Azkoitiko lehen hiri-gutuna Alfonso XI.aren garaikoa da, 1324koa hain zuzen, eta orduan herriak San Martin de Pinezkoytia izena hartu zuen. Hiri-gutuna eman eta zazpi urtera, Azkoitiko biztanleek erregearengana jo zuten berriro, hiribildua San Martinetik Baldako Santa Maria monasteriotik gertu dagoen lursail batera eramateko baimena eskatuz. Orduan, Miranda de Iraurgi izena hartu zuen herriak. Lursail hura gaur egun Plazaberri izenez ezagutzen duguna zen, eta hara hurbildu ziren azkoitiar haiek altxatu zituzten herri guneko lehen etxeak. Horrela, XIV. mendean abiatu zen, etorkizunean hiru etxe ilara bilduko zituen barruti harresitu haren historia. Lursail hura, bere etxeekin eta herriko errebaletara ematen zuten bi portale edo ateekin, gertaera garrantzitsu guztien erdigune bihurtu zen, bertan baitzeuden udaletxea, dendak, tabernak eta eskola. Orduan zeuden bi kaleek bat egiten zuten lekuan eraiki zen parrokia bera ere.
Herrian sute handiak izan ziren hasiera hartan: izkribu zaharretan, 1436, 1545 eta 1571eko suteak aipatzen dira, baina 1654ko abuztukoa agertzen da kaltegarriena bezala, Plazaberriko ia etxe guztiak erre eta eraikuntza sendoak bakarrik iraun baitzuten zutik.
Hiru etxe ilaren tartean bi kale ziren. Ibaiaren aldetik geratzen zen kalea Gurutzekale edo Kalegurutze izenez ezagutzen zen, eta bestaldean geratzen denari Izarraitz kalea deitzen zitzaion. Gaur egun Plazaberri bezala ezagutzen den eremuak aldaketak izan zituen hurrengo hamarkadatan, baina XIX. mendera arte ez zen izan hain aldaketa garrantzitsurik. Mende horretan, 1830eko uztailaren 25ean, harresi barrura sartu eta bertatik ateratzeko erabiltzen ziren bi ate handiak eraitsi zituzten. Bestalde, hiru etxe ilara haiek mendeetan zutik egon baziren ere, 1844ko maiatzaren 8an, erdiko etxe ilarako bi etxe jausi eta ilara horretako beste etxeak aztertu ondoren, guztiak eraistea erabaki zen, haien egoera tamalgarria ikusi ondoren. Horren ondorioz, leku berean plaza eder bat eraikitzea erabaki zen. Horrela, erdiko etxe ilara eraitsi, kale osoa egokitu eta bere harrizko jarleku, zuhaitz eta farolak egokitutakoan, 1848ko uztailaren 25ean inauguratu zen, erdigunea osatzen zuen eremurik handiena altura batera eta, alboetako bi pasabide aldiz, lurraren mailan zituen Alameda de Peñaforida izeneko zumardia. Hain ezaguna den barriken iturria ere bertan jarri zuten, atzean bere aska zuela.
Gaur egun, herritarrok Plazaberri izenez ezagutzen duten eremuak hasiera horretan izen hori hartu bazuen ere, 1875ean, Alameda de Carlos VII izen berria ipini zioten, “herriko biztanleei hainbeste maitasun eta atxikimendu froga ematen ari den errege agurgarriaren oroitzapenean” edo “herria, bere presentziarekin ohoratzera etortzen denean, bertan paseatzen den lekua delako”, orduko alkatearen esanetan. Pixka bat geroago, berriro, Peñafloridako Zumardia izena hartu bazuen ere, gerora, Zumardia bezala ezagutzen zen kaleari Etorbidea izena ematea erabaki zen eta, azkenik, Kale Nagusia izena ipini zioten, goitik zetorren kaleari segida emanez.
Ricardo Otaño alkatea izan zen, XX. mendeko hirugarren hamarkadan, gure herriko erdigunearen irudia hein handi batean aldatu zuten hainbat proiektu sustatu zituena. San Martingo Etxe Merkeen, tren geltokiaren eta parrokia aurretik bertara doan errepidearen, Ibai Ondoko errepidearen eta beste hainbat ekimenen bultzatzaile nagusia izateaz gain, Plazaberriren eraldaketa ere berak sustatu zuen, gaur egun herritarrek gozatzen jarraitzen duten etorbide zoragarria utziz.
1925. eta 1926. urteen artean egindako eraberritze horretan, Plazaberriko etorbidearen erdialdean altuera batera zegoen eremu guztia eraitsi eta kale osoa altuera berean utzi zen. Kalearen erdialdean, bere garaian Izarraitz eta De la Compañia kale historikoen harriztadurari zegozkion galtzada-harriak daude oraindik. Parrokiaren aurrean zeuden etxeak ere eraitsi ziren, bertan zen eskola barne, eta horren ordez, bidea, espaloiak eta jada ez dagoen lorategia jarri zituzten. Azkenik, Barriken Iturria Plazaberritik erretiratu eta gaur egun duen kokalekuan jarri zen.
Plazaberrin, dela haien historiagatik, dela bertan bizi izan diren pertsonaiengatik, dela haietan izan diren gertaerengatik, asko dira bertan nabarmendu diren eraikin eta txokoak: Altzibarrenekoa edo Atxaran (102 zk.) aipatu beharrekoa da, hainbeste urtez herriko udaletxea izan zena. Honi itsatsita Medikuetxea eraikina dago (104 zk.). Duela gutxira arte bertan zegoen Aldalur jostun-denda, eta bertan bizi izan zen Joanes Etxeberri, jatorriz Sarakoa bazen ere, hainbeste urtetan Azkoitiko medikua izandakoa eta euskararen aditu handia eta idazle ospetsua. Ilara berdinean, kalean gora joanda, La Caixa dagoen tokian, Olanotarren dorre zaharra zegoen. Hori XVIII. mendean desagertu zen, eta bertakoa zen jatorriz Olano kapitaina, Cristobal Colonen hirugarren bidaian pilotu izan zen nabigatzaile ospetsua. Pixka bat gorago, besteak beste, Azkoitiko historiako bi une garrantzitsuetan agertzen den Idiakez jauregia (Etxe Beltz) dago. Lehen une aipagarria 1456koa da, ahaide nagusien arteko bando-gerrari lotuta, Gipuzkoako ahaide nagusiek jauregi horren atean iltzatu baitzuten beren azken erronka. Bigarrena berriz, 1838ko gertaera bat da, Espainiako infantea eta tronurako lehen erregegai karlista zen Karlos Maria Isidro borboitarra Beirako printzesarekin eraikinaren barneko gela batean ezkondu zenekoa. Gaur egun Iturri jatetxea dagoen eraikina ere hor dago, Tomas Larraspuru almirantea zenaren etxe nagusia eraitsi eta eraiki zena. Ezin ahaztu, ezta ere, Txurrukaetxearekin, Errexil etxearekin eta beste hainbat eraikinekin, baina badira garai batean azkoitiarrentzat zerbait berezia zuten hainbat txoko ere. Horien artean, kriminalak herritarren irain eta burlak jasotzeko erabiltzen zen pikota aipa daiteke. Pikota hura gaur egun erretorea bizi den etxearen aurrean zegoen, eta gero Barrika Iturria egon zen leku berean. Plazaberriren hasieran, parrokiako horma bukatzen den lekuan zegoen usain txarreko pixatoki hura ere aipa daiteke, geroago, alesagarrondoak dauden lorategitxoa bihurtu zena, hain zuzen ere. Pixatoki hura joan den mendearen lehen erdian herriko tabernetan hain ugari ziren txikiteroen derrigorrezko geralekua izan zen.
Gerraostean, dendetako irinez eta estraperloko arrozez erdi betetako urdail gosetiak ziren nagusi gure herrian. Orduko janari-dendek, arropa edo zapata-dendek eta bestelako saltokiek oso modu justuan eusten zioten irekita, herritarren diru falta zela eta, baina tabernak, txokoak eta upeltegi txikiak oso erakargarriak ziren azkoitiar gizonentzat, eta horretarako beti zegoen diru pixka bat. Aspaldikoak dira, gaur egun oraindik irekita jarraitzen duten Errexil, Etxe Aitz eta Alejandro tabernak, eta herriko gazteenak ez oroitu arren, adineko jendea gogoratuko da orain itxita dauden Alameda, Patxi eta Tole tabernekin, Joxe erretegiarekin edo Errioxako ardo usain sarkorra zuen Agustinen txokoarekin ere.
