Martirieta auzo aldapatsuak bere nortasun propio eta bereziari eusten jakin izan dio hainbeste menderen ondoren. Gaur egun sakabanatutako 30 bat baserri aurki daitezke, hiribildutik hurbilen dagoen antzinako Umansoro baserri historikotik hasi eta Oletako tontorretik gertuen dagoen Otsalarre baserriraino. Auzoaren izena agertzen den idazkirik zaharrenetariko bat 1577koa da, eta Azkoitiko eta Zumarragako alkate, sindiko eta eskribauek izan zuten bilera bati egiten dio erreferentzia. Garai hartan, Azkoititik Urretxura eta Zumarragara joateko erabiltzen zen bidea Martirietatik, Oletatik eta Aginagatik igarotzen zen, eta bilera hura Azkoititik Urretxura heltzeko joan-etorri publikoa eragotziko zuen itxiturarik egon ez zedin erabakitzeko antolatu zuten.
Aspaldikoak dira auzoari loturiko lehen aipamenak, baina are zaharragoak dira Martirietako lurretan ibili ziren lehen biztanleek utzi zituzten aztarnak. Orain arte aurkituriko aztarnarik garrantzitsuenak Iruarrieta edo Samino mendiko mendebaldeko hegalean kokatzen diren Iruarrieta eta Iruarrieta I trikuharriak dira. Bertako basalto eta kare-haitzarekin eginak dira, baina tamalez, oso egoera kaskarrean daude, bertan altxor bila ibili zirenek guztiz kaltetuta utzi zituztelako.
Kristo ondorengo arora itzuliz, auzoa bere elizagatik egin zen ezaguna. Sinesmen zaharren arabera, kristauek Gipuzkoan eraikitako lehen eliza izan zen. Dokumentu zaharretan ermita hori Zendoiako San Medel bezala aipatzen da, eta Emeterio eta Zeledonio santu martiriei eskainia dago. 300. urte inguruan Calahorran (Espainia) hildako bi legionario kristau izan ziren haiek, eta ordutik hiri horretako eta bere elizbarruti osoko patroi izendatu zituzten. Gerora Gipuzkoako zati bat ere elizbarruti horretako parte izango zenez, santu horien gurtza honaino iritsi zen, haien erlikia batzuekin batera. Tenplu horrek santutegi baten ezaugarriak izan ditu: bi martirien irudiak buru dira aldare nagusian, eta oraintsu arte, opariek, limosnek eta kandelek herri-debozio handiko santutegi bat gogorarazten zuten, herrialdeko bailara guztietatik hurbiltzen baitziren erromesak, gaixotasunetik libratzeko eta uzta eta abereak babesteko eskatzeko.
Kondaira asko zabaldu dira elizaren bueltan, eta horietako batek dio Argangaye izeneko tokian bi ikazkin ari zirela txondorraren bueltan lanean, eta haiei bi gizon dotore azaldu zitzaizkiela, honakoa esanez: "Gu Emeterio eta Zeledonio gara, Calahorrako martiriak, eta gure izenean hementxe eliza eraikitzea nahi dugu". Toki hori aldapatsua izanik, Martirietako auzokideak Zendoia baserri azpiko aldean hasi omen ziren eliza eraikitzen, baina han jarritako egurrak eta harriak aingeruek gora eramaten omen zituzten gauez. Gau batean Zendoiako gizona zelatan jarri omen zen, ea zer gertatzen zen jakin nahian, eta hark aingeruak ikusi omen zituen gurdietan egurrak eta harriak lekuz aldatzen. Aingeruek, zelatariaz ohartzean, honela esan omen zuten: "Aida gorriye, pelayo! Zelatan daonai begiye atera beiyo". Elezaharrak dio Zendoiakoek garesti ordaindu zutela gertakari hura, ondorengo lau gizalditan etxe horretako asko begi bakarrak izan baitziren. Azkenean, santuek esandako lekuan eraiki omen zuten Martirietako eliza. Martirietatik behera jaitsiz, Zendoia baserria igaro eta gero, bi etxebizitza dituen Txibilter baserrira heltzen da. Hor, bide ondoan, beste kondaira bati lotuta, gurutzaide izeneko gurutze bat zen garai batean. Auzoko zaharrek kontatzen zuten Txibilter baserriko bi mutil atxilotuta egon zirela Afrikako kartzelaren batean, han soldaduska egiten ari ziren bitartean. Badirudi haietako bat gogoratu zela biharamunean Martirietako eguna zela, eta biak errezatzen hasi omen ziren. Hurrengo goizean, nork daki nola, gerora gurutze hori jarriko zuten lekuan esnatu omen ziren biak.
