Misterioz betetako San Martingo eliza eta muinoa

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Alberdi 2024ko urr. 18a, 15:00

San Martingo eliza. (Utzitakoa)

Kepa Alberdik honako ekarpen hau idatzi du San Martingo muinoan dagoen ermitaren historiaren eta eraikinak gordetzen dituen istorioen inguruan.

Beti esan da Azkoitiko herriaren sorrera San Martingo ermitari lotuta dagoela, Iraurgi bailarako Beidazarko guneari, hain zuzen ere. Iraurgiko haranaren lehen idatzizko erreferentzia, lurralde eta gizarte entitate gisa, 1186-1189. urteetakoa dela dirudi, eta Iruñeko apezpikuari lotuta egongo litzateke. Iraurgi eta San Martin lotzen dituen aipamena, berriz, ehun urte pasa beranduagokoa da, 1324an Gaztelako Alfonso XI erregeak hiri titulua eman zionekoa San Martin de Ahezcoytia de Yraurgui izenarekin, ermitaren izena jarri baitzioten muinoaren ondoan eraikitako herriari.

Muino horren gainean San Martin ermita dago eta, VII. mendetik aurrera behintzat, bertakoentzat leku sakratua izan zela adierazten duten aztarnak aurkitu ziren han, 1994 eta 1995 urteetan egindako indusketetan. Ermitaren zoruaren azpian VII.tik VIII. mendera arteko antzinatasuna duten zazpi errausketa-ontziz osatutako nekropolia aurkitu zuten, eta horiek garbi azaltzen dute inguruetan bizi zen jendearen ehortz-lekua edo hilerria zela. Hori horrela, Azkoitiko tontortxo hori Gipuzkoako paganismoaren aztarnategi berantiarrenetakoa bihurtu da. Horrelako kasu bakanak ezagutzen dira, eta, esan daiteke, garai hartako San Martingo biztanleak jentilak zirela, kristautasunetik aldenduak. Izan ere, orduan jada kristau errituak ziren nagusi, eta gorpuak osorik lurperatzeko ohitura zegoen zabalduta, baina San Martinen, gorpuak lurperatu ordez, erre egiten zituzten. XIII-XVI. mendeen artean datatu zitezkeen tipologia xumea duten hilobiak ere aurkitu zituzten; gehienak zuzenean azpian dagoen harkaitzean zulatutako hilarriak dira. Garai baten ohikoa zen moduan, hildakoaren gorpua bertan utziko zuten, halako beztidura batekin bildu eta gero. Aztarna horien emaitzetan garbi agertzen da hildakoak halako tresna desberdinekin lurperatzen zituztela, beira puzketaz gain, legionario erromatarrek erabiltzen zuten burdinazko pilum lantza motako punta bat ere aurkitu baitzen. Elementu horiez aparte, Erdi Aroko 32 txanpon aurkitu ziren, eta horietatik zaharrenak Portugalgo Alfontso III.aren erregealdikoak dira (1248-1279), eta berriena Portugalgo Alfontso V.aren erregealdikoa (1439-148). Bestalde, indusketetan umeen hezurrak ere azaldu ziren.

San Martingo muinoa XX. mende hasieran. (Utzitakoa)

San Martingo muinoko eraikuntzak aldaketa handiak izan ditu azken hiru mendeetan. Lau zati bereiz daitezke eraikuntza horretan: dorrea, seroraren etxebizitza, kultua eta erakusketaren eremua, eta azkenik, terraza perimetrala. Lehenengo hirurak ermita zaharrari dagozkio, eraberritu eta ospitale bihurtu aurretik; terrazak, berriz, geroago gehitutakoak dira, tuberkulosiaren aurkako beharrei erantzuteko. Dorrea eraikitzeko agindua, bestalde, 1638. urtean eman zen, Francisco de Arizabalo, Juan Martinez de Agirrebein eta Juan de Otañoren planoak jarraituz. 1796an eraikina eraberritu zuten arren, orain ezagutzen dugunarekin zerikusirik ez zuen, orduko dorrea baxuagoa izateaz gain, erlojua ere dorreko alde batean soilik baitzuen. 1920an, dorreari solairu bat gehitzearekin batera, lau esfera berri jarri zitzaizkion erlojuari, eta horretaz gain, dorreak zuen teilatua kendu eta orain duen dorre almenatua ezarri zitzaion, gaur egun ezagutzen den dorrea bilakatuz.

