Azkoitiak tropa frantziarrekin bi mendetan izandako gorabeherak

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Alberdi 2024ko eka. 7a, 17:36

Konbentzioaren Gerran, frantsesek txikizio handiak egin zituzten Goiko Kaleko San Frantziskoren ermitatxoan.

Kepa Alberdik honako ekarpen hau argitaratu du Azkoitiak eta Gipuzkoak frantziarrekin bi mendez izan zituzten gorabeheren inguruan.

Gipuzkoa, Espainiar Erreinuak Frantziarekin duen mugaldeko lurraldeetako bat eta pasabide nagusietako bat izanik, Azkoitia barne, beti gerra eremuan egon izan da tropa frantsesak Espainiako lurretan indarrez sartzen saiatu izan direnetan. Testuinguru horretan, duela mende batzuk, azkoitiarrek deialdi bat baino gehiago izan zituzten, armak prestatu eta borrokarako prest egoteko. XVII. mendearen hasieratik XIX. mende hasierara arte koka ditzakegu ingurugiro hartan sona handiena izan zuten lau gerrak: 1618an hasitako Hogeita Hamar Urteko Gerra, 1701etik 1714ra arte iraun zuen Ondorengotza Gerra, 1793 eta 1795 urteen arteko Konbentzioaren Gerra eta, azkenik, 1808an hasi eta 1814an amaitu zen Espainiako Independentzia Gerra.

Frantziako mugak bertan izanda, eta kontuan harturik egun batetik bestera espero zitekeela beraien inbasioa, Azkoitiko herritarrak beti prest egon behar izaten zuten indarrak berehala biltzeko eta, probintziaren mugak ez ezik, erreinuko mugak zaintzeko. Behin eta berriz errepikatzen ziren defentsarako deialdiak, batzuetan Gipuzkoako agintarien aldetik eta besteetan erregearen aldetik. Aurrez aipatutako gerra horien aurretik, liskar bat edo beste izan zen frantsesekin, gerra deklaraturik egon ez bazen ere. Horrela, 1607an, Gipuzkoako kostaldean Frantziako itsasontziak agertu zirela eta, hemengo gizonak beraien armekin prest egoteko deia zabaldu zuten Gipuzkoako orduko agintariek. Egun berean, parroki aurrean bildu ziren Azkoitiko agintariak herritarrekin, horiei deialdiaren berri emateko. Bide batez, bolbora, metxa, beruna eta bestelako hornidurak biltzen hasi ziren, herrian aukeratutako soldaduei banatzeko. Handik hamarkada batzuetara, 1661ean, testuinguru berdinean, erregeak eskaera bat luzatu zion probintziari: Capitana Real izeneko itsasontzirako gizonak eskatu zizkion, eta Azkoitiak lau soldadu bidali zituen eskaera horri erantzunez.

Gauzak horrela, ezinbestekoa zen noizbehinka jakitea gerrarako zein herritar zeuden prestatuta eta horiek zer arma eta munizio zituzten. Horretarako alardeak prestatzen zituzten, bide batez borrokarako indar erakustaldia eginez. Mobilizatzeko deia izaten zenean, 18 urtetik 60 urte arteko herritarrak behartuta zeuden bertan parte hartzera, agertzen ez zenari isun gogorra ezartzen zitzaiolarik. Alarde horiek egitean, tiro lehiaketak ere egiten zituzten, batez ere XVI. mendean. Bertan, alkatearen agindua tarteko, herriko gizone guztiek hartzen zuten parte, eta arkabuzarekin hobekien moldatzen zenari saria ematen zioten. Herritar asko izaten zen alardeetara deitua, kasu batzuetan 500 baino gehiago, eta herrian haiek guztiak biltzeko leku egokirik ez zegoela eta, Idiakez inguruko enparantza handitzeko eskaera luzatu zuten 1601ean. Alarde horietako asko San Andres egunean egin zituzten, eta ohiko bilakatu zen horietan herriko agintariak agertzea buru bezala, kapitain, alferez eta sarjentu karguak eurek hartzen zituztelarik.

Udalak herriarena zen Artetxe baserria saldu beharra izan zuen Napoleonen eskaerei erantzuteko.

Europan izandako Hogeita Hamar Urteko Gerrak (1618-1648), garaiko leinuen arteko borrokez gain, arrazoi komertzial eta erlijiosoetan izan zuen jatorria. Gerrako kanpaina suntsigarriek Europako lursail handiak birrindu eta ordura arteko mapa guztiz aldatu zuten. Gerra horretan, frantziarrak behin baino gehiagotan hurbildu ziren mugara; esaterako, 1619an, Gipuzkoako Aldundiak emandako albiste batek zioen Menako Dukearen esanetan 800 bat soldadu frantziar zirela Baiona aldean, borrokarako prestatzen. 1625ean dei zehatzagoa heldu zen Azkoitira, 100 soldadu prestatzeko agindua heldu baitzen agintarien aldetik. Udalak herri guztia deitu zuen berehala, parrokian batzar nagusi bat egin eta 100 soldadu haien aukeraketa egiteko. Arazoa ez zen soldaduak aukeratzea bakarrik, haiek hornitu eta ordaintzeko dirua ere behar beharrezkoa baitzen. Horrela, beste behin, diru hori Errukietxeko kaxatik hartzea erabaki zuten, eta haragiari, ardoari eta olioari aparteko zerga ezarri zioten herrian, mobilizazio haiek sortutako zorrei aurre egiteko.

Handik hamarkada batzuetara ere, Ondorengotza Gerran (1701-1714), Europako herrialde gehienek hartu zuten parte, nahiz eta Espainiako Karlos II.a erregea hil ostean bertako Koroaren oinordekotzan egon jatorria. Hori horrela izanik ere, nazioarteko gatazka armatua izan zen, eta Europako botere nagusien arteko oreka ere erabaki zuten. Espainian Felipe V.a lehen errege Borboia jarri zuten agintean, eta hain zuzen, hura izan zen 1703an frantziarren erasoari aurre egiteko Gipuzkoako Batzar bereziari 600 soldaduz osatutako taldea eskatu ziona. Azkoititik 14 soldadu bidali behar izan zituzten. Horien artean Gipuzkoako soldadu guztien buru izendatu zuten Tomas Idiakez Ipiñarrieta azkoitiarra; aldiz, kapitain izendatu zuten Frantzisko Portu jauna, hura ere herritarra. Kargu haietarako bi herritar izendatzeak poz handia eman zion Azkoitiko agintaritzari. Gerra hura amaituta ere, ohikoa zen bezala, Azkoitiko herritarrei gudarako prestatzeko deialdia heldu zitzaien. Dei hark zioen Baionatik muga bitarteko lur eremuan 25.000 soldadu zeudela gerrarako prest, eta muga pasatu aurretik munizio, janari eta bestelakoaz hornitzen ari zirela.

Leturiondo etxea izan zen tropa frantsesen kuarteletako bat Konbentzioaren Gerran.

Urte baketsu batzuen ondoren Frantzian errepublika sortu zen, eta 1793ko martxoaren 7an gerra deklaratu zion Espainiari, Konbentzioaren Gerra (1793-1795) izena hartuko zuena. Frantziako errepublikaren eta Espainiako monarkiaren arteko gerra izan bazen ere, Katalunian eta Euskal Herrian burutu zen batez ere. Orduko Espainiako erregeak, Karlos IV.a Borboikoak, Gipuzkoan 4.600 soldadu biltzeko agindua eman zuen, haiek mugara bidali eta frantziarrei aurre egiteko. Azkoitiko herriari 232 soldadu errekrutatzea tokatzen zitzaion, eta horrek kezka handia sortu zuen herritarren artean, etxe bakoitzetik norbaiti tokatuko baitzitzaion arma hartu eta gerra frontera joatea. Azkenean, Frantziako tropak inolako borrokarik egin gabe sartu ziren Gipuzkoan. Frantziarren beldur handia zen bazterretan, eta Azkoititik esaterako, familia batzuk eta erlijioso gehienek alde egin zuten. Hori horrela, 1794ko azaroaren bukaera aldera Azkoitian sartu zirenean, haien etxe eta komentuak erabili zituzten kuartel moduan. Besteak beste, Santa Kutzeko eta Santa Klarako komentuak, San Martingo ermita, Leturiondo etxea zein herriko eskolak frantziarren eskuetan erori ziren eta kuartel, biltegi eta bizitoki bezala erabili zituzten haiek. Santa Klarako komentuan artxiboaren zati handi bat galdu zen, ihes egin aurretik dokumentuak aldare nagusiaren atzean gorde arren, frantsesek aurkitu baitzituzten. Bide batez, eliza batzuetako zilarraz jabetzeaz gain, txikizio handiak egin zituzten bazter guztietan, esate baterako, Loiolarako bidean zeuden elizatxoetan eta Goiko Kalean zegoen San Frantziskoren ermitatxoan. Hala ere, ez zen handia izan armada inbaditzaileak konfiskatutako zilar kopurua, aurrez Gipuzkoako probintzia erakundeak ahal zuten zilar guztia bildu eta hura urtzeko agindua emana baitzuen, gerraren gastuei aurre egiteko. Zehaztu beharra dago Azkoitia izan zela erakundeei zilar gehien eman zien Gipuzkoako udalerria, dirutan 134.632 erreal lortu zituelarik.

Gure herrian, mugan ez bezala, Frantziako tropek ez zuten harrera atsegina izan, herritar askok frantsesei aurre egiteko gerrillen antolaketan parte hartu baitzuten. Inguru honetako lehen liskar armatuak Azkoitian izan ziren, 1794ko azaroaren bukaera aldera. Elosuan zeuden konpainiak Azkoitira jaitsi ziren, eta etsaia ihesean jartzea lortu zuten, bide batez frantsesek elizetan ebatsitako bitxietako kopuru handi bat berreskuratuz. Segidan Azpeitian sartu ziren, mila lagunez osatutako tropa frantsesa erretiratzea lortuz. Operazio hartan 300 bergararrek eta 200 azkoitiarrek hartu zuten parte, haietako gehienen arma bakarra makila bat zelarik. Azkaraten eta inguruko mendietan ere borroka gogorrak izan ziren gerra hartan, eta hara bidali zuten 200 eta 300 gizon bitarteko taldeak denborale gogor eta oldarkorrak jasan behar izan zituen han egon zen bitartean. Gizon talde hura bizkaitar eta gipuzkoarrez osatutakoa zen, eta 1795eko apirila eta uztaila bitartean izan zituen borrokarik gogorrenak. Azkoitiko Madariaga, Luberiaga, Larraskanda, Ondarroa, Bentatxuri eta Bentazar izendatzen dira, besteak beste, frantsesen aurka egindako borroka haien gune garrantzitsu moduan. Borroka haiek burutu eta denbora gutxira sinatu zuten Frantziak eta Espainiak Basileako Bakea. Itunaren arabera, Frantziak Espainiari konkistatutako lurraldeak itzuli zizkion (Hego Euskal Herriaren zati gehiena), bereziki Gipuzkoari erreferentzia eginez, lurraldea Frantziako Errepublikan sartzekotan baitzebilen. Espainiak, ordainetan, Hispaniola uhartearen ekialdea eman zion Frantziari, Dominikar Errepublika, alegia.

Konbentzioaren Gerrak urte eta erdi besterik iraun ez bazuen ere, gure herria eta bertako biztanle gehienak miseria gorrian utzi zituen. Frantziarrek egindako txikizio eta galerez aparte, diru asko atera behar izan zuten udaleko kutxatik: lehenengo, bertako soldaduak hornitu eta ordaintzeko; eta ondoren, frantsesak herriaz jabetu zirenean, haien eskakizunei erantzuteko. Agintarientzat lanik zailena frantziarren eskaerei zuzen eta denbora epean erantzutea izan zen, horretara behartuta baitzeuden.

Santa Klara komentua izan zen tropa frantsesen  kuarteletako bat Konbentzioaren Gerran.

Lau gerretan aipatzea falta zaiguna Espainiako Independentzia Gerra da (1808-1814), eta Napoleondar gerretan kokatu behar da. Gatazka armatu hura Iberiar penintsulan gertatu zen. Frantziar eta espainiar aliatuek Portugal inbaditu zuten 1807an, baina urtebete geroago, 1808an, frantses armadak ez zituen Espainian hartutako posizioak utzi nahi, eta horrek piztu zuen gerra.

Gure herrian, 1812ko martxotik ekainera bitartean egon ziren tropa frantsesek, kuartela ere bertan jarri zuten. Azkenerako, beraien eskaerei ezin erantzunda geratu zen herria, eta ordainetan izugarrizko triskantza eta hondamendiak egin zituzten. Ez zen erraza eskakizun guztiei aurre egitea , eta herriko lurralde batzuekin batera, herriarenak ziren Ubola eta Artetxe baserriak, arraindegia eta harategia saldu egin behar izan zituzten. Era askotako eskaerak egiten zituzten frantsesek, beti ere mehatxuren bat tarteko. Esate baterako, herriz herri bildutako 4.000 errazio ogi eta beste hainbeste haragi entregatu behar izaten zituzten egunero Durangon. Horren ondorioz, Azkoitian ezin zen garia herritik kanpora atera, eta guztiaren berri jakin behar izaten zuten agintariek, etxe bakoitzak tokatzen zitzaion errazio hura jasotzeko baimena soilik baitzuen, haragitarako abereekin gertatzen zen moduan. Beste batean, aldundiak aginduta, Azkoitiko herriak 108 anega gari, 310 anega arto eta 1.584 arroa lasto bidali behar izan zituen Arrasatera. Idiak eta gurdiak ere noiznahi eskatzen zituzten beraien armak eta gainontzeko zamak garraiatzeko. Konbentzioaren Gerrarekin batera, Independentzia Gerra izan zen gure herrian ondoriorik mingarrienak utzi zituen gatazka. Azkenean, frantsesak kanporatuak izan ziren 1813ko ekainaren 21ean Gasteizen izandako batailaren ostean.

Azken gerra horren bortizkeria gordinak, ondorio lazgarri eta mingarriak ekarri zizkion gure herrialdeari. Ezin aipatu gabe utzi Donostiak eta bertako herritarrek bizitako gertakari larriak, Napoleonen tropa frantsesek hiria bost urtez okupatuta eduki ondoren, espainolekin aliatuta zeuden britainiar eta portugaldar armadek erasoan hartu baitzuten Gipuzkoako hiriburua. Ondoren, arpilatze basatia gauzatu eta ia hiri guztia erraustu zuten, inoiz izan duen hondamendirik handiena pairatuz. Hori hala, Donostian urte haietan zeuden 600 etxeetatik 35 bakarrik geratu ziren zutik, eta 1.000 donostiar inguru babesik gabe tiroz edo baionetaz erail zituzten, tropek eta beren ofizialek emakumeak, zaharrak nahiz neskatoak, sistematikoki bortxatu zituztelarik.

Azaldutakoarekin ondoriozta dezakegu bi mendetan zehar gure herriak egoera jasanezina bizi izan zuela, frantsesen eskakizun guztiei behar bezala erantzun ezin zielako eta, era berean, haien partetik era guztietako mespretxuak, gehiegikeriak eta hondamenak jasan behar izan zituelako. Gerra bat bukatzerako beste bat hasten zen, eta gerra episodio horietako bakoitzak aurrez handia zen zuloa are gehiago handitzen zuen, burua altxatzeko denborarik eman gabe. Kanpotik zetozenak menperatu nahi zituela eta, bere ondasun handienak galdu zituen herriak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide