Iraganean era askotako sistemak erabili zituen gizakiak urrunean zeudenekin harremanetan jartzeko. Aldez aurretik zehaztutako esanahia zuten seinaleak erabiltzen hasi ziren (hotsak, soinuak, kea, suziak, kanpaiak eta banderak, besteak beste), eta garai batean komunikatzeko erabiltzen ziren prozedura haiek gaur egun harrigarriak badira ere, pasa den mendean erabili izan diren tresna eta baliabideak ere guztiz zaharkituta geratu dira, gaur egun ditugun aurrerapenak kontuan hartzen badira.
Mende batzuk atzera eginda, postarien betekizuna zen albisteak alde batetik bestera eramatea. Lan hori zuten pertsonek ausartak izan behar zuten garai batean, orduko bideak eta hango oztopoak ez baitziren izango nolanahikoak une askotan. Azkoitiko paper zaharretan begiratuta, 1569an agertzen da udalak ordainketa bat egiten ziola herriko postariari, urte osoan postari lan egiteagatik. Urte askoan, Azkoitiko eta Azpeitiko herriek akordio bat izan zuten, eta bien artean postari bat izendatzen zuten, gastuak erdibana ordainduta. 1625ean, Martin Zabala jauna agertzen da bi herrietako postari. Hura astean behin joaten zen Gasteizera, hemengo gutunak eramatera eta hangoak ekartzera. 1658an, berriz, Juan Bikendi postaria bere postutik bota zuten, puntualtasun faltagatik eta arduragabetasunagatik, eta haren ordez Joseph Bikendi izendatu zuten postari. Agintariek honako baldintza hauek ipini zizkioten: gaixotuz gero, bere lana ondo beteko zuen ordezkaria ipiniko zuen, ordezkoaren lanak berak ordainduta; hutsegite bakoitzagatik erreal bat kenduko zioten; eta Gasteiztik ekarritako gutunak larunbat gauerako herriratu behar zituen.
1891n, telegrafo bulegoa laster martxan jarriko zela erabaki zuen Grandako dukeak
1706tik aurrera, Tolosara bidaltzen zituzten Azkoitira ekarri beharreko gutunak, eta hori hala, Azkoitiko postaria astean bi aldiz joaten zen Tolosara, hemengo posta eraman eta hangoa ekartzera. Urretxutik ere posta ekartzen hasi ziren handik hamarkada batzuetara, baina lan horrek eztabaida eragin zuen azkoitiarren eta azpeitiarren artean. Izan ere, azpeitiarrek posta Pagotxetatik ekartzeko eskatzen zuten, haiei lehenago irits ziezaien; azkoitiarrek, berriz, beraiei lehenago helduko zitzaien bidetik ekartzea nahi zuten. Azkenean, herri bakoitzak bere postaria izendatu zuen, eta gastuak biderkatu zitzaizkien. Zortzi urteko tirabiren ondoren, 1796an konpondu ziren bi herriak, eta orduan erabaki zuten Urretxutik zetorren postariak hiru ordu eta erdian Azkoitiko eta Azpeitiko estafetetan entregatuko zituela gutun guztiak.
Bidelapurrak, etsai
Gutunak, eskriturak, agiriak, dirua eta antzekoak zaldiz edo oinez eramaten zituztenean, nekeaz aparte, eguraldiak eragindako beste hainbat ezbehar ere jasaten zituzten postariek. Maiz bidaiatzea ere galarazten zien eguraldiak, haiek zeramatzaten diruaren edo dokumentuen zain zegoenaren kaltean. Dena den, oinezko postarientzat txakurrak ziren etsairik handiena, eta zer esanik ez bidelapurrak, haiek bideko edozein txokotan egoten baitziren postariak zeramatzan diru edo dokumentu garrantzitsuak ebasteko zain. Urteen joan-etorrian, posta bidalketak nabarmen hobetu ziren, lehen oinez edo zaldiz egiten zutena, karroan eta autoan egiten hasi baitziren. Gerora, Urolako trenak bete zuen ardura hori. Hori hala, Correoseko langileek karro bat erabiltzen zuten tren geltokitik kartaz betetako zakuak garraiatzeko.
Postontziak XIX. mende bukaeran hasi ziren jartzen herrietan, eta Azkoitiko postari bulegoa eta postari kutxa 1913an ipini zituzten Plazaberrin, Atanillok etxeak egin baino lehenago zegoen eraikinean. Hango bebarrura sartu eta eskuinera zegoen atetik sartzen zen Correosen lokalera. Herritar asko gogoratuko dira lehoi burua zuen postontzia zegoela bertan. Gero, gaur egun Iturri jatetxeak duen lokalera lekualdatu zen Correos. Postetxea izan baino lehen, Maltiemporen pasteleria izan zen lokala, eta gero, Ibietaren farmazia. Handik, gaur ezagutzen dugun kokalekura, Aizkibel kalera, aldatu zuten egoitza. Azken bi leku horietan, 40 urte inguru igaro dituzte lanean hainbat azkoitiarrek, bai mostradorearen atzean, baita gutunak banatzen ere. Horien artean, aski ezagunak dira Joakin Alberdi Izer eta Juan Miguel bere semea, Julio Muñoz, Juan Alberto Amenabar, Patxi Azpitarte Kanpaxa, Iñaki Arakistain Prailie edo Ina Larrañaga Atxerue.
