Atzera begira

Urolako tren kutuna

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Alberdi 2024ko urt. 11a, 09:41

Azkoitiko geltoki ingurua, Urolako trenaren inaugurazio egunean.

Kepa Alberdik abenduko Maxixatzen aldizkariko Atzera begira atalerako egindako kolaborazio lana da honako hau: Urolako tren kutuna.

Urolako trena Zumarraga eta Zumaia udalerriak Urola ibaiaren haranean barrena lotzen zituen burdinbidea izan zen. Zumaian, Ferrocarriles Vascongados konpainiarekin egiten zen lotura baten bidez Donostiara eta Bilbora joateko aukera ematen zuen trenak, eta Zumarragako geltokiak Madrilera eta Bartzelonara joateko aukera eskaintzen zuen, Norteko Trenarekin egiten zuen loturaren bidez.

Trenbidea eraiki aurretik, Azkoitia isolatuta zegoen, eta azkoitiar gehienen mundua ez zen beren etxe, baserri, eliza eta inguruko mendiak baino askoz harantzago iristen. Garai hartan, abarketaren eta txapelaren industriak, besteak beste, indar handia hartzen ari ziren Azkoitian, eta bertako lantokietan erabiltzen ziren produktuak garraiatzeko arazo handiak zituztenez, aurrerapen ikaragarria izan zen trena Azkoitira iritsi izana. Izan ere, ordura arte, Azkoitiko lantegietako garraio guztiak idiek eta zaldiek tiratutako gurdien bitartez egiten ziren. Herritarren bidaietarako diligentzia erabiltzen zuten, baina horiek soilik sei lagunentzako lekua izateaz gain, oso motelak eta deserosoak ziren. Beraz, nahitaez, Azkoitiak eta bailarako beste herriek garraio moderno bat behar zuten, hain azkar hazten ari zen industriako merkantziak garraiatzeko eta bertako bizilagunek erraz bidaiatzeko. Hori horrela, Urola ibaiak zeharkatzen dituen herrien garapenari laguntzeko asmoarekin jaio zen Urolako trena.

Urola bailarako alkate guztiek dokumentu bat sinatu zuten trenaren defentsan

1882an hasi ziren Urola bailarako herrietan bilerak egiten, Azkoitia eta Zumaia bitartean egin nahi zuten trenbideari buruz lehen urratsak eginez. Gerora erabaki zuten trenbidea Zumarragatik Zumaiara bitartean egitea. Trenbidearen eraikuntza behin eta berriz atzeratu zuten, Urola bailarako lur bihurrietan eraikitzeko zailtasun handiak proiektuaren aurrekontua izugarri igotzen baitzuen. Hainbat proiektu aurkeztu zituzten, eta mendearen hasieran Dionisio Soroetarenak hartu zuen indar gehien. Proiektu hartan, honela hasten zen trenaren ibilbidearen memoria: "Trenaren linea Azkoitiko plazatik abiatzen da, herri horretako Kale Nagusi osoari jarraituz, eta irteeran Urola ibaia zeharkatzen du Miserikordia deitzen dioten zubitik, ibaiaren eskuineko aldea hartuz. 600 metrora, ibaia bera igarotzen du berriro Juingo zubitik, bere ezkerreko ertza hartuz". Hori horrela, herriaren erdi-erditik pasatu ondoren, Intsausti jauregiaren ondoan dagoen Sancti Spiritus kapera ere botatzea aurreikusten zuten, herriaren ondareari izugarrizko kaltea eginez. Eskerrak geroago beste proiektu batzuk egon ziren, gaur egun ezin baitugu imajinatu tren geltokia plazan bertan kokatzea eta trena herriaren erdigunetik ibiltzea. 1920koa izan zen behin betiko proiektua, eta Gipuzkoako Foru Aldundia izan zen proiektua martxan jarri zuena. 1923an herriko tren geltokia non kokatu behar zen erabakitzen ari zen Azkoitiko Udala, eta kontu horrekin dezenteko desadostasunak izan zituen aldundiarekin. Azkenean, udalak eta herriak nahi zuten lekuan eraiki zuten, eta ordukoa da parrokia aurretik bertaraino egindako bidea.

Urolako trenbidearen eraikuntza lanen lehenengo harria 1921eko ekainaren 27an jarri zuten. Handik aurrerako lanak oso gogorrak izan ziren, batez ere, Urretxutik Azkoitira zihoan tarte horretan, kontuan hartuta zer-nolako tunel eta zubiak eraiki behar izan zituzten. Azkenean, 1926ko otsailaren 2an inauguratu zuten Urolako trena, Espainiako Estatu osoan lehen linea elektrikoa izan zuena. Espainiako errege Alfontso XIII.a eta inguruko agintariak ere egon ziren inaugurazioan. Egun hartan, tren berezi bat antolatu zuten Zumarragatik Donostiarainoko ibilbidea egiteko. Azkoitian harrera paregabea egin zioten tren berezi hari, eta hango orfeoiak martxa militarra abestu zuen Jose Otaño apaizaren gidaritzapean. Azkoitiko lantokietako sirenek ere jotzeari utzi zioten orfeoiko ahotsak hobeto entzun ahal izateko. Egun horretako ekitaldi nagusia Azpeitian ospatzekoa zenez, Azkoitian bildu ziren kazetariek Azpeitian zer gertatuko zen galdetzen zioten beren buruari, Azkoitiko ongietorria gaindiezina zela eta.