Ermita berari itsatsita dagoen etxeak funtzio asko bete ditu haren historian zehar. Alde batetik, Felipe IV.aren tropen kuartela izan zen, baita Konbentzioko Gerran parte hartu zuten soldadu frantsesen egontokia ere. Ondoren, ospitale izatera igaro zen,  eta tuberkulosia zuten gaixoentzat eritegia ere izan zuen. XIX. mendeko bigarren partean egokitu zuten aurrenekoz eraikina ospitale moduan, baina 1942an izan zuen  hark berrikuntzarik handiena, 1936ko gerraren ondoren tuberkulosia zuten gaixo ugarien erietxe bihurtu baitzen. Gaixo larrientzat lau gela eta seroraren etxea prestatu ziren beheko solairuan, eta goikoan tuberkulosi gaixo arruntentzat ziren lau gela mantendu zituzten. Horietaz aparte, leiho ugariak zituzten beste bi terraza-planta gehitu ziren hegoaldean eta mendebaldean, erizaindegiaren benetako beharrei aurre egiteko. Gerora, udalak hartu zuen ermitak zuen etxearen jabetza, eta duela gutxira arte, udaleko lanetan aritzen ziren merixuen, liburutegiko arduradunen eta kale garbitzaileen etxea bihurtu zen, besteak beste. Harrezkero, piotarrak ezagutu ditugu ermitaren zaintza lanetan. Amaren lana elizaren zaintza zen bitartean, seme-alabak erlojuari korda eman eta hura zaintzen zuten, erlojua mantentzearen ardura Alkorta anaiek hartu zuten arte. Eliza hor egon da hainbeste mendetan, baina bitxia bada ere, 1970. urtea aldera, On Anastasiok eman omen zuen han lehen meza, hainbeste urte eta gero; izan ere, bere esanetan, 452 urte ziren orduan han mezarik ez zela ematen. Kontu kuriosoekin jarraituz, esana da, baita ere, errezildarrak herritik gora irtenda egoten zirela, hemengo meza orduan San Martingo meza entzuteko.

San Martingo muinoan aurkitutako hilobiak. (Utzitakoa)

San Martingo ermita bertako kanpai hotsagatik eta erlojuagatik da ezagunena azkoitiarrentzat. Garai batean, besteak beste, ordua adierazteaz gain, mezara deitzeko, heriotza baten berri emateko eta sute baten arriskuaz ohartarazteko ere erabiltzen ziren kanpai hotsak, baina konjuruak egiteko ere erabili izan dira. San Martin egunean, hain justu ere, meza egin eta herritarren aldetik dorreko kanpaiak jotzen direnean, ekaitz bortitzengandik babesteko eskatzeko erritu zaharra betetzen da. Usadio horrek badu bere jatorria: 1520an kanpaia ipini (indusketetan aurkitu zen kanpaia funditzeko erabili zen labea) eta 35 urte geroago, 1555eko ekainaren 18an, izan zen txingor jauzi ikaragarria, hain zuzen ere. Ekaitz beldurgarri hark, Azkoitiko 27 baserri guztiz suntsitu zituen eta beste askori kalte izugarriak eragin omen zizkion. Elosu aldetik sartutako ekaitzak guztiz suntsitutako baserriak honakoak izan ziren: Kortatxo, Urrategi, Zelaeder, Errasti, Ubegietako biak, Esaubeko biak, Aistarri, Madalzaeta, Egizabalgo biak, Eginoko Zabaleta, Irizargo Zabaleta, Urrisarri, Kortaberri, Malmadi, Goenaga, Ziorraga, Koroategi, Azalgorreaga, Urraselus, Olarango biak eta Otolako hiru baserriak. Aipatu beharra dago, baserritarren uztaldia aurrera zihoala urteko garai horretan, eta uzta dena galtzean, honela ziotela baserritarrek: “Ogirik eta sagarrik gabe geratu gera”. Izan ere, horiek ziren aldi hartako jakirik garrantzitsuenetakoak. Egoera oso larria zenez, udaleko agintariak elkartu ziren, horrelako ekaitzei aurrea hartzeko konjuruak egiterakoan parrokiako elizgizonek izan zuten jokabidea aztertzeko. Herritarrak ekaitzaz ohartarazteko kanpaiak jo zirela baieztatu zuten, baita Tomas de Ubayar sakristauak berandu jo zituela ere. Era berean, egiaztatu zuten apaizak ez zirela parrokiatik irten otoitzak behar bezalako solemnitatez egitera. Horretaz gain, Jaungoikoari beldur handia zen garai hartan gertatutakoa honen kastigutzat jotzen zen: “… que Diós había permitido por nuestros pecados (…) como una llamada que nos hacía para una mayor práctica de la oración…”. Gertaera horren ondorioz, eta berriro horrelakorik ez gertatzeko, agintariek San Martingo ermita aukeratu zuten eguraldi txarren eta ekaitzen aurkako konjuruak egiteko, hango muinotik herri osoa ikusten zelako. Apaiz bat ere jarri zuten San Martingo ermitan, egunez eta gauez, maiatza hasieratik uztaila bukatzeraino, eguneroko meza konjuru bezala eskaintzeko, urteko uzta eguraldi txarraren kontra babesteko asmoarekin. Apaiz hark zeruan laino beltzak ikusi orduko kanpaiak jotzeko agindua zuen, eta horiek jotzen entzun orduko, herriko ermitetako serorek ere bertako kanpaiak jotzeko agindua zuten. Gertaera hartan du jatorria San Martin egunean kanpaiak jotzeko ohiturak, gaur egun, herritarrek urteko egun horretan bakarrik jotzen badituzte ere. 

Garai batean, Azkoitiko eguneko lanak eta bestelako gorabeherak San Martingo kanpaiak markatzen zituen, eta bertako sinbolo bihurtu da denboran zehar. Gauza bera esan dezakegu bertako erlojuaz ere: San Martingo ermitako erlojuaren lehenengo erreferentzi idatzia 1518koa da, eta harrezkero, etengabeak izan ziren jasandako matxurak eta bestelako gorabeherak. Hori horrela, 1612an, herriko alkatea zen Martin Perez Zubiaurrek San Martinerako erloju berria egiteko proposamena egin zuen. Urte batzuk geroago, erloju berria ipini zuen Elgoibarko Marigortako Pedrok, baina hura ere arazoak ematen hasi zen eta, horren ondorioz, 1695ean, erlojua tokiz aldatzeko erabakia hartu zuen udalbatzarrak, eta parrokiko dorrera aldatu zuten. Urteetan, erloju hori hainbat aldiz eraman zuten San Martingo ermitatik parrokiko dorrera, eta alderantziz. Dirudienez, sarri xamar gelditzen eta atzeratzen zen, ermita eta parrokia jotzen zituzten tximista ugarien eraginez. 1762an, beste erloju berri bat ipintzea erabaki zuten Azkoitiko agintariek, baina azkenean, mende bat geroago ipiniko zuten San Martingo dorrean, 1859an hain zuzen, hau herriko puntu guztietatik ondo entzuteko kokapenik egokiena zela eta. Bilboko Faustino Zugasti y Hermanos etxea arduratu zen gaur egun dagoen erlojua ipintzeaz eta, bide batez, kanpaia ere erloju horretara egokitzeaz. Hamarkada batzuk geroago, 1914an, dorrearen konponketa egin zenean, erlojuari ere aldaketa handiak egin zizkioten, baita 2006an ere, erlojuaren lau esferetako orratzak altzairu herdoilgaitzezko beste batzuengatik aldatu zizkiotenean.


San Martingo museo barrua. (Utzitakoa)

Bukatzeko, bada San Martingo ermitari lotuta umeen hezurrei buruzko istoriotxo bat ere: 1729ko abenduaren 29an, San Silvestre egunaren bezperan, San Martingo seroraren ilobak gazte bat aurkitu omen zuen haurren hezurrak bilatzen, eta agintarien aurrean salatu omen zuen. Dirudienez, neska gazte haren deitura Inaxi Basauri zen, eta Ubegietan hil zen haur baten hondakinak jasoak zituen, Olazaga baserriko Angela Alkorta bere nagusiaren aginduz. Azken horrek haurraren gorpua lapiko baten egosi omen zuen, eta gero beste osagai batzuekin nahastu, hauts pikortatuak lortzeko. Sorginak bere ezkon-ahizpekin adiskidetzeko erabili nahi omen zuen edabea, etxeko arrazoiak zirela medio, haiek urruti bizi zirelako. Dirudienez, ezkon-ahizpen etxean jatordua prestatu eta hango bizilagunekin tratu batera iritsi zen, arto eta gaztaina piloaren truke hauts magikoak janarian bota zitzan. Azkenean, traturik ez zen egon, etxekoek iritziz aldatu baitzuten. Salaketaren ondoren, Logroñoko Inkisizioko epaimahaiak parte hartu zuen, eta azkenean, Inaxiri eta Angelari, Gipuzkoako barrutitik kanpo bi urteko erbesteratze zigorra ezarri zitzaien. Paper zaharrek diotenez, 1730eko apirilean, alkaide presozainak Bizkaiko Jaurerriarekin muga egiten duen Elgoibarko Ukarregiko gurutzeraino eraman zituen haiek.

San Martin ermita Azkoitiko herrigunea menderatzen duen muino baten gainean nabarmentzen da, bere dorre sendoarekin eta erloju esferekin, talaian dagoen herriaren faro-zaintzaile izaera hartuz. Tontortxo sakratu horretatik gure asaba zaharren sekretu asko atera badira ere, ermitak istorio eta bitxikeria ugari du oraindik kontatzeko, misterioz beteriko Azkoitiko altxorra baita.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide