitezke, asko etxe haietako bizilagunek lan egiten zuten lanbideekin lotutakoak: Zesteronekoa, Zapaterokoa, Drogeriakoa, Bernabesastrenekoa, Erdikobotikanekoa, Goikotabernakoa, Karnizerokoa, Bekopanaderiko etxea, Medikuetxea, Organistanekoa, Barkilleronekoa, Txoferretxea, Ojalateronekoa... Beste etxe batzuk, aldiz, bere garaian bertan bizi ziren bizilagunen izena jaso zuten: Tomasenekoa, Pedritonekoa, Joxerramonekoa, Danielenekoa, Esperantzanekoa... Badira izen berezi xamarra duten etxeak ere: Katxarrenarekoa, Astapatxikonekoa eta Interesekoa, esate baterako.
Bi dira toponimiaren sail nagusiak: biztanleak dituzten lekuen izenaz (herri, auzo, kale, etxe eta abar) arduratzen dena bata, eta izadiari buruzko izenak (mendi, erreka, ibar, haitzulo eta abar) biltzen eta aztertzen dituena, bestea. Herri barruko toponimia sorta oso aberatsa bada, askoz oparoagoa da bertako baserri, mendi, erreka, zelai, baso, iturri, soro, bide eta antzekoak hartzen dituzten izenena. Bertan, orografiarekin zerikusia duten izenak daude: Etzanleku, Kurutzetazpia, Pagoandipea, Arrobikosakona, Aitzbarrena, Osinburua, Iturrigaña, Larregimunoa, Aldapasarreta... Landarekin lotura dutenak: Zelaitxiki, Atarikobasoa eta abar; florarekin ikusia dutenak: Aritzaldea, Gorostiegurra, Pagoerreketa, Sagastitxiki; industriarekin lotuak: Egurrola, Basterrikaerrota; toponimia erlijiosoa dutenak: Kurutzeaga, Jandoneaniz, Kanposanto, Karidadezalle...
Beste hainbat toponimo sailkapen egin daitezke, baina bada deigarria den sailkapen bat; izen konposatuena, hain zuzen ere, baina batzuetan, izen amaigabeak dirudite: Arrizabalagakoezkertegikomuntegiazpia, Largaraterdikosallarenbekopartida, Arrumarrategikogastañaldia, Kortakoaitzekoirugarrentrozua eta Otolaldekogaramenkobideazpia, esate baterako. Bada beste izen bitxi bat ere Azkoitian: Osti-kanpai edo Ostikanpaie. Bertako askok izen horri zentzu bat ematen badiote ere, bere benetako esanahia "trumoia iragartzen duen kanpaia" da, eta helburu hori betetzen zuen San Martingo kanpai bati dagokio izena, osti hitza trumoia hitzaren sinonimoa baita.
Hitz toponimo asko galdu badira ere, Luis Maria Mujika euskal filologoak eta bere taldeak egundoko azterketa lana egin zuten 1989an, eta Azkoitiko 4.200 toponimo inguru aurkitu zituzten. Lan horrek izugarrizko balioa du, herriko toponimoek, gaur egun, galtzeko arrisku bizia baitute. Esate baterako, mapa topografiko osatuenetan ere ez dira toponimo gehienak jasotzen, eta horren ordez, gaur egun, artxiboetako eskritura eta eskuizkribu zaharretan egin daiteke toponimoen bilketa ziurrena, ahoz aho eginiko testigutza asko murriztu baita. Esanda bezala, Azkoitian ere izen asko galdu dira eta galtzen ari dira, herritarrak eguneroko erabileratik pixkanaka baztertzen ari direlako. Izen asko ordezkatu eta beste asko ahaztu egin dira, inork idatziz jaso ez baditu behintzat, eta ez dira konturatzen, berreskuratuko ez den sekulako altxorra desagertzen doala.