Herriko harresia eta ateak

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Alberdi 2024ko aza. 17a, 08:30

Azkoitia XVII. mendean.

Azkoitiak historian izan dituen harresiez eta herriak izan dituen ateez, erronda bideez nahiz bestelako pasabideez hitz egin du Kepa Alberdi kolaboratzaileak honako ekarpen honetan.

Gero Azkoitiko hiribildua izango zena, San Martin de Iraurgi izenarekin sortu zen hasiera batean, 1324ko urtarrilaren 4an, Burgosen (Espainia) Alfonso XI.a errege gaztelarrak horretarako pribilegioa eman ondoren. Hiribildu hura San Martingo muinoan egoteagatik hobeto defenda zitekeen lekua bazen ere, ez zituen bizilagunen ikuspegiak bete, eta 1331ko uztailaren 9an herritarrek erregeari hiribildua Urola ibaiaren ur bazter batera lekualdatzea eskatu zioten. Izan ere, garai hartan, ohikoak ziren gaizkileen lapurretak eta eskualdean botere zein aberastasun maila handiagoak lortzea nahi zuten zaldun edo jauntxo boteretsuen presioak edota erasoak. Hain justu, horiengatik hobeto babesteko egokiagoa ikusi zuten orduko herritarrek asentamendu berriaren kokapena. Baldako Santa Maria monasterioaren ondoan zegoen kokaleku berriari, Miranda de Iraurgi izena jarri zioten.

Herria lekuz aldatuta, herrigunea Urola ibaiaren plano paraleloan antolatu zuten. Gainera, bertako biztanleek, denbora gutxian, hiribildu berria harresi batekin inguratu zuten, San Martingo muinotik lekualdatu eta zortzi hamarkadetara, hain zuzen. 1436an, sute handi batek harresi barruan sakabanatutako etxe asko erre zituen. Urte batzuk geroago, 1446an, suak hartu zuen berriro hiribildua, Ahaide Nagusien indarkeria jasan ondoren. Herria Ladrón de Balda jaunaren alderdikoa zen, baina Juan Lopez de Lazkano arerioak garaitu zuen hura, eta orduan herriari su eman zion. Hori nahikoa ez, eta 1545. urtean ere sute izugarria jasan zuen herriak.

Azken sute horren ondoren hasi ziren harresi barruko kale eta etxe ilarei forma ematen, hiru etxe ilara eta bi kale eratuz. Ibai aldeko kaleak, Kalegurutze edo Gurutzekale izena zuen —geroago Konpainia kalea deituko zitzaion—, eta haren parekoak, Izarraitz kalea. Hiribildura harresian irekitako bi ateetatik sartzen zen: batetik, Ernandokoa edo Errexil etxearen ondoan zegoen Beheko edo Azpeitiko atetik, eta bestetik, gaur egun Etxebeltz dorrea dagoen ondoan kokatzen zen Goiko edo Idiakez atetik. Ate horiek lotzen zituzten bai herriko erdigunea eta Santa Klara errebala, bai Bastarrika errebala. Sasoi hartan, gainera, herri barrutia inguratzen zuten errondak ere bazeuden —gerra garaietan eta arrisku unetan herri-zaintzaileek erabiltzen zituzten bidexkak—, baita kaleak zeharka edo Urola ibaiarekin lotzen zituzten pelena edo pasabideak ere.

Harresiak, defentsari zegokionez, bazituen abantailak, baina harresiz kanpoko baserrietan eta errebaletako etxeetan bizi zirenek ez zuten harresiaren babesik. Harresiz kanpoko biztanleek hiribilduan babestu nahi izan zuten etsaiengandik, baina harresiaren mantenu lanetan lagundu gabe. Hori dela eta, 1413ko martxoaren 19an, Azkoitiko arduradunak eta harresitik kanpo bizi ziren herritarrak bildu ziren, kontzejuko karguak aukeratzeko, larreen aprobetxamendua aztertzeko, justizia nola banatu erabakitzeko eta bestelako gai batzuk adosteko. Era berean, bi aldeek konkordia bat sinatu zuten Çubietako zelaian, gaur egun Baldako plaza denaren inguruan. Akordioaren arabera, harresitik kanpo zirenek hiribilduaren babesa izan zezaten, bertako epaileek epaitzea onartu behar zuten eta udal-ordenantzen mende jarri.