Txalon Erreka eta Martirietara joateko bidean etxetxoa, trenaren pasabidea zaintzeko.

Urolako trenak 70 minutu inguru behar izaten zituen trenbideak zituen 34,40 kilometroak egiteko. Ibilbide horretan, 29 tunel eta 20 zubi eraiki zituzten. Bestalde, trenak 15 geltoki eta geraleku zituen. Geltokiak Ramon Kortazar arkitekto ospetsuak diseinatu zituen, eta elkarren artean desberdinak izan arren, guztiak Euskal Herriko etxeen estiloari jarraituz eraiki zituzten. Azkoitiko geltokiaren lehen solairuan zerbitzuko egoitzak zeuden, eta goiko beste bi solairuetan langileen etxebizitzak. Bestalde, Azkoitian, geltokiaz aparte, Agiñeta, Olotzaga eta San Juan bainuetxeko geralekuak eraiki zituzten. Azken geraleku horretan, udan baino ez zen geratzen trena, eta 1950eko hamarkadatik aurrera geraleku hori zerbitzutik kanpo geratu zen. Bestalde, Martirieta, Ormola eta Etxaosta auzoetako biztanleak 1926tik ari ziren Olatzagan geralekua eskatzen, eta azkenean, obrak auzokoek beraiek ordaindu zituzten 1951ean eraikina egin ahal izateko.

Urolako Trenbideak etxetxoak eraiki zituen, trenbide eta obretako zerbitzuetako brigada bakoitzarentzat bat. Guztira zazpi etxetxo ziren eta brigada bakoitzeko langileburuak bertan zuen etxebizitza. Etxetxo horietako gehienak oinezkoentzako pasabideen ondoan zeuden, langileburuaren emaztea oinezkoentzako pasabidearen zaindari izan zedin. Martirietara eta Kukuerrira zihoan oinezkoentzako pasabidearen ondoan ere bazen lan horretarako eraikitako etxetxoa, Txalon Errekara eramaten duen bidegurutzean, hain zuzen ere. Badira urte batzuk etxetxo hura eraitsi zutela, baina herritar asko gogoratuko dira kate baten bitartez ixten zutela ondoan zegoen pasabidea.

Urolako Trenak, beste zerbitzu batzuen artean, industriarako zerbitzua eskaintzen zuen, eta horietan zaharrena Azkoitiko geltokitik Julio Urkixo kalearen inguruan zegoen Alberdi y Compañia ehungintza lantegiraino heltzen zen trenbidea zen. Bide horretako errailak errepidean bertan sartuta zeuden, eta 70eko hamarkadan oraindik ere bistakoak ziren Guardia kalean. Hasiera batean, idi uztarriak tiraturik mugitzen ziren bertatik ibiltzen ziren bagoiak. Ondoren, kamioi zahar bat erabili zuten zeregin horretarako. Beste adar bat ere eraiki zuten Azkoitiko Forjas de Zubillaga enpresari zerbitzua eskaintzeko, baina dirudienez, instalazio hark ez zituen betetzen baimenean adierazten ziren preskripzio guztiak, eta azkenean, trenbide adar hura martxan jartzeko asmoa baztertu egin zuten.

Gorabehera askoko zerbitzua

Trenak gorabehera asko izan zituen zerbitzua eskaini zuen urteetan. Azkoitian ere gertakari bat edo beste izan zuen: esaterako, Azkoitia eta Aizpurutxo arteko errepide gainean zegoen zubiaren zati bat bota zuen zama altuegia zeraman kamioi batek. 1979ko abenduaren 28an gertatu zen istripua, eta zubiaren egitura oso kaltetuta geratu zenez, berria eraiki behar izan zuten. Lau hilabetera muntatu zuten zubi berria, eta bitarte horretan, Zumarraga eta Azkoitia arteko bidea autobusez egin behar izan zuten bidaiariek.

Bailarako biztanleek, oro har, Zumaiako hondartzetara egiten zituzten bidaiekin lotzen dute Urolako trena. Badira horrekin lotutako aparteko gertaera bitxiak, esaterako, Zumarragan urteak iraun zuen ohitura bat. Jendeak hondartzara bidaiatzeko gogo handia zuenez, Zumarragako alkate eta botikari izandako gizon filantropo batek udan bidaia kolektiboak oso prezio baxuan antolatzeko ekimena izan zuen Urolako trenarekin elkarlanean, bereziki, Zumarragako haurrak Zumaiako hondartzetara joan ahal zitezen. Eguraldiaren segurtasun ezak eraginda, agintariek erabaki bat hartu zuten bidaiak antolatzerakoan: egun guztian eguraldi ona izango zela aurreikusten zenean, suziri zaratatsu bat botatzen zuten goizeko hamaikak eta erdietan, kostaldera egingo zen bidaia kolektiboa iragarriz. Trena, eguerdiko ordu batean ateratzen zen.