Nola ez, Azkoitiko posta zerbitzuarekin lotutako pasadizoren bat edo beste ere badago. Esaterako, 1841ean sortutako Dirección de Correos Española erakundeak argitaratutako paper inprimatuetan Azkoitiko herriaren izenak Vizcaya inskripzioa zuen ondoan. Beste bitxikeria 1907an gertatu zen: urte horretan, Azkoitiko agintariek kexa bat aurkeztu zuten Postalgoko Zuzendaritza Nagusian, hark ateratako posta txartelak salatzeko. Dirudienez, garai hartan Azkoitian zeuden agintari atzerakoientzat lizunkeriaz betetako posta txartelak ziren haiek, salaketak honakoa zioelako: "…para que prohíba la circulación de esas tarjetas postales pornográficas e indecentes".
Telegrafoa aurrerapauso handia izan zen komunikazioaren munduan, eta XIX. mendeko hirugarren hamarkadan ezagutzera eman bazen ere, bost hamarkada igaro ziren Azkoitian instalatzeko ideia sortu zen arte. 1888an, Andres Arazola eta Juan Virtus herriko maisuak izan ziren herrian telegrafoa jartzeko proposamena egin zutenak. Planteamendu hura onartu, eta udaletxeko idazkaritza bulegoa aukeratu zutena telegrafo bulegoa jartzeko, baina guztia proiektu baten asmoan geratu zen, udalak dirua falta baitzuen. Udalak telegrafo bulegoa izateko laguntzak eskatu bazituen ere, instituzioen erantzuna ezezkoa izan zen. Azkenean, 1891n, bulego hori laster martxan jarriko zela jakinarazi zuen Granadako Dukeak, hark hala erabakita. Urte horretan bertan, Azkoitiak lehen telegrafo bulegoa izan zuen.
Telegrafista izateko abilezia pixka bat beharrezkoa zen, eta lan horretan aritzeko nahitaezkoak ziren profesionaltasuna, zintzotasuna eta zuhurtasuna, informazio guztia isilik gordetzea derrigorrezkoa baitzen.
Telefonoz hitz egiteko zita
Komunikazioaren benetako iraultza, ordea, Alexandre Graham Bell eskoziarrak asmatutako telefonoa izan zen. Zientzialari hark ahotsa distantzian helaraztea lortu zuen XIX. mendeko azken herenean. 1884an, Parisko Maison Breguet etxeko ordezkaria zen Karlos Orduñak eta Antonio Olorisek Azpeitiko telefonoarekin bat egiteko proposamena egin zioten Azkoitiko udalari. Herrian telefono instalazioa egin ondoren, ordea, arazo bat sortu zen, Azpeitira bitartean zeuden telegrafo posteetan telefono linea jartzeko eskatu ondoren, ezetza jaso baitzuen udalak, horretarako poste berriak jarri beharko zituela jakinaraziz. 1910ean, telefono azpizentral bat ipintzeko eskatu zion udalak aldundiari. Proiektu horrek aurrera egiteko, udaletxearen beheko lokalak aukeratu zituzten, aurrez alondegia bezala erabili zituztenak. Azkenean, Azkoitiko lehen telefono bulegoa izango zenarekin batera, Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintzialaren bulegoa ere bertan kokatu zuten.
Udalak Frantzisko Kuende Unanue aukeratu zuen telefono bulego hartako langile, eta gaur egun komunikabide nagusi gisa ezagutzen dugun telefonoa forma hartzen hasi zen herrian. Baina orduko kontuek ez zuten zerikusirik oraingoekin, telefonoz hitz egin nahi zuena udaletxera joatera behartuta baitzegoen, han zegoelako telefonoa. Bertan konferentzia eskatzen zuten telefonoz hitz egiteko: eguna eta ordua zehazten zizkioten herritarrari, hura berriro hara joan eta hark nahi zuen horrekin telefonoz mintzatu ahal izateko; telefonoaren bestaldean egongo zen beste pertsonari ere abisua pasatu behar izaten zioten, egun eta ordu berean telefonoa zegoen lekura hurbil zedin hura ere, biak komunikatu ahal izateko.
Telefonistek ere beren lanarekin zerikusia zuen guztiarekin sekretu profesionala gorde beharra zuten, abonatuen arteko elkarrizketak entzuteko aukera zutelako. Urte askoan ezagutu zen Azkoitiko telefono zentrala, baina telefonoa automatizatzen joan zen heinean, eskuzko zentralak desagertu ziren, eta horiekin batera, telefonistak.
Bestalde, XX. mendeko lehen hamarkadetan, Azkoitira zortzi egunkari heltzen ziren gutxienez, eta El Pueblo vasco zen gehien irakurtzen zena. Bilbon argitaratzen zen, eta pentsamolde monarkiko eta kontserbadorea zuen –1936ko estatu kolpea ere babestu zuen–. 1938an El Correo Español egunkariarekin bat egin eta, El Correo Español-El Pueblo Vasco izena hartu zuen. Orduko beste egunkari batzuk honakoak ziren: La Voz de España, La Constancia, El Diario Vasco, El Día, La Voz de Guipuzcoa, Euzkadi, El Correo del Norte eta La Gaceta del Norte. Aldizkariei dagokienez, kirol arlokoak ziren gehienak: Campeón eta Aire Libre. Beste aldizkari ezagunenak hauek ziren: Semanario Católico, Zeruko Argia, Mundo Gráfico eta Blanco y Negro.