Historiografia modernoa bat dator hiribilduaren harresik lau ate izan zituztela esaterakoan, nahiz eta zenbait autorek hiru ate baino gehiago ez aipatu. Herrigunea inguratzen zuen lehen harresiak bi ate zituen. Lehen atea, gaur egun Ernandokoa etxea (Errexil etxea) dagoen gunean zegoen, eta Azpeititik hurbiltzen zen jendeari sarrera emateaz gain, Santa Klara errebalari ematen zion bidea; ate horrek estalpea zuen, eta haren ondoan gurutze handi bat zegoen. Ate horri hainbat izendapen eman izan zaizkio, besteak beste, Beheko atea, Azpeitiko atea edo Matadeiko atea. Bigarren atea, Goiko atea edo Idiakez izenekoa, Etxebeltz dorrearen eta parrokiaren artean kokatzen zen. Etxebeltz dorrearen teilaturainoko altuera zuen ate hark; hura izan zen garaiko ate nagusiena. Esan izan da, 1456ko uztailaren 31n, hainbat bandotako hemezortzi buruzagik iltzez jo zutela Gipuzkoako Ermandadeari zuzendutako erronkaren adierazpen entzutetsua, elkarte horrek haien dorreak eraisteko agindua eman ondoren. 1446an, ate horren ondoan eraiki zuten idiakeztarrek Etxebeltz jauregia.

Parrokia eraiki zutenean zabaldu zuten herriaeta hura harresitik kanpo utzi zutela kontuan hartuta; egun udaletxea eta Ikurrinaren Plaza dauden pareraino luzatu zuten lehen harresia. Zabalgune horrek etxe ilara bana zuen bi alboetan, eta bien tartean, Erdi Kalea edo Eliz Kalea. Eremu berri horrek, jatorrizko nukleo bezala, bere bi atari edo ate zituen. Alde batetik, Elgoibarko, Iparraldeko, Itsasoko edo Bizkaiko atea izenez ezaguna zen atea zegoen, Ipar kaleko irteeran, egungo Aizkibel kaleko kantoia eta Floreaga auzoa lotzen zituena. Ate hori, Lasao etxearen edo Kantoiko etxearen eta parrokiaren artean kokatzen zen. Beste atea, Bergarako atea edo Portaleburu izenekoa, egungo udaletxearen parean zegoen, herriaren mendebaldeko muturrean. Ate horren lehen aipua 1506. urtekoa da, eta ondorengo urteetan udalak egindako kontuen goiburuetan argi eta garbi ikusten da ate horren kokalekua zein izan zen; "Azcoytia hiribilduan, ate gaineko kontzeju-etxearen barruan..." esanak garbi ematen du aditzera udaletxea ate horren gainean eraiki zutela. Ate horrek dorrea zuen gainean, eta eraikin horretan herriko armak gordetzen zituzten. Izan ere, Gipuzkoak muga egiten zuen Frantziarekin, eta beharrezkoa zen mugaren alde honetako herriek bere armategia izatea, Frantziarekin etengabeko talkak izaten baitziren. Arma horiekin tarteka alardeak egiten ziren, normalean Portaleburun.

Garai hartan, oso garrantzitsua zen harresiaren defentsa funtzioa, eta Azkoitikoa ondo diseinatuta zegoen horretarako. Harresiak ateetan dorreak zituen, baita zaintza lanak egiteko erronda bideak eta harresia inguratzen zuen ur kanala ere. Jendearen pasabidea zorrotz kontrolatzen zuten ate horiei esker, batez ere gerra, izurri eta antzeko egoeretan. Adibide moduan azal daiteke, esaterako, 1454ko Azkoitiko Batzar Nagusiaren bilkura batean hartutako neurria. Herriko ateak ixteko agindua eman zuten orduan, beharrezko bake sozialari eusteko eta armak zeramatzan jendearen sarrera saihesteko.

Beste herri askotako harresien moduan, Azkoitikoak ere izan zuen bere dorretzarra. Eraikin hura Goiko edo Idiakez atea izenez ezagutzen zen sarrerako ate nagusiaren parean eta Izarraitz nahiz Konpainia kaleak batzen ziren enparantzatxoan zegoen kokatuta. Dorretzar hura, seguruenik, parrokia egitean galduko zen.

Herriko harresia erronda izeneko bidexkek inguratzen zuten, eta horiek arrisku eta gerra garaietan guardiak egiteko eta herrira hurbiltzen zenaren berri jakiteko erabiltzen ziren. Era berean, baliagarriak izan ohi ziren pandemia garaian hirigunera sartu beharrik ez zuten oinezkoak harresiaren kanpoaldetik joan zitezen. Urola ibaiaren ondoan zegoen errondak Erronda kalea edo Konpainiaren erronda izena zuen. Gaur egun Inazio Iriarte Margolaria kalea dagoen tokian kokatzen zen errondak, alegia, parrokiatik Ernandokoa edo Errexil etxeraino zihoan errondak, Izarraitz erronda zuen izena. Dirudienez, Urola ibaiaren ondoan zegoen errondara zaborrak eta bestelako zikinak botatzen zituzten herritarrek beraien etxeetatik, eta horren ondorioz, udalak etxeak ibairaino luzatzeko baimena eman zuen. Erabaki horren ondorioz XVIII. mendearen hasieran desagertu zen erronda hura. XV. mendean, ordea, beste erronda bat eraiki zuten, herri gunea Bergarako atea edo Portaleburu izenez ezagutzen zen sarrera berriraino hazi zenean. Erronda hori Idiakaitz etxe ondoan dagoen hormatik Portaleburu ate berriaren pareraino luzatu zuten harresiaren ondoan kokatu zuten, Urola ibaiarekiko paraleloan.

Debako atea.

Herriko lehen harresiak ur kanalak zituen bere ondoan, hiribilduaren defentsa are gehiago sendotzeko. Hala azaldu zuen Arkeolanek 2016 egindako indusketa baten ondoren argitaratutako txostenak: han berreskuratutako material arkeologikoak XIV. eta XV. mendekoak dira, eta azterlanak ondorioztatzen duenez, kanal horrek lau metroko zabalera zuen; harresiaren kontra eraikitakoa zen. Kanal artifizial horrek Urola ibaiko ura hartzen zuen, eta, ibaiarekiko perpendikularrean, gaur egun Etxebeltz jauregia dagoen tokitik igarotzen zen, egungo parrokiaren parera iritsiz. Inazio Iriarte Margolaria kalearen parera ere biratzen zen kanala, eta kale horren trazaduratik igarotzen zen Balda plazara iritsi arte; han berriro biratu eta Urola ibaira itzultzen zen kanala. Dena den, kanal horrek bizi motza izan zuen, bere trazaduraren zati baten gainean parrokia berria eraiki zutenean kanala lurrez bete eta lehortu egin baitzen. Izan ere, parrokiako kaperak eraiki zituztenean elizaren atzean botatzen zuten handik ateratako lurra. Nolanahi ere obra partikularretatik bizilagun batzuek ateratako lurra ere hara botatzen zuten.

Azkoitian ere Erdi Aroko beste hiribildu askotan egin zena errepikatu zen: atarietako ate gainetan santu edo Ama Birjinen irudiak jarri zituzten, herriaren debozioa eta pertsonaia horien babesa erakartzeko. Paper zaharretan agertzen da, Juan de Gorosabel harginak Ama Birjinaren irudiak jarri zituela 1535ean Goiko eta Beheko ateetan. Hargin batek jarri zituenez, harriz egindako irudiak zirela pentsa daiteke. Gaur egun, Ernandokoa edo Errexil etxeak fatxada nagusiko lehen solairuan du Jesusen Bihotzari eskainitako irudi bat. 1830ean Beheko edo Azpeitiko atea eraitsi eta berehala jarritakoa izango da, ziurrenik. Dena den, ezin da ziurtatu irudia atariaren jatorrizkoa denik, seguruenik berantiarragoa izango baita. Gauza bera esan daiteke Ipar Kalean parrokia atzeko atearen parean dagoen irudiaz. Irudi hori ere Ipar Kaleko atearen gainean zegoena zela esaten da. Adituek diotenez, Idiakez atearen gainean ere Andre Mariaren irudi bat zegoen, baita Bergarako edo Portaleburu ateetan ere.

Denborarekin galdu zuten harresiek defentsarako funtzioa, eta, aldi berean, oztopo bihurtu ziren; izan ere, mendez mende herrigunea etengabe zabaltzen ari zen. Bergarako atea edo Portaleburu 1730ean eraitsi zuten bere arkuarekin eta dorrearekin. Era berean, hamarkada batzuk geroago, Beheko edo Azpeitiko atea eta Goiko edo Idiakez atea botatzeko asmoa agertu zuen udalak, herri erditik pasatzen zen Errege-bidea egokitu eta Santa Klarari nahiz Erdi Kaleari bidea irekiz; plazatxoari itxura hobea eman nahi zion erakundeak hala. Bestalde, ate horien tamaina ez zen egokia, handik igarotzen ziren zalgurdiak gero eta handiagoak baitziren. Arrazoi horiez gain, agintariek Ibaiondon bide berria egiteko asmoa erakutsi zuten. Ordea, herritarrek ez zuten horrelakorik nahi, eta hori horrela, ateak botatzeko erabakia hartu zuten. 1830eko uztailaren 25ean, udalak ateak eraistea erabaki ondoren, berehala eraitsi zituzten Beheko edo Azpeitiko atea eta Ipar kalekoa. Lehen atea eraisterakoan, hiru lasto-gurdi erabili zituzten harriak erortzean horien kolpeak arinagoak izan zitezen. Aterik handiena, Idiakezkoa, ez zuten besteekin batera eraitsi. Hainbat arrazoiren artean, herrian sutea izanez gero ateak suebaki edo cortafuego lana egiteko balio zuela pentsatzen zuten. Ate hori eraitsi zutenean, aldi berean, Etxebeltzera sartzeko eskailera kendu zuten.

Ahaide Nagusien bandoko kideen eraso bortitzetatik nahiz gaizkileetatik babesteko, eta kanpotik zetozen izurriteetatik zein gaixotasunetik zaintzeko, ahalegin handiz eraiki zuten hiribilduko lehen biztanleek harresia. Mende batzuk geroago, herritar haien ondorengoek eraitsi zuten. Harresiak eta horien ateak zein dorreak eraitsita, gure herriaren historiaren zati handi bat desagertu zen fisikoki, zalantzarik gabe.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide