Azkoitiko lurretan badira historiaz eta kondairaz inguraturiko aspaldiko harri zaharrak, harri misteriotsuak, gizaki misteriotsuagoek eraikiak. Trikuharri eta tumuluez ari naiz, gure urruneko arbasoen hilobi izan ziren eraikin horietaz. Beste lekuetan bezala, hemen ere hildakoen ehorzketa praktikatu izan da Neolito Aroaren bukaeraz geroztik, hasieran “hilobi” deitutako haitzulo edo kobazuloetan eta gero trikuharrietan. Azkoitian bada duela 3.800 urte inguru ehorzleku moduan erabilia izan zen haitzuloa, hain zuzen ere, Izarraitz mendian dagoen Kurutzeko Haitza. Era berean, herriko mendietan ere aurkitu dira gorpuak ehorzteko eraturiko monumentu megalitikoak edo trikuharriak, eta horiek Izarraitz, Elosua-Soraluze eta Iruarrieta megalitotegietan aurkitzen dira.
Trikuharriak hilobi-ganbara irekiak ziren, gehienetan harri handiz eraikiak, eta orokorrean tumulu (harrizko eta lurrezko meta) batez estaliak. Gehienetan artzaintzari lotutako lurraldeetan aurkitu izan dira halakoak, mendietako larreetan eta mendi lepoetan, alegia. Eraikin horietan ehorzketa bat baino gehiago egiten zituzten normalean, eta ohikoa izaten zen gorpua objektu edo tresna desbedinekin batera hobiratzea, besteak beste, zeramikazko ontziekin, apaingarriekin, armekin, harriz egindako aizkorekin edota labanekin. Hori horrela, oso uste zabaldua zen trikuharrietan altxorrak gordeta egotearena. Esate baterako, Elosua eta Soraluze arteko zenbait trikuharritan urrezko kanpaiak zeudela zioen jendeak. Hala, Azkoitiko zenbait trikuharri hondatu egin dituzte, bai altxorren bila indusmakinekin aritzean, eta baita mendiko pistak irekitzean ere.
Bestalde, Euskal Herriko trikuharriak mitologiako pertsonaiekin ere lotu izan dira, hainbat jeinuren bizitoki edo hilobi moduan agertu baitira ipuin eta istorio zahar askotan. Erlijio kutsuko jaiak ere ospatu izan dira eraikin horietako batzuen ondoan.
Azkoitiko udalerriaren mugetan dauden Neolito Aroko arrasto bakarrak gure mendietako trikuharriak dira. Guztira zazpi hilobi aurkitu dituzte, Neolitoko azken aldikoak eta Brontze Arokoak. Inguruko mendietan banatuta dauden hilobi horiek tamaina txikikoak eta monumentalitate handirik gabekoak izan arren, orokorrean multzo handiago bateko elementuak izan ohi dira, eta ez dira isolatuta aurkitzen, batzuetan inguruko herrietako beste trikuharriekin batera nekropoliak osatzen baitituzte. Hain zuzen, Neolitoko azken aldiko hilobi horiek ziurtarazten digute garai urrun haietan bizilagunak ibiltzen zirela gure lurretan.
Azkoitian dauden gune megalitikoak herriko erdigunetik urrun dauden hiru eremutan daude: bata Madariagatik gora, bestea Irukurutzetaren hegoaldeko hegalaren barrenean, eta azkena Oleta eta Izazpi mendien artean.
Madariagatik gora dagoen megalitotegia Marikutzeko putzuaren inguruan kokatzen da, itsasotik 680 metroko altueran. Gune megalitiko hori oso txikia da, eta bi tumulu baino ez ditu. Azkoitiko zatian dauden tumuluak bertako kareharriz egindakoak dira, eta honako izen eta ezaugarriak dituzte:
- Marikutz I: Jesus Elosegik 1951ean aurkitu zuen tumulu hau, Marikutz putzutik 350 metrora dagoen lepo batean. Metro bateko diametroa eta 0,50 metrotako altuera ditu, eta oraindik ez dute ofizialki indusketarik egin bertan. Lehendik kaltetua zegoen tumulu honek oraindik eta kalte gehiago jasan zituen 2001ean, pala mekanizatu baten bitartez harrotua izan zenean.
- Marikutz II: P.M. Gorrotxategik 1958an aurkitutako tumulu honek 11 metroko diametroa du, eta bere mendebaldeko arkuan 0,70 metroko altuera du. Marikutz putzutik 200 metrora dagoen gaintxo batean kokatuta dago, eta, hau ere ez da oraindik induskatua izan. Dena den, tumulu honek duen kraterrera botatako zaborrak jasotzerakoan, zulatutako hobi batzuk aurkitu zituzten bere zoruan, bertan norbait altxorraren bila ibilia den seinale.
Elosua-Soraluzeko megalitotegia, aldiz, Irimo mendian hasi, eta Elosua, Agerreburu, Atxolin eta Irukurutzetatik barrena, Karakaten bukatzen da. Bertan, hogeitik gora eraikuntza aurki ditzakegu, batzuk trikuharriak eta besteak tumuluak. Elosua-Soraluzeko megalitotegian, Azkoitiko lurretan kokatzen den trikuharri bakarrak Keixeta du izena. Trikuharri hori Joxemiel Barandiaranek aurkitu zuen 1920an, eta Barandiaranekin batera, Telesforo Aranzadik eta Enrike Egurenek induskatu zuten hurrengo urtean. Erauzitako lurra galbahetuta, suharrizko labanatxo puska bat, kolorea galdutako suharrizko printza bat, berdez tindatutako hezur puska bat, hausnarkarien bi hagin, katilu zati txiki bat, eta zepa atera zituzten beste hondakin batzuen artean. Trikuharri horrek 17 metroko diametroa eta 0,30 metroko altuera ditu, eta tumuluaren gainean harlauza handi bat du, 1,30 metro luze, 0,95 metro zabal eta 0,20 metro lodi dena, jatorriz, trikuharri ganbara batena. Aipaturiko hiru ikertzaileek azterketak egin zituzten garaian jada kalteak eginak zeuden bertan, jendea altxorraren bila ibilia baitzegien bertan. Ikertzaileen arabera, badirudi lehendik zegoen egitura trikuharri bat izan zela jatorriz, geroago arpilatua eta suntsitua izango zena. Horren froga lirateke bertan aurkituriko balak eta material modernoak. Horretaz gain, 1982ko Karta Arkeologikoan ikus daiteke monumentuaren suntsiketak duela gutxira arte jarraitu duela.
Azkoitiko lur zatia hartzen duen azken gune megalitikoa Iruarrietakoa da, Iruarrieta, Oleta eta Izazpi mendien artean kokatua dagoena. Orain arte, guztira bederatzi ehorztoki aurkitu dituzte, gehienak altxorrak aurkitzeko egindako saiakeragatik hondatuak. Iruarrietako megalitotegian dauden trikuharri eta tumulu horietatik lau dira Azkoitiko lur zatian daudenak:
- Iruarrieta: Trikuharri hau Iruarrieta edo Samiño mendiko mendebaldeko hegalean kokatuta dago. Azpeitiko Antxieta Arkeologia Taldeko kideek aurkitu zuten, baina oraindik ez dute indausketarik egin. Gaur egun, tumuluak 30 x 15 metro ditu bere ardatzetan, eta 2,10 metrotako altuera du. Garai batean bere erdian harlauza bat zuen zutik, baina egun tumulu gainean etzanda aurki daiteke harritzar hori. Esan daiteke trikuharria guztiz hondatuta dagoela orain, gizakiaren bi esku hartze desegokiren ondorioz; aurrena, pista bat irekitzerakoan pusketa bat txikitu zioten, eta 1970-1980 urteen artean, altxorra aurkitzeko asmotan erabili zuten pala mekanizatu batek erabat hondatu zuen. Hau horrela, gelditzen den harri metan eta pista muturrean pilatuta daud hondarrak.
- Iruarrieta I: Trikuharri hau ere Samiño mendiko mendebaldeko hegalean kokatzen da, gailurretik 230 metro mendebalderantz. Munibe Arkeologia Taldeko kideek aurkitu zuten 1980ean, baina oraindik ez dute induskatu. Tumuluak 13 metroko diametroa eta 0,25 metroko altuera ditu. Trikuharri honetan ganbara eta tumulua nahasita daude, eta hondarren artean harlauza bat dago zutik. Trikuharri hau ere, aurrekoa bezala, oso kaltetua dago, jendea altxor bila ibili izanaren ondorioz.
- Larrumelarre I eta II: Munibe taldeak 1990. urtean aurkitutako bi tumulu horiek ere Iruarrietako megalito gunean daude. 2020an egiturak baieztatzeko eginiko lanetan egiaztatu zuten gizakiak egindakoak direla horiek. Oraindik ez dute indusketarik egin Neolitiko-Brontze garaian (duela 6500-3800 urte inguru) eraikitako bi tumulu horietan ere.
Azkoitiko lurretan han-hemenka sakabanatutako monumentu bakan horiek istorio faltsu eta fantasiazkoekin lotura zuzena izan dute beti. Hala, horietan ezkutuko altxorrak zeudela zioten istorio faltsuak sinetsi ondoren, herriko tumulu eta trikuharri gehienak suntsitu egin dituzte herritarrek. Gure ondare eta aberastasun kulturalen aurka egindako eraso horien ondorioek ez dute atzera bueltarik, baina kalte konponezin horiek gure gizartea eta instituzioak kontzientziatzeko baliagarriak izatea espero dut, gure altxorrak behar bezala zaindu eta horrelako zein bestelako erasoak gehiago gerta ez daitezen.