Tabernak alde batera utzita, Plazaberrin bada hamarkada askotan Bekopanadeixe izenarekin ezagutzen den okindegia. Oraindik jende askok gogoratuko du bertan egoten zen Bittor okina, bere labean erretako pago-egurraren usainaz inguraturik esne-ogi, sopako eta arto irinekin lanean. Bestalde, oso ezaguna izan da betidanik pastelgintzak herrian izan duen ospea, eta Plazaberrin, hainbeste urtetan azkoitiarren bizitza goxatzen lagundu duten hiru pastel-denda izan dira. Horietako bat, Maltiempo pastel-denda, gaur egun Iturri jatetxea dagoen lekuan kokatua egon zen, eraikin honen beheko solairua posta-bulegoa eta Ibietako botika izan aurretik. Jose Alberdi Putre ere oso pastelgile famatua izan zen eta, hark udaletxea izandako eraikinaren ondoan zuen pastel-denda, pastelak prestatzeko tokia atzean zuela. Makarroiekin hainbesteko fama hartu duen Presalde pastel dendetako bat ere Plazaberrin zen duela gutxira arte, baina itxi egin zuten, eta orain Porrukalekoa bakarrik dute irekita.
Guztiek dakite nPlazaberriko txokoetan kuadrillak jarduten zutela abarketa lanetan, errefortzaketan zein txortan, eta han ziren, beste batzuen artean, Pedro Plazaola, Robustiano eta Rafael Garateren abarketa lantokiak, edo Plazaberritik Atzekoaldera doan Bebarruluzean zegoen Gorra zapata-denda. Bestalde, ezin aipatu gabe utzi, ehun urtetik gorako bizia izan duen Aldalur jostundegia. Juan Jose Aldalur aitonak 1917an hasitako proiektuari ondo eutsi eta jarraitu izan diote bere semea Pedrok eta haren hiru alabek: Olatz, Itziar eta Maria Jesusek. Urte askoan irekita egon diren arropa dendak ere baziren, hala nola, Atano III.aren alabak eta Putrenekuak zituztenak.
Plazaberrin antzina izandako beste saltoki asko eta asko aipa daitezke: bizarra moztu eta kailu mingarriak kentzen zituen Ttattarra bizargina edo bata bestearen ondoan emakumeen ile-apaindegiak zituzten Maria Garate eta Maritxu Arzalluz; Quintana drogeria, non salmentaz gain, bertan Pérez y Pérez nobela arrosak edo El Coyote komiki-aldizkariak aldatzen ziren; tinta usain harekin, Andremari jaietako egitarauak bezala hildakoen eskelak ateratzen zituen Martiarena inprimategia edo, bere alboan, lehoi aurpegidun postontzia zuen korreo bulegoa, bertatik, besteak beste, Nikanor eta Txotxe irteten zirela gutunak banatzera; Barokuan egoten zen Elias izeneko dentista edo Daniel argazkilaria; Gregorio Zabala eta bere alaba Ramonak lana egiten zuten Patateroneko gasolindegia, gasolina zerbitzatzeko palankadun aparatu gorri harekin.
Garaian garaikoa dio esaera zaharrak, eta gerra ondoren oso ezagunak ziren Errexilenean zegoen Zirkulua eta Patxi tabernaren ondoan zegoen Sindicato Agrario izeneko lokalak. Herriko tradizionalistek prozesio handiak egitearekin batera Francori atxikimendu sendoa ziotela erakusten zuten garai hartan. Giro hartan kokatu behar da On Joakin, On Domingo, On Roke eta beste apaiz askoren garaiko jarduera. Orduan, Plazaberrin dagoen erretore etxera joaten ziren azkoitiarrak “bataioaren-fedea” edo “ezkontzeko-baimena” eskatzera eta, guztia esan behar denez, azken honetara, On Joakinek zuzenduko zizkien galderen beldur handiarekin hurbiltzen ziren bikoteak. Apaiz hura mezetara hurbiltzen ziren guztiei zuzendutako sermoi amaigabeengatik eta mehatxu beldurgarriengatik gogoratua da. Nola ez, garai hartan, kalean barrena zihoala, ondotik pasatzerakoan, gizonek txapelak altxatzen zituzten eta emakumeek "Ave María Purísima" esanaz agurtzen zuten.
Beste garai batzuk ziren eta urrun geratzen da herriko nagusiek ezagutu zuten Plazaberriko bizimodu hura, espaloiak betetzen zituzten abarketa egile ilarak zirenekoa, sortu ziren fabrika berrietatik oinez joan-etorrian zebiltzan langileena, hilabete amaieran kontuak koadratzeko dendetan ahalik eta gutxien gastatzen zuen emakumeena, edo etxera iristeko presarik ez zuten txikitero haiena. Joan den denbora bilatzeko garaia da, eta Plazaberrik baditu horretarako hainbat estanpa, abentura, usain eta sentipen oroitzapen.