Amusategi baserrian, ganadutegia den aldamenean zegoen eskola
Dirudienez, mirari hartan, zigor girgiluak jarrita agertu ziren eta, horietako bat, Martirietako elizaren horma baten zintzilikaturik egon da duela hamarkada gutxira arte.
Beste hainbat lekutan bezala, Martirietako bizilagunak oso errotuta egon dira erlijio ohituretan. Esate baterako, tximisten kontrako edo uzta ona izateko konjuruak ohikoak ziren, eta auzoko apaiza arduratzen zen zeregin horietaz. Hura sakristauarekin ibiltzen zen baserriz baserri bedeinkazio lanetan. Otoitz egiten zuenean ohikoa zen opari bat jasotzea, eta normalean arrautzak jasotzen zituen errezoen truke. Horrez gain, Martirietako bailaran ohikoa zen Gabonetan baserri bakoitzeko oilanda parea eta gurdika egur apaizari oparitzea, urtean zehar konjuruak egin eta meza emateagatik. Aurreko mendean, On Benigno apaiza ere ibili zen lan horietan, eta auzoko jendea haserre edukitzen zuen, baserrietan eskaintzen zitzaizkion oilaskoekin konformatu beharrean, oilandak oparitzeko eskatzen zuelako, oilaskoak baino gozoagoak eta bigunagoak zirelako. Konjuruaz aparte, otoitz bidez une bakoitzean komeni zen eguraldia eskatzeko errogatibak ere oso ohikoak izan dira auzoan. Ezin da ziurtatu apaizak zuzendutako konjuru eta erreguak bere helmugara iritsi zirenik, baina ziurta daiteke garai hartan auzoko apaiza zela auzotik kanpora gelditzen zirenekin harreman zuzena zuen bakarra, auzoan hark bakarrik zuelako telefonoa. Auzokoek telefonoa behar izanez gero, apaizarengana jotzen zuten, baina baserri batetik bestera ataritik oihu eginda jartzen ziren elkarrekin harremanetan.
Auzoko beste irudi bitxia igandeetan mezara eguraldi kaskarrarekin joaten ziren baserritarrek osatzen zuten. Izan ere, gehienak abarkak jantzita joaten baziren ere, bazen abarkak eskutan hartu eta oinutsik joaten zenik. Eliz atariko zimitiyuen frontoiko txapa azpian sua pizten zuten lehortu eta berotzeko, eta ondoren abarkak jantzi eta elizara sartzen ziren. Beste estalpe bat ere bazen, mantilla etxia izenekoa, eta txoko hori ere elizara sartu aurretik abarkak, zapatak, manteliña eta abar janzteko erabiltzen zuten auzotarrek.
Eliza eta trikitia
Martirietako auzoa, beste hainbeste leku bezala, Elizak ezarritako ohitura zaharren mende egon da duela gutxira arte. Auzoan aspalditik bizi den musika tradizioak ere oso gertutik pairatu izan zituen Elizaren erabaki moralistak. Esku soinuak, panderoak zein dultzainak urte luzez iraun dute erromeriak eta herrietako festak alaitzen, baina trikitia beti izan da susmopean, gazteak bekatura bultzatzen zituela uste baitzen. Apaizek bazuten horren berri, aitortza egitera joaten ziren gazteek ondoegi kontatzen baitzizkieten erromerietako bekatuak, eta zer esanik ez, egindako dantza mota lotua edo baltseua tartean bazen. Martirietako baserri gehienek dute harremana soinu txikiarekin, dultzainarekin edo panderoarekin, eta horregatik esan izan da hamarkada askotan auzo hori trikitiaren arnasgunea izan dela. Trikitilari bikainak sortu dira auzoko baserri askotan, eta horietako batzuk dira Imuntzo, Epelde, Egurrola, Montte, Zendoia, Muno, Susteta, Irisarri, Txibilter, Urteaga, Etxetxo, Korta eta Amusategi baserriak.