Badira beste gertaera kurioso asko ere: adibidez, 1936ko gerrari eta gerraondorenari loturikoak. Esaterako, Elgetako mendietan Intxortako gudarien aurka tropa faxistek nola erasotzen zuten ikusteko, tren bereziak antolatu zituzten Azpeititik Aizpurutxora. Modu horretan, bidaiariek, Aizpurutxotik Elosura igo, eta handik ikusten zituzten Elgeta gaineko mendietako liskarrak eta bonbaz egindako erasoak. Hortik aparte, gerra haren ondorioak gogor eragin zuen Urolako trenaren ohiko funtzionamenduan, eta trenbidean lanean ziharduen lantaldea guztiz murriztuta geratu zen. Egokitze hartan, Urretxu, Aizpurutxo, Loiola, Lasao, Iraeta eta Arroako geltokiak itxi egin zituzten, eta 60ko hamarkada hasieran berreskuratu zuten berriro ere geltoki horien zerbitzua. Bestalde, gerra garaian, Urola trenean erabiltzen ziren txartelak gaztelaniaz idatzita zeuden alde batean, eta bestean, euskaraz. 1938an Burdinsarearen Zerbitzu Militarraren Teniente Koronelak horren berri jakin zuenean, trenaren zuzendaria bere lanpostutik botatzea erabaki zuen, eta aipatutako txartelak saltzea ere debekatu egin zuen, txartel ofizialetan euskara erabiltzea lege hauste larria zelako.

Azkoitiko geltokitik Alberdi y Compañia lantegira heltzen zen trenbidea, Guardia kalean.

80ko hamarkadan, Eusko Jaurlaritza Urolako trenari halako irtenbide batzuk bilatzen hasi zen, tren haren errentagarritasuna eta bideragarritasuna zalantzan ikusten baitzituen. Eusko Jaurlaritzak Sener txostena kaleratu zuen, eta bertan, hainbat aukera aurreikusten zituzten: ibilbidea zuzendu eta material ibiltaria berritzeko inbertsio berriak egitea edo linea itxi eta autobusak ordezkatzea. Bestalde, txosten hark zioen trena bideragarria eta errentagarria izan zitekeela Azkoitia eta Zumaia arteko tartean, inbertsio aproposak egin ondoren. Azkenean, 1986an, Eusko Jaurlaritzak Urolako trenaren zerbitzua eten zuen, trenbideak, instalazioak eta material ibiltaria berritu behar zirela argudiatuz, horietan ez baitzen askorik inbertitu trenaren inauguraziotik. Etenaldi hura zerbitzua berriz martxan jartzeko data zehatzik gabe egin zuten, eta ordezkapen modura autobus linea bat jarri zuten. Horrela, 1986ko uztailaren 4a izan zen tren linea haren amaiera eguna; azken trenak egun hartan atera ziren: 20:09an, Azpeititik Zumaiara eta, 21:10ean, Azpeititik Azkoitira.

1988ko hasieran, trenaren aldeko hainbat manifestazio egin zituzten bailarako herrietan. Horietako bat Zumarragan egin zuten eskualdeko alkateek deituta, eta 7.000 pertsonak parte hartu zuten. Urte horretako urtarrilean, Urola bailarako alkate guztiek dokumentu bat sinatu zuten trenaren defentsan, eta bailarako 9.000 jubilatuk ere beren izena eman zuten aldarri berarekin, tren hura guztiz beharrezkoa eta ordezkaezina zela adieraziz. Inazio Galdona Urola treneko langileak ere, itxieraren aurkako protesta gogorra egin zuen, hilabeteko oporrak hartu eta hilabete oso horretan Urretxuko udaletxean sartuta egon baitzen gose greban. Mobilizazio, sinadura biltze eta bestelako ekintza haiek ez zituzten agintariak ideiaz aldarazi, eta azkenean, 1998ko otsailaren 2an, Eusko Jaurlaritzak trenbidearen behin betiko itxiera agindu zuen, 60 urtez martxan egon ondoren.

Azkoitiko paisaiaren beste zati bat izan zen Urolako trena, eta hura desagertu zenetik hamarkada batzuk pasatu badira ere, hainbatetan beren begien aurretik pasatzen ikusi zutenek zein Zumaiako hondartzetara eta ondoko herrietara tren horretan joan zirenek oroiminez gogoratuko dute hura.

(Argazkiak: Arroitajauregi eta utzitakoak).

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide