Aurtengo uztailean, 500 urte betetzen dira Espainiako konkistaren aurka Nafarroako erresistentziaren ikurra bihurtu den Amaiurko gaztelua Espainiako indarrek setiatu eta suntsitu zutenetik. Azken azterketek diote Amaiurko gazteluan ehun bat pertsona gotortu zirela, haien artetik zazpi jauntxoak zirela, eta besteak, kapareak eta oinezko soldaduak, erasotzaileen ejertzito espainiarra 5.000-6.000 gizonek osatzen zuten bitartean. Gazteluan gotortu ziren gudari adoretsu haien buru Jaime Belaz de Medrano kapitain trebatua zegoen, eta han zeuden, halaber, San Frantziskoren anaietako bat, Migel Xabierkoa, bai eta Viktor eta Luis Maulekoak ere. Gazteluan gotortutakoek, erabat inguratuta, isolatuta eta kanpotik laguntza jasotzeko inolako aukerarik gabe, ahal zuten neurrian eutsi zioten etsaiaren nagusitasun izugarriari. Azkenean, 1522ko uztailaren 19an, gazteluko hormak hondakinetara murriztuta eta erasotzaileak denbora gehiagoz geldiarazteko itxaropena galduta, Jaime Belaz de Medranok gaztelua errenditu zion Espainiako erregeordeari, bertakoen bizitzak errespetatzearen truke.
Horrelako historia epikorik ez badu ere, eta hain ezaguna ere ez izan arren, gogora ekarri behar dugu, Azkoitia eta Bergara arteko mugan, garai batean Nafarroako Erresumaren parte izan zen beste gaztelu baten hondakinak ditugula. Gaztelu horren aztarnak Elosuan aurkitzen dira, eta bere benetako historia argitara emango duen dokumentazio gutxi dagoen arren, altxor bat dela esan daiteke, Gipuzkoan antzinako Nafarroako Erresumakoak izan ziren gazteluen aztarna bakanetakoa baita.
Elosua Azkoitiaren eta Bergararen artean banatzen da. Bien arteko muga-lerroak auzoaren erdigunea zeharkatzen du (Bergarako V eta Azkoitiko A letrak dituen lau angeluko mugarria auzo berean ikus daiteke, elizaren ondoan). Elosuko hilerriaren atzean, justu Azkoitiko eta Bergarako banalerroan, baina bigarrenaren jurisdikzioan, Iriaun gazteluaren hondakinak daude. Gaztelua zegoen muino hori Gaztelu izenez ere ezaguna da, elosuarrek horrela deitzen baitiote. Gauza asko kontatu da gaztelu horri buruz, baina beste gai anitzekin gertatzen den moduan, kondairarekin eta errealitatearekin batera istorio eta kontu bitxiak nahasten dira gazteluari buruzko kontakizunetan.
Antzina, Irixaun izenez ezagutzen zen egungo Elosua. Antza denez, Elosuko lehen eraikina, Nafarroako erregeak XI. mendean eraikiarazi zuen Iriaun oinetxea da, eta bertako San Andres parrokiako agiririk zaharrenetan, Iriaungo San Andres eliza agertzen da behin eta berriz. Gazteluaren antzinatasuna ez dago batere argi. Dena den, XVI. mendean, Esteban Garibai entzute handiko historialariak zioen XII.-XIII. mendeetan gaztelua hor izango zela; 1566. urtean, "cuyas ruinas se ven todavía" idatzi zuen Garibaik, Iriaun gazteluari aipua eginez.
Nafarroako Erreinuak gaztelauen eraso etengabeak jasaten zituela eta, 1179an, Antso Jakintsua errege nafarrak eta Alfonso VIII.a Gaztelako erregeak bake-itun bat sinatu zuten, bi erreinuen arteko muga berriak zehaztuz. Muga haiek defendatzeko, lurralde antolaketa berria marraztu zuen errege nafarrak, hala nola, Gasteizko hiria eta Aitzorrotzeko tenentzia sortuz. Eremu berri horretan hainbat gaztelu zeuden eta hor kokatuko zen Iriaun gaztelua, Arrasateko Santa Barbara eta Eskoriatzako Aitzorrotz gazteluekin batera, Nafarroako domeinuen mendebaldea mugatuz. Hori horrela, gaian adituak direnek Iriaun gazteluaren defentsa-izaera albora uzten badute ere oro har, Nafarroako Erresumaren Gipuzkoako lurraldean zegoen Aitzorrotzeko tenentzia barruko defentsa-sarearen zati erabakigarria zela ere esaten da. Dena den, Iriaungo gaztelu hau Gipuzkoako ezezagunena izanik, ez dago argi zer funtzio izan zuen bere garaian, Azkoitia eta Bergara artean ez baitzen aparteko zaintzarik eskatzen zuen muga garrantzitsurik. Horrela, defentsarako helburua baztertuz, pentsatzen da, Gasteiztik itsasora iristeko bideetako bat Elosutik pasatzen zenez, kanpoko etsaiak geldiaraztea baino gehiago, merkataritza bide hori gaizkile eta lapurrengandik babestea eta joan-etorriak kontrolatzea izango zela Iriaun gazteluaren jarduera nagusia.
Bergara eta Azkoitia herriak kokatzen diren Deba eta Urola bailaren arteko lotura garrantzitsuena Elosuko gaina izanik, Azkoitiak oso harreman estua izan zuen, bere garaian ere, Iriaun gazteluarekin. Izan ere, Alfonso XI.a Gaztela eta Leongo erregeak 1324an Azkoitia hiribildu gisa sortzea ahalbidetu zuen hiri-gutunean Arrasate eta Getaria artean batera zein bestera zihoazen bidaiari eta garraioak Azkoititik pasatzera behartzen zituen agindua ematen zuen, eta Elosutik igaro behar horretarako: "Et otrosí tengo por bien e mando que los camineros / que fueren de Guetaria a Mondragón e de Mondragón a Guetaria que vayan e vengan por esta villa que dizen de Sant Martín de / Yraurrgui et non por otro logar ninguno, so pena de cient maravedís de la moneda nueva a cada uno por cada vegada que fuere / por otro logar…".
Gaztelu hau noiz izan zen eraitsia ez dago oso argi, baina Jose Ignazio Lasa frantziskotarrak zioenez, Enrike IV.a errege gaztelarrak eman zuen, 1457an, gaztelua suntsitzeko agindua, "para pacificar el país, perturbado por los bandos Oñacino y Gamboino". Hori horrela, elosuarrak zuzen ibiliko dira, mendeetako tradizioari eutsiz, San Andres parrokia Iriaun gazteluko harriekin egin zutela esaten dutenean, hori horrela dela adierazten duen 1468ko dokumentu bat ere badelarik. Horretaz gain, Elosuko herritarrek esaten dutenez, gazteluaren harri haiek Bergarako eta Azkoitiko bailaren arteko galtzada eraikitzeko ere erabili ziren. Galtzada hori gazteluaren ondotik zihoan, oraindik nabaria den bezala, eta arrazoibide handia du herritarren usteak, 1568an Gipuzkoako Batzar Nagusiek Bergarako eta Azkoitiko alkateak behartu baizituzten iraileko sanmigelak baino lehen Elosuko bidea konpontzera eta harriztatzera, agindu hori bete ezean espetxeratze mehatxua zela tarteko. Bestalde, gaiari jarraituz, duela hamarkada batzuk, XX. mende erdian, gaztelua zen arkaitzaren zati bat dinamitatu zuten, Bergara eta Azkoitia arteko errepidea egiteko behar zen harria ateratzeko.
Iriaun gaztelutik geratzen diren aztarnak. (Kepa Alberdi)
Gazteluaren hondakinek bere horretan diraute oraindik. Gaur egun ez dago gazteluak zituen harresien arrastorik, baina bai hura non zegoen adierazten duten aztarna urriak, hala nola zutabeak sartzeko zulo borobilak, itxituretarako harkaitzean zizelkatutako hutsuneak, harrizko lerro batzuk eta zangak. Gazteluaren barrutia 26 metro luze eta 10 metro zabal da, eta 7 metroko altuera du. Gazteluak, topografia ondo aprobetxatuz, bi egitura nagusi izango zituen: dorrea egongo litzatekeen gune altu bat haitz gainean, eta eremu harresitu zabalago bat azpian. Bertan egindako miaketetan, garai hartan egurrezko egituretan ohikoak ziren egosizko argamasa zatiak aurkitu zituzten, eta hori horrela, agerian geratu da gazteluak egurrezko egitura izango zuela. Are gehiago, miaketetan ibili ziren teknikoek zioten gazteluko harresia inguratuz babes funtzioa betetzen zuen babes-erretena edo zulo luzea ere aurkitzea espero dutela.
Gaur egun, jabetza pribatua du gaztelua kokatzen zen lur eremuak. Bertan dagoen eraikina altxatzearekin batera, gaztelu zaharraren azken hondarrak suntsitu zituzten. Baina 1997ko irailaren 11n, gazteluaren inguruneari Balizko Arkeologia Gune aitortza eman zitzaion, ate bat irekiz etorkizunean gaztelu honi buruz informazio gehiago aurkitzeko aukerari.