Erromeriak nonahi izaten ziren duela gutxira arte, baina dantza lotua debekatuta zegoen Azkoitian eta, beraz, baita Martirietan ere. Auzo honetako gazteak Oletan egiten zen erromeriara joaten ziren askotan, hura Zumarragako partean egonik, dantza lotua egitea libre baitzegoen. Hori horrela, Martirietako On Esteban apaiza suak hartuta ibiltzen zen, eta ez zen sermoiekin jendea izutzen ez zuen iganderik izaten. Gazteak, bestalde, ez zeuden burua makurtzeko, eta 1965ean, bertako hiru bikotek apaiza xaxatzea erabaki zuten: Epelde trikitilariaren etxean bildu eta han entseatu zuten dantza sueltoaren eta lotuaren bitarteko baltseo txikia izeneko dantza bat. Igandea heldu zenean, Epeldek soinu txikia jo eta hiru bikote horiek dantza berezi hori egin zuten auzoko tabernan. On Esteban apaizak hori jakin, eta arratsaldean tabernara gerturatu zen, eta bai ezusteko galanta jaso ere, bere aurrean baltseo txikia dantzatzera ausartu baitziren berriro hiru bikoteak. Apaizaren eta gazteen arteko giroa gaiztotuz joan zen oso denbora laburrean, eta apaizak igande goiz bateko mezan iragarri zuen auzoa utzi egingo zuela. Auzoko gazteek ez zuten ordu hartako mezatik atera eta tabernara joateko ohiturarik, baina egun horretan apaizaren erabakiak merezi zuela eta, tabernara joan ziren ospatzera.
Martirietan badira musikari lotutako beste hainbat anekdota, eta horietako bi dira honakoak: Elizak ez zuen gogoko soinu txikia, eta Joxe Mari Soraluze Epelde-k kontatua da Martirietako eliza ondoan norbait soinua jotzen ari zen batean, bertako apaiza haserretu eta pistola atera ziola soinujoleari. Beste anekdota dultzainari buruzkoa da: musika tresna hori trikitiaren munduan sartzeko orduan, Martirietako monttetarrek izan duten eragina ukaezina da. Dirudienez, baserri horretakoak aspalditik aritu dira dultzainak egiten, eta Manuel Sudupe Montte-k dio bere aitonak egiten zituen dultzainek halako ezaugarri propio bat zutela; behatz txikiarentzako zulorik ez zutela, alegia. Behatz txikia falta zitzaion nonbait, eta beharrik ez zuenez, ez zion zulorik egiten.
Martirieta auzoko biztanleak betidanik nabarmendu izan dira beharra duten baserri eta bizilagunei laguntzeagatik, baita kolektiboarentzat onuragarriak diren lan jakin batzuetan laguntzeko auzolanaren bidez ahaleginak batzeagatik ere. Horrela, bertako zaharrenak oroitzen dira nola garia bildu eta hura jotzeko lanak auzolanean egiten ziren, baita belarra moztea, zuhatzak egitea eta bestelako lan batzuk ere. Auzoko biztanleek auzolanean egindako lanik zailena eta neketsuena Azkoititik Martirietara doan errepidea egitea izan zen. Auzotarrak 1959an hasi ziren bide hori egiten. Diputazioak markatu zien nondik norako bidea egin behar zen, eta auzotarrek eskuz egin zuten lana, aitzur, pala eta pikatxoiarekin. Bideko harri eta lurrak laututakoan, potetan ekarritako galipota botatzen zuten, eta ondoren, txilindroak zapaldu eta berdintzen zuen guztia. Ia hiru urte igaro zituzten lan hori amaitzen. On Esteban Martirietako apaiza zena ibili zen bide berria egiteko sustapen lanetan. Herriko eta diputazioko dirua berak bideratzen zuen, eta azkenean, auzotarrek izugarrizko lana egin bazuten ere, dirua ordaintzetik behintzat libratu ziren, apaiz horri esker. Errepidea egitea bukatu zutenean, auzotarrek Vespa motorra oparitu zioten apaizari, egindako lanagatik esker onez. Gero, baserri bakoitzak bide horretatik bere baserrirainoko bidea egiteari ekin zion, eta horietako batzuk ere auzolanean egin zituzten. Auzolanarekin lotuta, etxe erre eskie izeneko diru bilketa ere egiten zen, etxea edo baserria erretzen zitzaien familiei laguntzeko edo beste behar batzuei aurre egiteko.
Gerraren ondoren, baserrien arteko elkartasuna ere ezinbestekoa izan zen, dirurik ez baitzegoen eta janaria ere urria baitzen. Baratzean jasotzen zena eta behiek ematen zuten esnea herrira jaisten zuten saltzeko, horrela, baserrian ekoizten ez ziren elikagaiak, laneko tresnak eta arropa eraman ahal izateko. Arkumeak ere saltzen zituzten, eta Azpeitiko azokara sarri joaten ziren horretara. Azkoitiraino oinez jaitsi eta, handik Azpeitira autobusean sartuta joaten ziren, kotxerik ez baitzegoen garai hartan. Estraperloa ere oso ohikoa zen baserri gehienetan, eta irina oso produktu preziatua zen baserrian bertan ogia izateko eta, batez ere, saltzeko. Montte baserrian zegoen inguruko errota bakarra, eta auzotarrak eguna argitu baino lehen joaten ziren errota horretara gari aleak irintzera, Guardia Zibila zelatan ibiltzen baitzen. Guardia Zibilak ere gose ziren, eta horregatik, arau hauste bat baino gehiago barkatzen zuten, baserriren bateko mahaian eseri eta jatearen truke. Monttekoek baserritik aparte zuten errota, eta Guardia Zibila beti zelatan zutenez, errota baserriko ukuilura pasatu zuten. Errota hartan, eramandako gariaren "laka" izeneko hainbesteko bat kentzen zuten, ordain gisa. Baserri horretara Zumarraga eta Itsasondo aldetik ere joaten ziren astoak gari zakuz kargatuta. Errota hura zen hemen inguruan argindarrarekin ibiltzen zen bakarra, eta gainera, bueltako 60 baserri ingururi ematen zion argia.
Gerra ondoren, baserri eskola bat baino gehiago izan zen auzoan: Amusategi, Montte, Muno baserrietako eskola zaharrak... Amusategin, orain ganadutegia den aldamenean zen eskola, eta bertan, hiru ahizpak ematen zituzten eskolak. Montte baserrian ganbaran ematen zuten eskola, bertan igeltsuzko Jesusen Bihotzarekin batera, Espainiako bandera egoten zen. Martirietan bertan ere bazen eskola: bost mahai handi zituen, lehenengoan gazteenak, erdikoetan tartekoak eta azkenekoan zaharrenak esertzen ziren. Hara ikastera joaten zirenak zigortzeko, urrizko hiru neurriko makilak zituen irakasleak, jarrita zegoen lekutik mahai desberdinetara irits zedin.
Bigarren Karlistadan, bestalde, Martirietako auzoa Santa Kruz apaizaren lehen agerraldiaren agertokia izan zen. Apaiz karlista, gerrillari jeneral gisa agertu zen 24 mutilekin Zendoia baserrian, partidetarako mutilak erreklutatzeko asmoarekin. Mutil haiek gerrarako prestatu nahi zituen, eta gerrak iraun zuen lau urteetan karlistek erreklutamendu harrobi ona izan zuten auzoan. Santa Kruz apaizak indar handia izan zuen inguruan, gehiena Martirietan. Martirietako apaizaren eta Santa Kruz apaizaren artean zegoen adiskidetasuna berresteko, aski da adieraztea azken horrek bazuela gordeleku bat Martirietako elizako sakristian, sabaizulo baten bidez sartzen zen gela batean, hain zuzen ere.
Horixe da Martirieta auzoko lehengo eta oraingo jendearen deskribapena, nortasun propioa duen jendearena, beti laguntzeko prest dagoen jendearena, bere historia aberatsaz hain harro sentitzen den auzotarrena. Ez da gutxiagorako.